Gure lurraren historia mapetatik sarera

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Maria Luisa Palaques irakasleak zuzentzen duen ikertaldeak sei urteko lanaren emaitza argitaratu berri du: ‘Euskadiko Kartografia Historikoaren Inbentario Digitala’ lana. Bertan, 1900. urtean baino arinago egindako mapa orokorrak, mapa nautikoak eta kartografia militarra jaso dira, guztira, 3.391 mapa eta plano.

batalla-de-vitoria
Irudia: Gasteizko Batailaren mapa, Chateau de Vincennes agiritegitik eskuratua.

2014. urtean lehen urratsa eman zuten Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Geomatika eta Topografia Ingeniaritzako irakasleek. Arabako kartografia historikoaren inbentario digitala osatu ondoren 1605. eta 1900. urteen arteko 413 mapa eta planoei buruzko informazioa bildu, digitalizatu eta ezagutzera eman zuten. Besteak beste, Frantziako defentsa ministerioko Chateau de Vincennes artxiboaren fondoetatik Gasteizko Batailaren mapak eskuratu zituzten. Mapa hauek frantziar armadaren menpe gelditu ziren guda ostean eta 2014. urtera arte ez dira inoiz argitaratu. Aipatutako lanari esker Arabako kartografia historikoa ezagutzeko aukera garrantzitsu bat ahalbidetu zen.

Bi urte beranduago 1900. urtea baino lehenagoko 3.391 mapa eta plano bildu dituzte, nazioko eta nazioarteko artxibo eta biblioteketan aurkitutakoak. Euskal Herriko lurralde osoa edo haren zati bat jasotzen dituzten mapak dira eta askotariko helburuak betetzen dituzten dokumentuak dira: notario protokoloak, ingeniaritza zibilak, hiri plangintzak, ibilbideak, eskora egiturak eta beste arlo batzuk biltzen dituzten dokumentuak.

Ikerketa-taldeak ezinbestekoa izan du artxiboetako arduradunen laguntza ikerketa garatzeko. Maria Luisa Palanques ikertzailearen esanetan “kontsultatutako 76 artxiboetako teknikarien ezin eskertuzko lankidetza eta sostengua izan dugu, haiek gabe ezinezkoa izango baitzatekeen ikerketa hau gauzatzea”.

‘Euskadiko Kartografia Historikoaren Inbentario Digitala’ proiektuaren bidez Euskal Herriko Unibertsitateak ikertzaileen eta, oro har, gizartearen esku jarri nahi du dokumentuak ezagutzea ahalbidetuko duen tresna. Horretarako, mapa bakoitza xehetasunez deskribatu da fitxa batean. Bestalde, fitxa horretan beste alderdi hauek ere aipatzen dira: mapa hori aurkitzeko artxiboa(k), funtsa eta irakasgaia, kontsultatzeko erabil daitekeen webgunea halakorik bada, eta bibliografia erreferentziak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Euskadiko Kartografia Historikoaren Inbentario Digitala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.