Hotza
Hainbat ikertzaileren arreta jaso du hartzen lozorroak azken urteotan, negua igarotzeko modu berezi hori antzinatik ezaguna bada ere. Arrazoia? Aldi horretan gertatzen diren hainbat prozesuren etenaldi itzulgarrien oinarrian dauden mekanismoen ezagutzak, gizakiaren organoen preserbaziorako, hibernatzeko ahalmena garatzeko, iraupen luzeko espazio-bidaietarako prestatzeko eta zenbait gaixotasuni aurre egiteko aurrerapauso galantak egiteko aukera emango lukeelako.
Izan ere, lozorroan zehar ez dute ezertxo ere jaten hartzek, eta beraz, apala bada ere, sasoi horretan duten gastu metabolikoa oso osorik hornitu behar dute aurretiaz pilatutako erreserbak errez lortutako energiarekin. Baraurik mantentzen direnez, udazkenean zehar modu nabarian gizentzen dira hartzak, batez ere karbohidratoetan aberatsak diren jakien ingestioa emendatuz. Aurretiaz metatutako erreserba horiek lozorroan zehar erabiltzen dituztenean, baina, ez dute masa muskularrik galtzen. Gizakiaren kasuan baraurik egoteak badakigu zer nolako osasun-arazoak sortzen dituen epe ertainean, eta muskulu-masa galtzea oso ohikoa izaten da. Gainera, urik edan gabe oreka hidrikoan mantentzen dira hartzak, ez dira deshidratatzen. Egia da ez dutela gernurik ekoizten, baina horixe bera ere harrigarria da, urearen kontzentrazioaren emendioak arazorik ez sorraraztea, eragin toxikorik ez egotea aipagarria da, eta horren oinarrian dagoen mekanismoa ezagutzeak giltzurruneko disfuntzioek eragindako kalteak saihesteko oso baliagarria izango litzateke; hartzek moldaeraren bat izan behar dute ureak duen nitrogenoa proteina berrien sintesirako bidean berriro erabiltzea ahalbidetzen diena.
Beste kontu interesgarri bat kolesterol maila izugarri altuek eragin kaltegarririk ez eragitea da. Lozorroan zehar metatutako gantzetatik lortzen dutenez behar duten energia, kolesterol maila izugarri altuak izaten dituzte hartzek, baina hiperkolesterolemia horrek ez die funtzio arteriala eragozten, eta ez zaie behazun-harririk sortzen. Ikerketek frogatu dutenez, lozorro aldian zehar hartzek ekoizten duten behazunak gizakian agertzen diren behazun-harriak desegiteko gaitasuna dauka. Izan ere, hartzen behazuna antzinatik izan da erabilia Asian, (Txinan eta Korean batez ere) medikuntza tradizionalean. Horren osasun-balio handia izateak eragin izan du neurri handi baten Asiako hartzen gehiegizko ehiza, desagertzeko arriskuan dagoen espeziea bihurtuz. Hazi ere hazten dituzte hartzak Txinan eta Korean, baina haztegietako hartzen behazun-gatzek ez omen dute cholyl-taurina izeneko osagai bat, hartz basatienek badutena, behazunari ezaugarri onuragarrienenak ematen dizkiona.
Badago hartzen lozorroarekin zerikusia duen beste misterio bat gizakiarentzat interes handikoa dena: animalia hauek 3 edo 4 hilabete egon daitezke apenas mugitu barik, eta ez dute hezur-masarik galtzen, ez zaie hezurdura ahultzen. 2009ko uztailean Journal of Biomechanics aldizkarian argitaratutako lan batek ezagutzera eman duenez, Ursus americanus hartzaren kasuan 6 hilabeteko lozorroan hezurrak erabili gabe egon ondoren ere, femur hezurren geometria, indarra eta mineralizazio-maila ez zen modu esanguratsuan jaitsi. Ikertzaileen esanetan, emaitza horiek zera adierazten dute: hartzek ba omen dute mekanismo biologikoren bat erabiltze-ezaren menpeko eta adinaren eraginpeko osteoporosia saihesteko. Ez dago esan beharrik mekanismo hori zein den ezagutzea sekulako aurkikuntza biomedikoa izango litzatekeela.
Dudarik gabe, badugu oraindik hartzengandik zer ikasi!
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.