Asteon zientzia begi-bistan #119

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Uxue Razkin

zientzia-begi-bistan-119

Osasuna

Aldakako eta eskumuturreko hausturek adineko pertsonetan zer eragin duten neurtzeko asmoz etorkizuneko azterketa bat egin dute UPV/EHUko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa saileko ikertzaileek. Ikerketaren arabera, adineko pazienteen suspertze funtzionala ez da hausturaren ezaugarrien oso mendekoa, haien egoera fisiko eta sozialarekin lotura handiagoa du. Faktore askok eragiten dute haustura baten ondorioz gaitasun funtzionala mugatuta gelditzea. Adibidez, aldakako eta eskumuturreko hausturetan, eragina handiagoa da adinez zaharragoak diren gaixoetan, gaixotasun gehiago dituztenetan, eta hezkuntza-maila txikiago eta babes-sare sozial txikiagoa duteengan. Azaltzen dutenez: “Menpekotasunean eragiten duena da pertsona horrek haustura izan zuenean zer-nolako egoera zuen”. Interesgarria benetan azterketa-gaia. Ez galdu!

Glutenik gabeko dieta indarrean dago. Argaltzeko egiten dituzte askok; zehazki, %25ek. Hala ere, ez dago frogatuta mota horretako dietek argaltzen dutenik; are gehiago, ez da baieztatu glutena duten dietak baino osasungarriagoak direnik. «Ez da egiaztatu glutena kentzeak onurak ekartzen dituenik, ez bada glutenarekiko intolerantea zarela», azaldu du Alazne Agirrezabalaga Beristain dietista eta nutrizionistak. Dietan hartzen diren elikagai motetan dago argaltzearen koska, ez glutenean. «Gailetak, opilak… Horiek kentzen diren momentutik hobetuko da osasuna, ez glutenagatik, baizik eta opil horiek duten azukre eta gantz kantitatearengatik», gehitu du. Sare sozialek lagundu dute glutenik gabeko produktuak zabaltzen. Horren harira Estrella Petrina medikuak badu zer esana: “Inolako oinarririk gabe ematen dira gomendioak, eta inolako oinarri zientifikorik ez duten dietak zabaldu dira sare sozialen bidez”.

Paleontologia

Duela 170 milioi urte bizi izan zen itsas narrasti baten fosila aurkeztu dute. Lau metroko eskeletoa da. Haren itxura berreraikitzeko egin duten irudiak erakusten digu buru zorrotza zeukala eta kono formako ehunka hortz zituela, oso egokiak arrainak eta txibiak irensteko. Iktiosauroen familiako alea da. Eskoziako Skye irlan aurkitu zuten. Storr Lakuetako Munstroa izena jarri diote. Harrigarria dena da fosila 1966an aurkitu zutela baina ezin izan dutela ikertu. Zergatia hemen: Fikzioa gainditzen duen benetako munstroa.

Biologia

“Ugalketa lagundua”ren garrantzia azpimarratzen da honetan. Ugalketa mota honi esker, haurrek sortu dituzte lehen antzutzat jota adopzioaren aukera bakarra zuten hiritar askok. Ugalkortasun arazoak ugari dira. Horregatik, ikertzaile talde asko ari dira zelula eta molekula mailan, gametoen patologiak ulertu nahirik. Jakina, giza zeluletan ikertzeak arazo etiko bat darama bere baitan, eta ordezko metodologia-estrategia batzuk garatzen ari dira. Alde peluzidoa izeneko zonaldeko proteinak artifizialki sintetizatzen ari dira obulu itxurako esfera bati eransteko. Azalpenak dioenez, esfera nikelezkoa da eta nukleo metaliko bat dauka. Horrela, zenbait obulu-eredu desberdin lortzen ari dira, proteinak zenbait eratara konbina daitezkeelako. Beste adibide bat eredu badugu metodologia berri bati esker: hiru dimentsioko matrizeak eratzen ari dira.

Astrofisika

1962ko uztailaren 22an Mariner 1 espazio-ontziak Artizarra zuen jomuga. 18,5 milioi dolarreko (egungo 500-600 milioi) proiektua zen baina hegaldiak 294,5 segundo iraun zuen. NASAko arduradunek ontzia suntsitzea erabaki zuten, suziriak ez zielako behar bezala erantzuten lurreko sistemen aginduei. Porrotaren azalpena: marratxo bat falta zen. Hori izan zen hiru txostenetan agertu zena. Arthur C. Clarke zientzia fikzioko idazleak “historiako marratxorik garestiena” zela esan zuen.

Irailaren 2an Rosetta zundak Philae modulua topatu zuen 67P kometaren azalean. Rosetta 2,7 kim-ko distantziara zegoen kometatik. Rosetta misioak irailaren 30ean amaiera izango du. OSIRIS kamerari esker lortutako irudiak garrantzia handia dute. Izan ere, ingeniariek ulertu dute zergatik ez zuten lortzen Rosetta eta Philaeren arteko komunikazioa ezartzea: Philaeren orientazioak eragozten zuen.

Zientziaren historia

Abraham Flexnerren inguruan aritu da Ana Riberan honetan. Haren bizitza ez da ezaguna gehienontzat, horregatik gerturatu digu pieza interesgarri hau. Flexnerrek zientzia-jarduerarako beharrezko ziren baliabideak eskaini zizkien Albert Einstein bezalako europar zientzialari batzuei, adibidez. ‘Flexner Txostena’ plazaratu zuen Amerikako Estatu Batuetako eta Kanadako 155 fakultate eta irakaskuntza-gune aztertu ostean. Medikuntzaren irakaskuntza-sistemari iraultza ekarri zion. Labur kontatzen da artikuluan gogor egin zuela medikuntza-sistemen aurka. Bere ustez, sistema hauek erabiltzen dira horrela ikasle asko bideratu daitezkeelako diru-baliabide gutxi erabilita, eta gainera irakasleari ikerkuntzarako astia utzita. Ikerkuntzak baliabideak lapurtzen zizkion irakaskuntzari bere aburuz.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.