Ura
Aurreko bi ataletan azaldu ditugu ur gezetako arrainek (“Ura, bizitzarako ezinbestekoa”) eta itsas arrainek (“Itsasoan urak handi dira”) urarekin eta gatzekin dituzten arazoak. Izokinak arazo berberak ditu, eta bietakoak gainera: orain batzuk eta gero besteak. Meritu handiagoa, beraz, izokinarena!
Izokinak ibaietan ateratzen dira arrautzetatik eta ibaietan ematen dituzte beren bizi-zikloaren lehen aldiak. Gero, bidaiarako prestatu ostean, itsasora joaten dira, eta han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera[1]. Jaio ondoren ur gezatan bizi diren aldi horretan, “parr” izena ematen zaie izokinei. Izokin gazteek, hortaz, ur-sarrera saihestu behar dute eta gatzen galeraren aurka borrokatu behar dute, beste ur gezetako arrainek bezala. Baina kontuak aldatu egiten dira itsasora doazenean, itsasoko uraren gatzen kontzentrazioa oso altua baita, izokinaren barne-fluidoena baino askoz ere altuagoa.
Hori dela eta, uraren eta gatzen balantzeari dagozkion lanak aldatu egin behar dituzte izokin gazteek itsasoratu orduko. Hortaz, ura ez edatetik ura edatera, kontzentrazio apaleko gernu asko ekoiztetik kontzentrazio altuko gernu gutxi ekoiztera eta ―deigarriena dena― brankien bitartez gatzak eskuratzetik gune beretik gatzak kanporatzera igaro behar dute. Edatearen kontua erraz alda daiteke, jokabide bat baino ez da eta; gernu-kontzentrazioari zein ekoizpenari dagozkienek ere, ez dute aparteko zailtasunik. Baina korapilatsuagoa da hirugarren aldaketa.
Ur gezetako arrainen brankien epitelioko zelulek sodio eta kloruro ioiak barneratzen dituzte. Alderantzizko lana egiten dute itsas arrainen brankien epiteliokoek. Beraz, alderantzizko lana egin behar dute izokinen brankiek egoera batean eta bestean. Hori egin ahal izateko, ezin ditzakete zelula berdinak erabili. Hortaz, kontzentrazio batetik bestera igarotzeko, gatzak kanporatzen dituzten zelula berriak sortzen ditu brankiaren epitelioak, “kloruro-zelulak” izenekoak. Hormonen kontrolpean dago bai kloruro-zelulak sortzea eta baita beste egitura anatomiko edo ezaugarri berriak garatzea ere. Aldaketa horiek guztiak gertatu ondoren, itsasoratzeko prest dago izokina. “Smolt” izena ematen zaio orduan.
Kontu horiek guztiak ondo ezagutzen dira gaur egun, izokinen hazkuntzarako ezinbesteko ezagutzak baitira. Izan ere, izokinen biologia ezezaguna zenean, izokin asko hiltzen ziren haztegietan. Bizi-ziklo osoa bete behar da espezie honen hazkuntza intentsiboan, eta, horretarako, ur gezatik ur gazirako aldaketa kontrolpean egin behar da urmaeletan. Espeziearen biologia ezezaguna zenean, askotan uraren gazitasuna arinegi aldatzen zen, izokinak prest egon gabe. Eta, ondorioz, parr gazteak hil egiten ziren. Hori dela eta, izokinen hazkuntzak ez zuen arrakastarik lortu parr-smolt trantsizioaren xehetasunak ondo ezagutu arte. Geroztik, etengabe gora egin du izokinaren hazkuntzak. Izan ere, munduan gehien hazten den itsas arraina da eta, Europan adibidez, hazkuntza-jarduera guztien salmentaren ia erdia izokinenari dagokio.
Oharra
[1] Itsasoan bizi diren eta ugaltzera ibaietara migratzen duten arrainei, anadromo deritze.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
4 iruzkinak
[…] atal batean (Izokinaren lan astunak) aritu izan gara izokinei buruz. Gogora dezagun: arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; gero […]
[…] ematen zaie itsasotik ibaira edo ibaitik itsasora migratzen duten arrainei. Horietako batzuk ―izokinak― ikusi ditugu dagoeneko, haien biologia berezi samarra baita. Beste arrain diadromo bat, aingira, […]
[…] moduko beste adibide bat da izokinen kasua. Craig Primmer-ek, Helsinkiko Unibertsitateko biologoak, urteak daramatza arrain espezie […]
[…] berria den ikerketa lan batean ikusi denez, izokinen usaimen epitelioko (beren usaimen organoa) zelulek magnetita kristalak dituzte, multzo trinkotan […]