Ura
Psammomys obesus du izen zientifikoa. Halako izen espezifikoa! Baina, dirudienez, ondo merezia du, arrak batez ere. Afrikako ipar-ekialdean eta ekialde hurbilean bizi da, hau da, Algeriako ekialdera eta Itsaso Gorriko bi kostaldeetatik hurbil dauden herrietan. Izatez, ez da arratoia, jerboa baizik, eta oso ezaguna biomedikuntzaren zenbait esparrutan.
Basamortuetan bizi da, landare gutxi eta ur gutxiago dauden tokietan. Atriplex halimus izen zientifikoa duen lur gazietako sastraka da haren oinarrizko jana. Landare horiek jaten ditu, toki idor horietan hazten diren landareak, eta landare horien multzoak dauden lekuetan egiten ditu bere zuloak. Oso landare eskasak dira, elikatze-balio gutxikoak. Izan ere, arratoi gizena da landare horiek baliatzen dituen animalia bakarra edo bakarrenetako bat. Hortaz, bera bizi den tokietan ez dago lehiakiderik, ez baitago landare hori jaten duen beste animaliarik. Aktibitate gutxiko animalia dugu; sastraka horiek jango dituen beste animaliarik ez dagoenez, “astiro” bizi daiteke. Astiro biziz energia gutxiago gastatzen du, eta horrek mesede egiten dio hain toki beroetan bizi ahal izateko, jarduera handiak dakarren beroa xahutzea ez baita erraza.
Esan bezala, oso landare eskasak dira arratoi gizenak jaten dituenak. Hori, seguru asko, aktibitate gutxikoa izateko beste arrazoi bat da. Baina horrek badu ondorio tamalgarri bat: gatibu mantentzen direnean, oso erraz loditzen dira, loditu eta, gainera, II motako diabetesa garatu; janariak eta jateko ohiturek sorturiko diabetes mota da hau, hain zuzen ere. Janari-aldaketagatik gertatzen zaio hori, laborategian pentsuak eta zerealak ematen baitizkiote. Hori dela eta, arratoi gizena oso erabilia izan da gizentasunari eta diabetesari buruzko ikerketetan, eredu biologiko gisa. Gaur egun bi hazkunde-leinu artifizial mantentzen dira soilik munduan; izan ere, ez da erraza gatibu mantentzea, diabetesak jota erraz hiltzen baita.
Arratoi gizenak ez du urik edaten. Landareen egunsentiko garoa miazkatuz eta landareen ehunetatik ateratzen du behar duen ur guztia. Alde horretatik, oso antzekoak dira haren ur-ekonomia eta ikusi berri dugun kanguru-arratoiarena. Ez batak ez besteak ez dute urik edaten, eta ura aurrezteko erabiltzen duten mekanismorik eraginkorrena giltzurruneko ur-birxurgapena da, oso gernu kontzentratua sortzen duena. Izan ere, 17 bider handiagoa da gernuko solutu-kontzentrazioa odolekoa baino. Oso balio altua da hori; gogora dezagun kanguru-arratoiaren gernuko solutu-kontzentrazioa odol-plasmakoa baino 14 bider handiagoa zela; apur bat handiagoa, beraz. Horrek, seguru asko, jaten dituen landareekin du zerikusia, gatz-eduki handiko landareak baitira Atriplex halimus sastrakak.
Ezaugarri horiek ikusita, argi dago lur gazietako sastrakak jan ahal izateko oso moldaera bereziak garatu dituela jerbo honek. Baliabide hori ustiatzen duen belarjale bakarra da, eta eraginkorra da guztiz.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.