Aspaldi batean, espeleologia sarritan agertzen da medioetan, paleolitikoko aztarnategien aurkikuntzak direla medio, eta beste batzuetan zoritxarrez, istripuengatik. Baina gizartearen gehiengoak ordea ez daki jarduera espeleologikoak zertan datzan. Hitzaldi honetan, ohiko galderetatik harago joango gara, eta uraren higaduraren ondorioz, lur azpian sortu den eta esploratzeke dagoen unibertso honen berri emango dugu.
ADES taldeak gaur egun Lea-Artibain esploratzen ari den kobazulo sistema interesgarrienetako batetik hasiko gara, Galarregi-Urgitxi sistema hidrologikoa. Jarraian, euskal espeleologiaren historiak Torca del Carlista ospetsura eramango gaitu, planetako gelarik ikusgarrienetako bat. Eta azkenik, Euskal Espeleologoen Elkargoa, Ilaminako Ateak leza mitikoan (Pirinioetan) eramaten ari den puntako lanak azalduko ditugu. Batik bat, -1.400 m sakontzen duen leza honen azken 3D topografia erakutsiko dugu lehenengo aldiz jendaurrean.
Fitxa biografikoa
Josu Zeberio, Ondarroan jaioa, 2008an Ingeniaritza Informatikoan titulatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta 2014an doktorego tesia irakurri zuen unibertsitate berean. Orduz geroztik Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Lengoaia eta Sistema Informatikoen saileko irakasle da. Ikerkuntzari dagokionez, 15 artikulutik gora publikatu ditu konputazio ebolutiboko aldizkari eta kongresu ospetsuenetan.
Ikerketa jarduera, ordea, ez du mugatzen mundu akademikora 2015ean Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteko bazkide egin baitzen. Eta horrez gain, 2010ean Gernikako ADES Espeleologia Elkartean sartu zen, eta ordutik, espeleologian buru belarri aritu da. Batez ere, Lea-Artibai eta Busturialdeko koba eta leizeen esplorazio eta katalogazioan egin du lan. Beste espeleologia taldeekin izan dituen elkarlanek Euskal Herriko alderdi guztietara eraman dute lur azpiko sistemak esploratzera. Besteak beste, 2015 eta 2016an Euskal Espeleologoen Elkargoak Pirinioetan antolaturiko espedizioan ere hartu du parte.
Oharra
Hitzaldi hau Periscope: Beikozini-tik zuzenean ikus dezakezu.
Espeleologia: Lurpeko Unibertso Bat Esploratzen
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Beikozini, Iparragirre kalea 10
- Helbidea
- Ondarrioa