Geologia
Arturo Apraiz, Arantxa Aranburu eta Arantxa Bodego EHU Euskal Herriko Unibertsitateko geologoak Aiako Harrian izan ziren –Geolodia ekinbidea izan da Iberiar Penintsulako hainbat tokitan– eta bisita gidatuetako bat zuzendu zuten: Aiako harria, inguruak eta Pangeako superkontinetearen apurketa. Granitoa da han nagusi, “arroka plutonikoak dira”, Lurraren hastapenetan sortutakoak Pangea superkontinentean, magmatik. Higadurak, biluzi egin zituen ondoren. Apraizek, esaterako, koloreari erreparatzeko esan zien bisitan parte hartu zutenei. “Izan ere, ikusten dira arroka berdeak eta zuriak; arroka berdeak dira, magma klase bat, eta arroka zuriak, beste magma klase bat”. Bisita gidatu honetan, arroka bila ere ipini zituzten. Valderejon ere izan zen beste bisita gidatu bat. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Biologia
Ozeano Bareko hondoak baditu bizitza oparoko gune batzuk. Bertan, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurkitu ditzakegu. 1977 urtean ozeano-fosa horiek aztertzera ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliez osatutako dentsitate altuko populazioak aurkitu zituzten. Topatu zituztenen artean, metrotik gorako zizare tubikolak eta muxila erraldoiak zeuden. Azterketa egin zutenean ohartu ziren hazkunde-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuengatik, eta haatik sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Eguzkiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko.
Zilarrak estuarioetan kutsatzaile gisa duen papera eta elementu honek kobrearekin duen elkarreragina aztertzeko, Understanding the impact of silver as an emerging contaminant in the Ibaizabal and Gironde Estuaries ikerketa egin du Ane Rementeria ikertzaileak. Ikerketa gauzatzeko zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Ondorioei dagokienez, lehenik eta behin ikusi dute ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituztela. Bigarrenik, Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituztela ikusi dute. Azkenik, ohartu dira zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua duela, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.
Osasuna
Kannabinoideek sagu heldu eta zaharren ikasteko gaitasuna eta memoria hobetzen dutela ondorioztatu dute. Emaitzek iradokitzen dute THC kannabinoidea (marihuanaren osagai psikoaktibo nagusia) dosi txikian hartzeak lagun dezakeela zahartzearekin lotutako galera kognitiboari aurre egiten. Ikertzaileek ikusi dute sagu gazteetan memoriari eta ikasteko gaitasunari kalte egiten diela, eta, helduetan eta zaharretan, berriz, hobetu. Gainera, frogatu dute hobekuntza hori lotuta dagoela garuneko eremu batean gene-espresioa areagotzearekin. Elhuyar aldizkariak kontatu digu ikerketaren nondik norakoa.
Tiritei erreparatzen die testu honek. Tirita mota ezberdin asko daude merkatuan egun. Lehenengo tirita Earle Dickinsonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Tiritek funtsean zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute. Jo ezazu artikulura tirita motak ezagutzeko: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, …
Teknologia
Gauzak digitalizatuz gero betiko izango zirela esan zuten eta errealitateak erakutsi du hori ez dela horrela. Edu Lartzanguren kazetariak azaltzen digu: zenbat eta teknologia konplexuagoa erabili, orduan eta zailagoa da informazio hori berreskuratzea. Eresbil euskal musikaren artxiboko arduradun Jon Baguesek azaltzen du euskarri fisikoak gorde egin behar direla: “Jendeak esaten du: ‘Behin digitalizatuta, papera edo bestelako euskarriak bota daitezke’. Kontuz horrekin!”. Halaber, Interneten zabaldutakoa gordetzeko bidean, estekak erabili ordez –zaharkituta geratzen dira Interneten objektu bat gunez aldatzen denean, DOI egitasmoa nabarmendu du Iñaki Alegriak, EHUko informatika irakasleak. Zientzia aldizkarietan-eta ari dira erabiltzen, artikuluak galduko ez direla ziurtatzeko.
Medikuntza
Gizakiok usaimen eskasa dugula mito bat besterik ez dela esan du John McGann neurozientzialariak. Haren ustez, gizakiok bilioi bat usain desberdintzeko gaitasuna dugu –beste ugaztunen pare–, eta usaimen-erraboila 5.600 glomerulutan antolatua dugu, saguek baino askoz ere gehiagotan (1.800). Geneek, neurogenesiak eta beste zenbait faktorek usainekiko sentikortasunean izan dezaketen eragina aztertuta, aditzera eman du espezie bakoitza usain batzuekiko sentikorragoa dela. “Txakurrak gizakiak baino hobeak izan daitezke gernuak bereizten, eta agian gizakiok ardoen usainak bereizten”. Horretaz gain, McGannek dio zenbait ikerketak erakutsi duela usaimena galtzen hastea memoria-arazoen hasieraren adierazle izan daitekeela.
Arkeologia
Aurrenekoz topatu dituzte Egiptoko antzinako marrazkiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak. Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Zehazki, Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, k.a. 2.000 urtekoa. Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Amaia Portugalek eman digu albiste honen berri.
Biokimika
Gure gorputzeko tenperatura 37º ingurukoa den arren, gure zelulen barruko organulu batzuetan oso tenperatura altuak egoten direla ikusi dute: 50º neurtu dituzte mitokondrietan. Nola lortu dute hori neurtzea? Bada, tenperaturaren araberako fluoreszentzia ematen duten tindatzaileak garatu dituzte haiei esker egin da aurkikuntza berria. Zelularen zentral energetiko gisa jokatzen dute mitokondrioek: mantenugaiak oxidatzen dituzte, energia lortzeko (ATPa). Ikertzaileen ustez, prozesu horrek sortzen duen beroak bermatzen du organismo osoaren barne-tenperatura egonkorra, odol beroko espezieetan.
Kimika
Josu Lopez-Gazpiok kosmetikoak izan ditu aztergai artikulu honetan. Jakina da gizartean kezka dagoela kosmetikoen osagaien segurtasunari eta kontsumitzaileengan izan ditzaketen albo ondorioei dagokienez. Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno (PAS) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—. Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat.
Paleontologia
Gizakia uste baino lehenago iritsi zen Amerikara. Hala dio 1992an San Diegotik (AEB) gertu eraikitzen ari zen autobide batean topatutako mastodontearen hezurrek. Hezur horiek animalia hil berritan harriz hautsi izanaren markak dituzte, hezur-muina ateratzeko asmoz. Gainera, alboan ingude eta mailu gisa erabilitako harriak ere topatu zituzten. Informazio osagarria, Argian izango duzue irakurgai.
Zientzia azoka
Elhuyar fundazioak antolatutako Zientzia Azoka izan dugu aste honetan. Euskal Herri osoko 33 ikastetxetako 1.150 ikasle aritu dira aurtengo ikasturtean zientzia eta teknologia proiektuak taldeka lantzen, eta egindako lan horren guztiaren lagin bat jarri dute ikusgai Bilboko Plaza Berrian. Egitasmo honen helburua aipatzen du Leire Cancio Elhuyar fundazioko zuzendariak: “Gazteei zientzia, teknologia eta ikerketa hurbiltzea da gure helburua”.
CAF-Elhuyar sariak
CAF-Elhuyar 2017 sariak banatu ziren ostiralean. Urtero bezala, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea izan dute helburu sariek. Irabazleak eta euren lanak ikusteko aukera izango duzue hemen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.