Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Lepoaren luzera da jirafaren ezaugarririk behinena. Lepo horri esker, beste belarjaleek eskura ezin ditzaketen hostoak jan ditzake jirafak. Lepo luze hori horretarako ote duten ez dago esaterik, baina bai esan dezakegu lepo luze horri esker irits daitezkeela arbola askoren goiko hostoetara.
Historian izan den jirafarik famatuena Medici-ren jirafa izan da, Lorenzo de Mediciri 1486an bidali ziotena. Hura ez zen izan, baina, Europara ekarri zuten lehena. Julius Caesar-ek k.a. 46an jirafa bat eraman zuen Erromara Egipton izandako garaipenak ospatzeko. Eraman zuen bilduma osatzen zuten animalien artean jirafa izan zen arrakastatsuena. Erromatarrek grezierazko jatorria (καμηλοπάρδαλη) duen izena (camelopardale) eman zioten ordura arte guztiz ezezaguna zuten animaliari, gameluaren eta lehoinabarraren ezaugarriak nahastuta zituela iruditu zitzaielako. Hortik dator, hain zuzen ere, jirafaren izen zientifikoa, Giraffa camelopardalis. Generoaren izena arabieratik dator –ziraafa edo zurapha hitzetik- eta camelopardale espeziea izendatzen duen bigarren hitza, aldiz, grekotik.
Julius Caesar handia antzeratu nahi izan zuen Lorenzo de Medicik, Caesarrek erromatarren artean zeuzkan ospe edo auctoritas berdina izan nahi baitzuen berak Florentziako herritarren artean. Segurtasun osoz ez dakigun arren, badirudi al-Ashraf Qaitbay Egiptoko Sultan Mamelukoak oparitu ziola, otomandarren aurka Mediciren laguntza eskuratzeko. Arrakasta handia izan zuen jirafak Florentzian, hain arrakasta handia, non garaiko artistek euren margolanetan margotu eta idazlanetan jaso baitzuten. Francesco di Ubertino Verdi Il Bacchiaccaren «Mana bilketa» margolana dugu horren adibide ona, baina ez bakarra.
Jirafa gaixoak, ordea, zorte txarra izan zuen; korta berezia prestatu zioten arren, lepoa hautsi zuen kortako habeen aurka buruan kolpea hartu ondoren. Kortako habeak ez bide zeuden behar bezain altu. Azken batean, munduko animaliarik garaiena da jirafa. 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke arrak.
Horren lepo luzeak, bistan da, ondorio bitxiak ditu, odola bururaino bidaltzeko «ponpa» indartsua behar baita altuera handi horretara heltzeko. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta 7’5 cm-ko lodiera dute haren hormek. Indar handia egin behar du; aortatik ateratzerakoan, beste edozein ugaztunen bikoitza da odolaren presio arteriala.
Presio hori, baina, arazo handia izan liteke bihotzetik behera dauden organo eta gorputz-ataletarako, presio handiegia jasan behar dutelako. Izan ere, presio horretan odol-plasma kapilarretatik irten egingo litzateke beste edozein animaliaren hanketan. Jirafetan hori ez da gertatzen, noski, haien odol-hodien hormak, ehun konektiboa eta larruazala oso lodiak direlako. Gainera, pilotuen g jantzien moduko larruazala dute jirafek; hau da, odolaren presioaren kontra egiten du larruazalak. Horri esker, odola ez da hanketan pilatzen eta ez da edemarik gertatzen.
Zer gertatzen da, baina, ura edateko burua jaitsi behar duenean? Odola ez ote zaio buruan pilatzen? Arazoa konpontzeko sistema berezia dute jirafek lepoan. Izan ere, ez da jirafetan sortu den sistema berria, baizik eta ugaztun askok duten egitura baten erabilera moldatua. Buruaren azpian dugun rete mirabile delakoaz ari gara, sare miresgarriaz alegia. Sare miresgarriak beherago ikusiko ditugu; atunek muskuluak berotzeko erabiltzen dute, esaterako, eta kontrako helburua betetzeko erabiltzen dute ugaztun askok, burua gehiegi ez berotzeko, alegia[1].
Paraleloak diren odol-hodi askok osatzen dute rete mirabile bat, eta odol-hodi horiek odol-bolumen oso desberdinak har ditzakete barnean. Hori dela eta, burua jaisterakoan rete mirabilearen hodiak odolez betetzen dira, eta horri esker odola ez da bururaino heltzen; burua altxatzean, berriz, odol-hodiak hustu egiten dira. Zeregin horretan balbula batzuek eraentzen dute odol-fluxua, eta garrantzi handikoak dira prozesua era egokian bideratzeko. Nolabaiteko indargetze-lana egiten du sare miresgarriak kasu honetan, presio hidrostatikoa indargetzea, hain zuzen ere.
Oharra
[1] Rete mirabile delako hori bero-trukatzaile bat da. Elkarren ondoan dauden odol-hodien sorta bik osatzen dute, eta sorta bakoitzaren hodiek kontrako norantzan daramate odola. Horregatik trukatzen dute beroa, batzuek besteei iraganarazten diotelako.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
1 iruzkina
[…] Munduko animaliarik garaiena da jirafa. Arrak 900 kg-ko masa eta 5’5 metroko altuera izatera irits daitezke. Bere lepo luzearen ondorioz, odola bururaino bidaltzeko “ponpa” indartsua behar du. Bihotza oso handia dauka: 12 kg-ko masa eta 60 cm-ko luzera, eta […]