Nobel sariak
Aste honetan banatu dira Kimika, Medikuntza eta Fisikako Nobel sariak eta horien berri Elhuyarrek eman digu. Kimikakoari dagokionez, JacquesDubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariak saritu ditu 2017an, biomolekulen egitura aztertzeko kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egin duten lanagatik. Izan ere, haiek garatutako kriomikroskopia elektronikoak izoztu egiten ditu erdi-mugimenduan dauden molekulak eta ikusgai bihurtzen ditu.
Fisika alorrean, garaile izan dira Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne, LIGO behatokia garatu eta grabitazio-uhinen behaketa posible egiteagatik. Elhuyarren azaltzen digutenez, grabitazio-uhinak Lurrera iristen direnerako oso ahulak dira. Einsteinek ez zuen uste inoiz detektatu ahalko zirenik. Bada, Kip Thorne eta Rainer Weissek uste zuten posible zela grabitazio-uhinak detektatzea. Eta, horretarako, laserrean oinarritutako interferometro bat diseinatu zuten. Barry Barish 1994ean LIGO proiektuaren zuzendari bilakatu zen eta milaka parte-hartzaileko nazioarteko lankidetza bihurtu zuen 40 kideren taldea.
Azkenik, Medikuntza alorrean, Jeffrey C. Hall, Michael Rosbash eta Michael W. Young ikertzaileek jasoko dute Nobela. Karolinska Institutuak “erritmo zirkadianoa kontrolatzen duten mekanismo molekularren gaineko aurkikuntzengatik” hautatu ditu.
Berriak ere eman digu zientzia Nobel sarien berri. Baina horretaz gain, beste datu bat agerian utzi du egunkariak: aurten saridun guztiak gizonak izan dira. Arantxa Iraola kazetariak honakoa azpimarratzen du artikuluan: “XX. gizaldi hasieran sariak banatzen hasi zirenetik, 920 pertsonari eman diete saria, eta horien artean 49 emakume bakarrik daude”.
Emakumeak zientzian
Ainhoa Iñiguez Goizuetari beti iruditu zaio entretenigarria matematika. UPV/EHUn arlo hori ikasten hasi zen ikasten eta emaitza onak lortu zituen baina uztea erabaki zuen. Ondoren, arkitekturan hasi zen baina ez zuen ikasturte osoa iraun. Au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela”. Tesiarekin ari zela, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso zuen. Han egon zen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, “azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten”. Bidea egiten jarraitu zuen: arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiten hasi zen, Cambridgen.
Manuela Gutierrez Esguerrak (Bogota, 1987) ikertu du olio palmondoaren monolaborantza Kolonbian sortzen ari den eragina. Laborantza horrek ingurumenean duen eragina eta sortzen dituen kalteak azaltzen ditu antropologoak elkarrizketa honetan, besteak beste. Esguerrak dio: “Planetako birikak kinkan jarri ditu palma olioaren industriak. Indonesia eta Malaysiako oihanean sarraskia egin ondoren, Amazoniakoan ari dira orain. Desertifikazio prozesua dakar, palmondoek ur behar handia baitute: egunean bederatzi eta hamar litro inguru”.
Ingurumena
Nicolas Olea, Granadako Unibertsitateko Erradiologiako katedradunari egin diote elkarrizketa Berrian. Bertan, hormona nahasle diren substantzia kimikoez aritu da. Hark azaltzen duen moduan, horiek plastikoetan daude batez ere. Milaka produktu kutsagarri kimiko daudela dio, zehazki Europako Batasunaren zerrenda ofizialak 144.000 ditu jasota. “Baina horien artean talde batek badu jokatzeko modu berezi bat: behin gorputzera sartzen direnean, gure hormonak aldatzen dituzte”, azaltzen du. Baina non daude substantzia horiek? Adituak argitzen digu: “Batez ere plastikoen osagaiak dira, baita parabeneak eta benzofenolak… Seguruenik ikusiko zenuten supermerkatuetan parabenerik gabeko gelak saltzen hasi direla. Kosmetikan erabiltzen diren substantziak dira”. Oraindik argitu ez duten arren, badirudi substantzia horiek hautsaren bidez barneratzen ditugula edo “etxe barruan arnasten duguna ere bada”.
Argiak ere eman du honen berri.
Neurozientzia
Maitasunarekin lotu bada ere, oxitozinak paper garrantzitsua betetzen du ere harreman sozialak sustatzeko orduan. Orain horren zergatia argitu dute. Ikerketa baten bidez, Standfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek harreman sozialak sustatzeko hormonak jarraitzen duen bide zehatza argitu dute. Era berean, oxitozinak garunarentzat “sari” baten modukoa den dopamina nola askatzen duen argitu dute. Oxitozinak bide horretan dauden neuronen errezeptoreekin bat egiten du, eta, modu horretan, dopaminaren askatzea ahalbidetzen du eta ildo horretatik, ikertzaileek ikusi dute sozializatzeko joera urritzen dela oxitozina sortzen duten neuronak galarazten dituztenean.
Biologia
Pitoia izan dugu asteko protagonista. Animalia horrek ez ditu harrapakinak aktiboki bilatzen, itxaron egiten die. Gauzak horrela, denbora luzea egon daiteke jan gabe. Hortaz, erreginatxo marradunaren hegaztiaren antzera, pitoiaren digestio-sisteman ere erregresio-prozesua gertatzen da. Hau da, jan gabe egonik, ez du digestio-sistema lanean jartzen, eta beraz, ez du energia xahutzen. Baraualdiaren ondoren funtzionalitatea galtzen du digestio-sistemak, baina oso denbora laburrean berreskura dezake. Izan ere, Birmaniako pitoiak, 24 ordutan, bikoiztu egiten du erdialdeko hestea, heste-epitelio berria sortuaz batez ere. Hortaz, etekinik atera ezin duenean, “itzali” egiten du digestio-sistema. Portaera zentzuzkoa pitoiarena.
Natacha Aguilar zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean. Naukasen izan zen ikerlaria eta bertan azaldu zuen nekez ikusten direla zifioak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Zifioek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilera ikertzaileak eta tartean kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen.
Antropologia
Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu dira, haien dieta zein zen zehazteko. Alde handiak ikusi dira leize eta megalitoetako hezurren karbono isotopoen balioetan. Horren aurrean, bi interpretazio planteatu dira. Lehenengoa, Hobiratze erritu eta bizirauteko ekonomia ezberdinak zituzten komunitateak izatea. Bigarrena, maila ekonomiko ezberdinak zituen komunitate bakar batean sortuak izatea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek, berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea. Horren inguruko ikerketa berriak planteatzen ari dira jada.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.