Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Gizakiok pikuak jan izan ditugu gure espeziearen hasieratik. Agian horregatik azaltzen da pikondoa kreazioaren hainbat pasarte mitikotan. Erlijio batzuetan sakratua da zuhaitz hau, madarikatua beste batzuetan. Jesus Nazaretekoak berak esan omen zion pikondo bati “inork ez dezala zugandik fruiturik jan” zuhaitz horrek ez zeukalako pikurik (Marcos 11: 12-14).

Ficus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena.

1. irudia: Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, pikondoa da Morazeoen familiako zuhaitz edo zuhaixka hosto erorkorra, azal griseko enbor lodi eta motza, hosto palmatilobatu handi, larrukara eta biribilduak eta udare-formako errezeptakulu mamitsuen baitan dauden lore unisexualak dituenak. Haren fruitua pikua da (Ficus carica).

Generoari ere Ficus deritzo eta bere barruan 800 espezie daude. Gure pikondo arrunta, Ficus carica da. Espezie horien artean gehienek, Agaonidade familiako liztor espezie jakin batekin koeboluzionatu dute. Asoziazio horiek gutxienez duela 80 miloi urte hasi ziren: liztorrak pikondoko loreak polinizatzen ditu, eta pikuek liztorrei babesteko tokia eskaintzen die.

Liztor eme txiki batek, 2 mm-ko luzera duelarik ere, polena eta ehunka arrautza ernaldu garraiatzen ditu. Piku batean jaio da eta ostiolo izeneko irekigune txiki batetik ateratzen da. 48 ordu ditu espezie bereko beste pikondo bat aurkitzeko. Hamarka kilometrora egon daiteke pikondo hori. Hala ere, esan beharrekoa da pikondoak erraztu egin diola liztorrari bere lana, intsektuak erraz detektatzen dituen substantzia kimiko batzuk botatzen dituelako atmosferara. Behin piku berrira sartuta, erantsita daraman polen berria barreiatzen doa barrunbe zentralerako bidean. Arrautza bana erruten du lore femenino bakoitzean; liztorra langile ona bada, berrehun arrautza errun ditzake. Horren ostean, hil egiten da akiturik.

2. irudia: Agoanidade espezieko liztorrak piku batean.

Arrautza ernalduak hazten doaz eta hezietatik elikatuz bere garapena burutzen dute azkenean. Arrak lehenago ateratzen dira, ernaltzeko emeen bila. Masail handiak dituzte, hegogabeak dira eta ia itsuak. Emeak ernaldu ostean hil egiten dira. Ar gutxi batzuk, habiatik ateratzen dira, baina bizitza laburra eta ezbehartsua pairatzen dute. Emeak hegaka doaz aske eta azkar, pikondo berri baten bila, prozesuari berriz hasiera emateko.

Behin liztorrak aterata, pikuak handitu egiten dira, kolore gorria hartzen dute eta azukrez betetzen dira. Elikagai gustagarri bilakatzen dira beraz. Ficus generoaren espeziearen arabera, saguzarrek, hegaztiek, tximinoek edo bestelako animaliek jango dituzte pikuak. Animaliek sabela husten dutenean, barreiatu egingo dituzte haziak, ernatu ostean beste pikondo batzuk sortuko dituztenak.

3. irudia: Piku heldua.

Zonalde epeletan, bizpahiru uzta ematen dituzte pikondoek, landarearen sexuaren arabera. Tropikoetan ordea, urte osoan daude piku “helduak”, eta beste edozein fruitu baino gehiago, mila hegazti eta ugaztun-espezieren elikagai dira. Hau guztia oso garrantzitsua da ekologian, zeren pikurik gabe animali espezie asko desagertu ere egin balitezke, elikagai ezagatik. Animalia horiek hilda, beste landare-espezieek ere kaltea pairatuko lukete, ez luketelako hainbeste polinizatzailerik izango.

Pikondoa bitxia da, eta bitxia da bere fruitua, sasizko fruitua delako. Hala ere, elikagai garrantzitsua izan da gizakiontzat eta beste animalia askorentzat. Hori dela eta, mundua oso desberdina izango litzateke pikondorik gabe.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

1 iruzkina

  • […] Ficus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Erlijio batzuetan sakratua da zuhaitz hau, madarikatua beste batzuetan. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.