Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Janaria
Animalien funtzio biologiko guztiak, janaria lortzea eta digeritzea barne, hautespen naturalaren menpe daude. Horrek esan nahi du berezko moldaerak garatu dituztela bai janaria lortzeko bai eta digeritzeko ere. Hortaz, animalia batek erabiltzen duen elikadura-baliabideen ezaugarriek eragin nabarmena dute animalia horren zenbait ezaugarritan, bai anatomikoetan bai eta fisiologikoetan ere. Ezaguna da, esaterako, denboran zehar agertu diren hominidoen hortz-haginen ezaugarriak janaren araberakoak direla. Izan ere, aurkituriko hortzeria fosilari esker jakin dezakegu gaur zein zen espezie bakoitzaren ohiko janaria.
Baina, esan bezala, moldaerak ez dira ezaugarri anatomikoetan soilik gertatzen; fisiologiari dagozkionak ere garrantzi handikoak dira. Harreman zuzena dago, adibidez, animalia baten janari motaren eta dituen digestio-entzimen artean. Horrela, karbohidrasak dira karbohidratoetan aberatsa den jana erabiltzen duten espezieen digestio-entzima nagusiak. Gauza bera gertatzen da, esaterako, proteasa eta proteinekin. Espezieen arteko desberdintasunez ari gara, noski, baina espezie berean ere, desberdintasun handiak egon daitezke populazio desberdinen arteko digestio-entzimen horniduretan.
Khoisan[1] jendea eta bostwanoak Afrikako hegoaldean bizi dira. Bi etnia horien jatorria oso desberdina da, eta haien hizkuntzak elkarrengandik oso urrun daude. Khoisan jendearen khoisan hizkuntza munduko berezienetakoa da, eta ez omen du harreman zuzenik alboko hizkuntzekin; bostwanoena, berriz, Afrikako beste zenbait hizkuntzaren ahaidea da, bantu familiakoa. Geografikoki oso urrun ez dauden arren, zeharo desberdinak dira giza talde horien ingurumenen ezaugarriak. Khoisanak Kalahariko basamortuan bizi dira eta ehiztari/biltzaileak dira; bostwanoak, berriz, nekazariak. Hori horrela, giza talde egokiak dira digestio-entzimen horniduren arteko erkaketa egiteko, elikadura-baliabide desberdinak dituztelako. Zenbait landareren tuberkuluekin batera, txori, suge, musker eta damanak dira khoisanen dietaren osagai nagusiak, eta artoa eta basartoa, bostwanoena.
Listuaren amilasa izan zen erkaketa hori egin zuten ikertzaileek aukeratu zuten entzima. Amilasak almidoia eta antzeko karbohidrato konplexuak digeritzen laguntzen du, eta gizakiok bi aldaera edo barietate ditugu, listuarena eta arearena. Listu-amilasak aho-barrunbean egiten du bere lana, hortz-haginen birrintze-lana osatuz. Listu-laginak hartzea oso erraza denez, oso erosoa da listu-amilasarekin lan egitea. Erkaketa egin zen, beraz, sanen eta bostwanoen listu-amilasen artean, baina, ikerketa osatzeko, jatorri europarreko Hegoafrikako biztanleen laginak ere hartu ziren. Azken hauen ohiko janak denetariko produktuak ditu.
Erkaketaren emaitzak argiak izan ziren: bostwanoen amilasa-jarduera 248 unitate/ml-koa izan zen, eta sanena, berriz, 22 unitate/ml-koa, hamaika aldiz apalagoa. Jatorri europarreko herritar hegoafrikarrena, bestalde, 101 unitate/ml-koa izan zen; hau da, beste bi balioen erdian geratu zen. Bistan da, beraz, digestioaren beharren araberakoa dela entzima-jarduera hori, zerealez osaturiko jatekoa hobeto digeri baitaiteke listuaren amilasa-jarduera handia bada.
Baina datu horiek ez digute argitzen aztertutako desberdintasun horien jatorria zein den. Hau da, ezin jakin daiteke jarduera-maila horiek giza taldeen berezko ezaugarriak ote diren ala janariaren araberako ezaugarri aldakorrak. Beste era batera esanda: elikadura bereziena erakusten dutenak san taldekoak izanik, haien listuaren amilasa-jarduera jatekoaren aldaketa baten ondorioz alda ote liteke?
Ez dakigu, baina ―ikertzaileek ez dutelako horren berririk eman―, zer-nolako iritzia zuten bost khoisanek epaiketan zehar jan behar izan zutenaz, baina, aukeran, seguru sugeak eta muskerrak nahiago zituztela.
Oharrak
[1] Herbeheretatik heldutako kolonizatzaileek khoisan herritarrei boskimano izena eman zieten. San edo khoisan deiturak egokiagoak dira; giza talde handiagoari dagozkio bi izen horiek.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.