Listua margolanen garbiketa produktu bezala?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ahoan bueltaka daukagu egun guztian zehar, gora eta behera, ezkerrera eta eskumara. Listua. Funtzio garrantzitsuak ditu: digestioan laguntzen du eta bakterioen aurkako babesa ematen du, esaterako. Hala ere, listuaren erabilera harrigarri bat benetakoa den edo ez ebazteko ikerketa bat abiarazi zutela kontatzeko da ekarpen hau. Zein da, baina, erabilpen hori? Bada, antza, margolanen zaharberritzaile batzuek listua erabiltzen zuten artelanak garbitzeko eta, zientziaren beharra sortu zen teknika hori benetan eraginkorra eta gomendagarria edo zentzurik gabekoa eta arriskutsua den jakiteko.

1. irudia: Listua ezinbestekoa da digestioa-aparatuaren funtzionamendurako, baina, margolanen zaharberritzerako ere baliagarria izan daitekeela frogatu da. (Argazkia: Pereru – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: commons.wikimedia.org)

Listua fluido biologiko konplexua da. Listu-guruinek jariatzen dute, azino deitzen diren zelula-multzotan jariatzen dena. Zelula horiek ura, elektrolitoak, mukia eta entzimak dituen fluidoa jariatzen dute eta horrela, pixkanaka, ahoan dugun listua osatzen da. Hasiera batean azinoek jariatutako fluidoa biltzen da eta gero hainbat aldaketa gertatzen dira. Nagusienen artean: kaltzioa birxurgatu egiten da, potasioa gehitzen zaio eta bikarbonato kantitate garrantzitsuak gehitzen dira. Listuak hodi oso mehetatik bere bidea egiten du eta, pixkanaka, hodi meheak elkartuz doaz hodi zabalagoetan. Azkenean, hodi bakarrean batzen dira aho barrunbean amaitzen dena. Jotzen da baldintza arruntetan pertsona bakoitzak egunean 1-1,5 litro listu ekoizten dituela -egunez gehiago jariatzen da gauez baino-. Esan bezala, listuaren zatirik handiena listu-guruinek ekoizten dute, baina, listuaren %10 inguru mihiazpiko guruinek jariatzen dute.

Listuaren osagaiak eta funtzioak

Listuaren osagairik nagusiena, %99tik gorakoa, ura da eta horri esker disolba daitezke beste osagaiak listutan. Horretaz gainera, kloruro ioiak ditu amilasa aktibatzeko, bikarbonatoa elikagai azidoen pHa neutralizatzeko, kaltzioan asetuta dago digestioan laguntzeko eta hortzek metal hori gal ez galtzeko eta mukia du biskositatea handitzeko eta digestio-prozesuan laguntzeko. Mukiaren osagairik nagusiena muzina izeneko glikoproteina da eta funtzio lubrifikatzailea du elikagai boloaren digestioa ahalbidetzeko.

Listuak dituen entzimen artean, lisozima aipatzekoa da. Lisozimak bakterioen aurkako babesa ematen duen entzima da; izan ere, zelula paretak erasotzen ditu eta bakterioei itsasten dira immunitate sistemak fagozitosi bidez errazago suntsitu ditzan. Lisozimari esker, patogenoak izan zitezkeen bakterioak modu errazean eliminatzeko gai gara listuarekin kontaktuan jartzen direnean. Babes-entzima horretaz gainera, listuan digestioarekin lotutako entzimak ere badaude, esaterako, jada aipatutako amilasa -almidoia eta glukogenoa hidrolizatzeko- eta lipasa, lipidoen hidrolisia abiarazten duena.

Osagai horiei esker, listuak bere lau funtzio nagusienak betetzen ditu. Mukiari esker, listua oso eraginkorra da lubrikatzaile bezala eta, horrela, murtxikatutako elikagaiak hestegorritik jaitsi daitekeen boloan elkartzen dira eta listuari esker boloak ez du kalterik eragiten hestegorriko paretetan. Beste alde batetik, listuari esker elikagai lehorrak jan ditzakegu, lehenik uretan disolbatu behar direlako. Listuak ahoko higienean ere badu zeresanik: aho barrunbea ia beti listuz bustita dago garbi manten dadin eta mikroorganismoen hazkuntza gerta ez dadin. Horrexegatik goizeko hatsaren usaina okerragoa da: gauez listu gutxiago ekoizten da eta, hortaz, bakterioak gehiago hazten dira gauen zehar, usain desatsegina sortuz. Azkenik, osagaietan esan bezala, listuak duen amilasari esker has daiteke almidoiaren digestioa; izan ere, amilasa ezinbestekoa da almidoi molekula degradatzen hasteko.

Listua margolanak zaharberritzeko

Paula Romao eta bere lankideek aztertu dutenez, aski ezaguna zaharberritzaile batzuek listua erabiltzen dutela margolanak garbitzeko eta etxeetan ere urrezko produktuak garbitzeko listua erabiltzea gomendatzen dela ezaguna da. Alabaina, ba ote du horrek oinarri zientifikorik? Bada, praktika horri babes zientifikoa emateko asmotan edota aldatu beharreko ohitura den jakiteko, ikertzaileek hainbat esperimentu abiarazi zituzten. Analisi kromatografikoak eta entzimatikoak egin zituzten, eta baita erresistentzia eta disolbagarritasun testak egin ere. Listuaz gainera, garbiketan ohikoak diren beste hiru disolbatzaile aztertu zituzten -2-metilheptanoa, xilenoa eta gasolina zuria-.

Analisi kualitatiboen emaitzek erakutsi zutenez, listua zen aztertutako disolbatzailerik egokiena margolanen gainazalak garbitzeko. Kolore gorri eta urdin mateak neurri batean erasotzen ditu listuak; alegia, azurita eta bermiloia disolbatzen ditu, baina, edozein kasutan, beste disolbatzaileak baino hobea da kasu guztietan. Listuaren garbiketa mekanismoa azaltzeko, ikertzaileek bi akzio-mekanismo proposatu zituzten. Alde batetik, listuak akzio entzimatiko garrantzitsua du eta, horri esker, zikinkerian dauden konposatuak uretan disolbatzeko gai da eta, bestetik, uraren eraginaren ondorioz garbiketa eraginkorra egiten du. Hain zuzen ere, zikinkerian dauden konposatu nagusienak gantz azidoak eta fosfolipidoak dira eta bertan pilatzen dira proteinak eta hondakin ez-organikoak. Listuak zikinkeria mota horri aurre egiteko osagai hobeezinak ditu: lipasek gantzak degradatzen dituzte eta, jarraian, hidrolasek substantzia hidrolitikoak apurtzen dituzte. Beste ikerketek berretsi dutenez, listuaren ezaugarri egokiak emultsioak osatzeko gaitasunean daude. Hortaz, mukiaren muzinak dituen ezaugarri tentsioaktiboek zeresan handia dute.

Zentzu horretan, benetako listua erabiltzeak arrisku mikrobiologikoak ekar ditzakeenez, listu artifiziala sintetizatzea posible da -listuak dituen konposatu interesgarrienekin- eta, horrela, modu praktikoago eta seguruagoan erabili daiteke listua margolanak garbitzeko. Gainera, ez da lan oso atsegina izango hainbat mende dituzten koadroak miazkatzen egon behar izatea…

Erreferentzia bibliografikoa

Romao Paula M.S., Alarcao Adilia M., Viana Cesar A.N., (1990). Human saliva as a cleaning agent for dity surfaces. Studies in Conservation, 35:3, 153-155. DOI: 10.2307/1506167

Informazio osagarria


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.