Emakumeak zientzian
Goi mailako lanpostuetan gizonezkoak dira nagusi. Adituek hori irauli behar dela iritzi diote. “Hainbat ikerketak diotenez, 6 urterekin neskek uste dute azkarrak diren pertsonak mutilak direla. Hau da, 6 urte besterik ez dituztenean, neskek desberdin ikusten dituzte beren buruak; eta beti txarrerako”, azaldu du Maria Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko ingeniariak. Horri buelta emateko badira ekimenak, Inspira bezala, neskak zientziari eta teknologiari lotutako hezkuntzara gerturatzea dute helburu. Artikuluan planteatzen den arazoari dagokionez, hezkuntza ereduan sakontzea funtsezkoa dela uste du Itziar Zubillaga DNA Data enpresako Kalitate zuzendariak.
Ingeniaritza eta teknologia
Ilargiko erregolitoak –alteratutako eta kontsolidatu gabeko geruza da, arroka solidoaren gainean kokatzen dena eta arroka zatiz eta mineral pikorrez osatzen dena–, baliatuz ura eta oxigenoa lortzeko teknika garatu du ikertzaile talde batek. Zientzialari asko aritu dira arlo horretan, hau da, astronautak bertan bizirik mantentzeko beharrezkoak diren ura eta oxigenoaren ekoizpena lortzeko bidean. Esan bezala, oraingoan, Ilargiko arrokak baliatuta teknika bat garatu dute. Hau da praktikan jartzen den lehenbiziko aldia. Proposatutako makina Ilargian aritzeko tamaina egokia du ingeniarien esanetan: 400 kiloko gailua da, eta orduko 25 kilogramo erregolito prozesatzeko aukera dauka.
Biologia
Zeroiek urperatzeko eta sakonera handiko uretara iristeko ahalmena baliatzen dute ur sakonetan bizi diren txibiak harrapatzeko. Hortzak dituzten animalia handienak dira. Baina beheko masailezurrean dituzte soilik. Dauzkaten hortzak ez dira zorrotzak. Hori horrela, kaxaloteek ez dituzte harrapakinak zatitzen, horiek zurrupatuz irensten dituzte, ia osorik. Duela gutxi, gaur egungo zeroien antzeko tamaina duen espezie baten aztarna fosilduak aurkitu dituzte Peruko basamortuan; aztarnek 12-13 milioi urteko antzinatasuna dute.
Elikagaiak
Hainbat elikagaien publizitateak dakarren iruzurra azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok entzute handiko adibide bat gurera ekarriz: E identifikazio-kodea duten elikagaien osagaiak kaltegarriak dira osasunarentzat. Kimikariak dio E markadun osagai askok minbizia eragin zezaketela entzun zuela behin baina “orain badakit E markak sailkapen kodeak besterik ez direla, konposatu hori aztertua izan dela adierazteko eta haren identifikazioa eta erabilpen arauak errazteko. Izatez, E markak ez du adierazten konposatua ona edotxarra den, ezta naturala edo artifiziala den ere”. Eta nondik dator orduan osagai horiek minbizia eragiten dutela dioen uste oker hori? Galdera horren erantzuna ezagutzeko, jo ezazu artikulu honetara.
Medikuntza eta osasuna
Tony Wiss-Coray Standford Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute gazteen odolaren transfusioak eraginkorrak direla zahartzaroarekin lotutako asaldurak apaltzeko. Saguekin frogatu ondoren, entsegu kliniko bat egiteko baimena eskatu zuten. Dena den, lehen emaitzek ez dute hobekuntza nabarmenik erakutsi. Baina egia da boluntarioetako batzuk lehen baino hobeto moldatu zirela eguneroko jarduera jakin batzuetan, hala nola erosketak egiten eta janaria prestatzen. Berria egunkarian irakurtzeko ere aukera badago.
Osasunari dagokionez, milioi bat eta erdi medikuntza-ikerketa aztertuta, ondorioztatu dute medikuntza-ikerketetan gehiago hartzen direla kontuan generoa eta sexua, ikertzaileak emakumeak direnean. Sexua eta generoa faktore garrantzitsuak dira medikuntzan, baina, hala ere, medikuntza-ikerketa gehienak arrekin egiten dira, bai animalietan, bai pertsonetan. 2008tik 2015era argitaratutako artikulu zientifikoak izan dituzten kontuan eta horietan generoaren eta sexuaren araberako azterketarik egin den edo ez, eta zein den ikertzaileen generoa aztertu dute.
Paleontologia
Lan batek argitu du Europako neolitizazio-prozesuan zehar, ehiztari-biltzaile europarrak behin eta berriz nahastu zirela Ekialde Hurbiletik etorritako nekazariekin. Orain arte egin diren ikerketek kontrakoa aditzera eman dute, hau da, europar gizaki neolitikoak Anatoliatik etorritako nekazari horien ondorengo zuzenak zirela eta ez zirela horiekin nahastu. Aipatutako ikerketak, Bostoneko Harvard Medical Schoolek gidatutakoa, ordea, 3.000 urtez elkar gurutzatzen aritu zirela frogatu du.
Fisika
Esku pilotan erabilitako piloten arteko diferentziak kuantifikatzeko metodo bat proposatzen du bere Gradu Amaierako Lanean Sara Ruizek. Bere helburua: Talkaren elastikotasuna adierazten duen itzultze koefizientea neurtzean oinarritutako sailkapen-metodo bat diseinatzea. Bi esperimentu egin ziren: alde batetik, pilota bertikalki jaurti zen 10 metroko altuerara arte, erortzen zenean bote bakoitzaren altuera neurtzeko eta bestetik, pilota horizontalki jaurti zen frontoiko frontisaren kontra, pilotak sailkatzeko erabili ohi den jaurtiketa-mota. Bigarren honetan lortu ziren emaitzak argigarriagoak izan ziren. Itzultze koefiziente guztiak alderatzean, adinaren arabera sailkatzeko modua aurkitu zen pilota-mota bakoitzarentzat
Klima aldaketa
Salvador Samitier Generalitateko klima aldaketaren Kataluniako Bulegoko Zuzendaria da eta Miarritzen egin den klima aldaketaren inguruko nazioarteko kongresuan izan denez, Berriak elkarrizketa bat egin dio. Tenperaturaren igoera aipatu du lehendabizi: “Egiaztatu dugun fenomeno bat da: 0,3 gradu igo da hamarkada batetik bestera Katalunian, eta hau ez da Pirinioetako ezaugarrietako bat, beste mendietan ere gertatzen baita”. Horretaz gain, hitzaldian, klima aldaketa osasunarekin lotu du eta horren harira esan ditu kontu interesgarriak. Besteak beste, tenperatura igotzen denean, kolektibo batzuk, adineko jendea, haur txikiak, eta oro har arnasketa arazoak dituztenak kaltetuak dira. Modu berean dio, klima aldaketaren kontra jarraitu behar dugula.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.