Ez omen gara sinesteko jaioak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Done Jakue bideko erromesekin egindako ikerketa batek dio erlijio sinesmenak ez daudela intuizioari edo arrazoiari lotuta. Hezkuntza edota kultura bezalako faktoreak jo dituzte erlijio sentimenduaren abiapuntutzat.

“Zeren arabera sinesten dugu Jainkoetan? Intuizioaren ala arrazoiaren arabera? Bihotza ala burua?” Galdera zirraragarri horrekin hasiera eman diote sinesmenei buruzko hiru esperimenturen berri ematen duen ikerketa artikulu bati.

Urte askotan, bereziki soziologoak, antropologoak eta filosofoak erlijioaren jatorria aurkitzen saiatu dira. Modu batean ala bestean, gizarte guztietan garatu den sinesmen hauek gizateriaren bilakaera baldintzatu dute.

Erabateko erantzuna topatzea, aldiz, arras zaila da. XIX. mendean Friedrich Nietzsche filosofoak Jainkoaren heriotza iragarri zuen, eta, era berean, heriotza horrek “izakiaren bakardadea” ekarriko zuela ohartarazi zuen: gizakiak erlijioaz gaindiko giza balore propioak sortu behar zituen, bere bizitzak helburu jakin bat ez zuela onartu, eta jainko baten babesik gabe bizitzen ikasi behar zuen. XX. mendean, mendebaldeko gizarteetan bederen, balore horiek indarra galdu zuten, eta soziologoak sekularizazioari buruz hitz egiten hasi ziren. Halere, eta erlijioak boterea galtzen zuela bazirudien ere, denborarekin ikusi zen prozesu hori ez zela hain jarraitua izango. Anthony Giddens soziologoak, adibidez, horretaz ohartarazi zuen bere Sociology liburu klasikoan: “Ez dago argi erlijioaren eragina desagertzeko bezainbeste urritu denik”. Gaur egun, hedabideetako albisteak edota inguruan dauden pentsamendu magikoaren adibideak ikustea baino ez dago horretaz jabetzeko.

erlijio
1 irudia: Erlijioaren jatorria argitzeko saiakera asko egin dira, batez ere gizarte zientzien eta humanitateen aldetik. (Argazkia: Juanma Gallego)

Durkheim soziologoarentzat, erlijioaren atzean gizarte bakoitzaren balore identitarioak zeuden, eta gizarte modernoetan elementu zibilek betetzen zuten erlijioaren rola (aberria, bandera, ereserkiak…). Max Weberrek, berriz, erlijioak gizarteak eraldatzeko ahalmen adina zuela proposatu zuen, eta kapitalismoaren garapenean protestantismoak izan zuen rola bereziki aztertu zuen.

Gizarte zientziek eskaintzen dituzten tresnez gain, orain psikologiak eta neurozientziak tresna gehiago jartzen dituzte mahai gainean; diziplina anitzeko taldeek erantzunak bilatzen kolaboratzen dute.

Psikologoen kasuan, noski, abiapuntuak norbanakoa izan behar du. Arlo horretan azken urteetan bereziki sinesmen intuitiboaren hipotesia zabaldu da. Horren arabera, naturaz gaindiko sinesmena pentsamendu intuitiboan oinarritzen da, eta pentsamendu analitikoa martxan jartzen denean, aldiz, sinesmena gutxitu egiten da. Hortaz, hipotesi horren arabera, sinesmen sustraituak dituzten lagunak, analitikoak baino, intuitiboagoak dira.

Coventryko eta Oxfordeko unibertsitateetako (Erresuma Batua) neurologoek eta filosofoek egindako ikerketa batek hipotesi hori kolokan jarri du orain. Ikertzaile hauek diote erlijio sinesmenak ez daudela intuizioari edo pentsamendu arrazionalari lotuta. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Erromesak, akuri

Besteak beste, Done Jakue bidea egin duten erromesak aztertu dituzte ikerketa abiatzeko. Artikuluan azaldu dute arrazoia: “Done Jakue bidean ikerketa egiteak naturaz gaindiko sinesmenekin izandako hartu-emanak neurtzeko aukera eman digu; bestalde, erlijio eta nazionalitate desberdinetako parte-hartzaileen multzo aproposa izateko aukera eman digu”.

Erromesen arrazoinamendua aztertzeko, galdeketa bat egin diete. Besteak beste, euren sinesmenen sakontasunari buruz eta erromesaldiari eskainitako denborari buruz galdetu diete. Ikerketan 89 lagunek parte hartu dute. Ingelesez, gazteleraz eta portugaleraz egin dituzte galdeketak. % 71 kristauak ziren, % 20 “espiritualak, baina ez erlijiosoak”, eta % 8 ateoak. Budismoa praktikatzen zuen lagun bat ere bazegoen (hortik gainerako % 1).

2 irudia: Erromesei galdeketa egin diete, eta baita, begiak itxita, koloretako beira-aleak lortzeko ataza jarri ere. Horrekin intuizioa eta pentsamendu analitikoa neurtu dituzte. (Argazkia: Scientific Reports)

Bestetik, saiatu dira neurtzen erromesen pentsamendua norainokoa den intuitiboa ala arrazionala. Horretarako, ataza bat jarri diete. Erromesek logikan eta intuizioan oinarritutako bi aukeren artean hautatu behar izan dute. Pentsamendu intuitiboak azkar prozesatzen du informazioa, deliberazio gutxi eginda. Pentsamendu analitikoan, berriz, geldoagoa eta deliberazio asko egiten da.

Parte-hartzaileei beira-aleak dituzten bi ontzi erakutsi dizkiete. Helburua izan da koloretako beira-aleak lortzea, baina nahastuta aurkeztu dizkiete. Handiagoa den ontzi batean beira-ale asko sartu dituzte; horietatik, %6-9 kolorekoak izan dira. Beste ontzi batean, berriz, hamar ale sartu dituzte, tartean koloretako ale bakarra. Horretan, koloretako alea eskuratzeko aukera %10ekoa izan da. Behin hori ikusita, begiak itxi eta koloretako alea non bilatu erabaki behar izan dute. Emaitzetatik ondorioztatu dute berez ez dagoela intuizioaren eta naturaz gaindiko sinesmenen arteko loturarik.

Erromesak ez diren lagunei egindako beste proba baten bidez berretsi dute ideia hori. Kasu honetan, matematika buru-hausgarriak baliatu dituzte “intuizioa handitzeko”, eta erlijio sinesmenekin loturarik ez dagoela ikusi dute.

Azkenik, garunaren estimulazioa erabili zuten inhibizio kognitiboaren maila handitzeko, prozesu honek pentsamendu analitikoa arautzen dutela uste da eta. Estimulazio hori lortzeko, bi elektrodo ezarri dizkiete garunean, inhibizioaren kontrola arautzen duen eremuan eragiteko (zehazki, eskuineko beheko zirkunboluzio frontala izeneko eremuan). Emaitzen arabera, estimulazioak inhibizio kognitiboa indartzea lortu du, baina naturaz gaindiko sinesmenak ez dira aldatu. Beraz, kasu honetan ere, bi aldaera horien arteko harreman zuzenik ez dagoela ondorioztatu dute.

Hortaz, pentsamenduak antolatzeko moduan ez, baino beste nonbaiten bilatu behar omen dira erantzunak. Coventryko Unibertsitatean lan egiten duen Miguel Farias psikologoaren arabera, “eskura dauden datu soziologikoek eta historikoek erakusten dutenez, sinesten duguna batez ere hezkuntza eta gizarte faktoreetan oinarritzen da, eta ez pentsamendu intuitibo edo analitiko bezalako estilo kognitiboetan”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Farias, M. et al. Supernatural Belief Is Not Modulated by Intuitive Thinking Style or Cognitive Inhibition. Scientific Reports 7, Article number: 15100 (2017) DOI:10.1038/s41598-017-14090-9


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.