Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten
Burua hotz mantentzeko Thomson gazelak duen ahalmena ez da, inondik ere, salbuespena. Garuneko tenperatura gorputzaren gainerakoa baino baxuago mantentzeko gaitasun bera dute ugaztun eta hegazti askok. Thomson gazelaren kasuan bezala, rete mirabile delako sistemak erabiltzen dituzte animalia gehienek horretarako. Urteetan uste izan zen hori zela burua hotzago mantentzeko homeotermoek erabil zezaketen mekanismo bakarra.
Michal Caputa fisiologo poloniarrak 2004. urtean argitaratutako berrikuspenean irakur daitekeenaren arabera, baina, ez omen da nahitaezkoa mota horretako bero-trukatzaile bat garuneko hozte selektiboa gauzatzeko, eta retea izateak ez du burua hotzago mantentzeko gaitasuna bermatzen. Ba omen dira gamelua bezalako animaliak, rete karotideo oso garatua izan arren hozte selektiborako ahalmen mugatua dutenak, eta, bestalde, txakurren sarea oso eraginkorra omen da, nahikoa xumea izan arren.
Txoriek rete oftalmikoa erabiltzen dute karotideoaren ordez helburu bera lortzeko. Hauen artean ere badira rete sinpleak dituztenak eta ondorioz garuna hozteko ahalmen mugatua, diamante mandarina izeneko txoria esaterako. Baina modu berean, ba omen dira reterik gabeko hozte selektiboa gauzatu dezaketenak ere; adibidez, kolibria.
Bero-trukatzaile modura jokatzen duen sarea izatea, hortaz, ez da derrigorrezkoa garuna hoztu ahal izateko. Izan ere, Caputak azaltzen duenez, badago odol arteriala hoztu gabe beste aukera bat garunaren tenperatura gainerako gorputzarena baino baxuago mantendu ahal izateko, garuneko sare arteriala ez duten zenbait ugaztunetan aurkitu izan dena: zainetako odolak zuzenean garuna hoztea. Aldaera txiki batzuekin hori da untxi, akuri eta arratoietan gertatzen dena. Dirudienez, hipertermia gertatzen denean, garunaren ingururantz bidaltzen den zain-odolaren kantitatea emendatu egiten da. Odol benoso hori hoztua dago sudurretik eta buruko azaletik igaro delako, azalera horietan zehar beroa ingurunerantz barreiatzen baita.
Caputaren ustez, litekeena da gizakiok ere antzeko sistema bat baliatzea gure zerebroa hipertermiatik babesteko. Gizakiaren kasuan ez da modu esperimentalean frogatu garunaren hozte selektiboa gerta daitekeenik, ez baita sekula neurtu baldintza hipertermikoak jasan behar dituzten gizabanako osasuntsuen garuneko tenperatura, baina ba omen dira zeharkako ebidentziak.
Burua hotz mantentzea irudizko adieran garrantzitsua bada, are inportanteagoa da garuneko tenperaturari 41 °C-tik behera eustea. Balio horretatik gora kalte larriak gertatzen zaizkio ia edozein animaliari, baita gizakiari ere. Ohiko egoeran, homeotermoak diren animaliek tarte txiki baten barruan mantentzen dute tenperatura, baina patogenoek, jarduera fisikoak edo/eta ingurune-baldintzek, hipertermia-egoerak eragin ditzakete. Ameriketako Estatu Batuetan, 1995tik hona futbol amerikarra jokatzen den estadioetan 40 bat jokalari hil dira partida jokatzen ari zirela, bero-kolpeak jota. Kasu guztietan, tenperatura altu eta hezetasun-maila altuetan gertatu ziren heriotzak, hau da, ariketak sorrarazitako bero-ekoizpena barreiatzeko egoerarik txarrenetan. Jakina denez, kaskoen bidez babesten dute burua jokalari horiek, eta kaskoak aurpegiaren azalera handi bat babesten du. Kontuak horrela, oso zaila suertatzen da beroa burutik galtzea. Ondorioz, hipertermia gerta daiteke, eta, kasu larrienetan, heriotza.
Arazo hori saihesteko asmoz, Atlantako Hothead Technology enpresak ekoitzitako kasko bereziak probatzen hasi dira errugbi amerikarreko jokalariak. Kasko berezi horiek sentsore termiko bat dute erantsita, jokalariaren buruko tenperatura etengabe neurtzen duena. Kablerik gabeko teknologiari esker, irrati uhinen bidez jasotako datuak entrenatzailearen PDA edo ordenagailu batera bidaltzen ditu sentsoreak. Izan ere, tenperatura balio jakin batera hurbiltzen denean informazioa sarriago jaso dezan prestatuta dago tresna; eta balioren bat aldez aurretik ezarritako balio batetik gorakoa bada, alarma akustiko bat pizten du, entrenatzaileak edo arduradunak egokia den erabakia har dezan. Hortaz, teknologiari esker bada modurik operazio-gunea den garunaren babeserako mekanismo fisiologikoek huts egiten dutenean hipertermiak ekar ditzakeen ondorio latzei aurre egiteko.
Hemen azaldu dugunez, oso garrantzitsua da burua hotz mantentzea; ugaztun homeotermook tresna egokiak ditugu horretarako, baina tresna horien eraginkortasunak mugak ditu. Mugak gainditzen direnean, bizitzaren eta heriotzaren arteko ertzera iristen gara, eta, zenbaitetan, ertza bera igarotzen ere.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
1 iruzkina
[…] Duda barik garrantzitsua da burua hotz mantentzea eta gizakiok, gainontzeko ugaztun homeotermoen antzera, baditugu tresnak horretarako. Hala ere, burua hotz mantentzea garrantzitsua bada, biologiari erreparatzen badiogu are inportanteagoa da garuneko tenperaturari 41 °C-tik behera eustea. Balio horretatik gora kalte […]