Asteon zientzia begi-bistan #209

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan


Astrobiologia

Espazioan ere plaken tektonikaren bila dabiltzala azaldu digu Juanma Gallegok. Orain arte biologiaren ikuspuntutik arreta gutxi jaso du plaken tektonikak, baina azken ikerketek iradokitzen dute rol garrantzitsua jokatu duela biziaren garapenean; hori da, hain zuzen, espazioan ere horren bila aritzearen arrazoia.

Fermi paradoxari erantzun posible berria ezagutu Sustaturen eskutik: bakarrik gaude eta kito. Paradoxa aztertzen saiatu diren zientzialari batzuk Drake-ren ekuaziotik, kalkulu probabilistikoa dena, abiatu dira. Normalean Drakeren ekuazioaren araberako kalkulu gehienetan, zibilizazio kopuru handiak lortzen dira baina, faktore ezezagunei muturreko balioak eman diete oraingoan. Balio anitzekin emaitza asko atera dira: batzuetan zibilizazioak agertzen dira eta beste batzuetan ez. Baina emaitza multzoari begira, %30ean ez da agertzen beste zibilizaziorik. Hortaz, oso posible da bakar bakarrik egotea.

Meteorologia

Gure planetan sekula neurtu den tenperaturarik hotzena neurtu dute Antartikan: -98ºC; hala irakurri dugu Sustatun. Orain arte neurtutako tenperaturarik hotzena -93ºC-koa zen, baina satelite bidez egindako neurketak beste 5 gradutan jaitsi dute datu hori. Antartikako erdi-ekialdean dagoen mendilerro garai batean jaso dituzte tenperatura horiek, mendilerro horietan dauden sakonune txiki batzuetan.

Osasuna

133 GIB diagnostiko berri jakinarazi zituen iaz Osakidetzak Berrian irakurri dugunez. Infekzio berrien %75,9 gizonei dagozkie eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urtekoa da. Infekzio berrien %45,9k diagnostiko berantiarra izan zuten, immunitate-sistema dagoeneko oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren.

Hotzeriari aurre egiteko C bitamina lagungarri deneko ustea, ustel Eduardo Angulori aste honetan irakurritakoaren arabera. Izan ere, bakar-bakarrik luzapena laburtzeko balio lezake C bitaminak, baldin eta gaixotasun garaiaren erdian hartzen bada eta gaixoek ariketa handia egiten badute eta tenperatura hotzetan badaude.

Biologia

Tresnak buruz egiteko gai dira beleek, Elhuyar aldizkarian ikusi dugunez. Ikerketa baten arabera, tresnak buruz egiteko gaitasuna dute Kaledonia Berriko beleek (Corvus moneduloides). Are gehiago, beste bele batzuk egindako tresnak oroitu eta diseinua hobetzeko ahalmena ere badute.

Zergatik txitatzen dute neguan pinguino enperadoreek? Zergatik urteko sasoirik gogorrenean? Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutiak eman digute erantzuna: Txitaldia neguan egiten dutenez, uda izango da txita jaioberria itsasora heltzen denerako eta animalia haragijale batentzat uda da sasoirik onena, orduan izaten baitira ugarien harrapakinak.

Euskalnaturari esker jakin dugu jendeak ez dituela inguruan dituen animalia asko ezagutzen eta bizi den herrialdetik kanpoko fauna hobeto identifikatzeko gauza dela. Oso ezagunak dira Afrikako megafauna (lehoiak, jirafak, elefanteak), ez horrenbeste fauna lokala. Gehien ikusten diren animaliak maskotatzat hartutakoak dira, hauetako asko exotikoak. Horrek eragiten duen arazoetako bat exotikoen askapena da, autoktonoak desplazatzea eragiten dutena.

Klima-aldaketa

Unai Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroko Ikerbasque ikertzailea elkarrizketatu dute Berrian. Nekazaritzaren intentsifikazioak ez du zertan lagundu garapenean ondorioztatu du Pascualek egindako ikerketan. Elkarrizketatuaren arabera: “zientziak erakusten du puntu batetik behera naturaren emankortasunaren galera atzeraezina dela, berreskuratzea ia ezinezkoa dela. Naturak duen erresilientzia kolokan jartzen ari gara, epe motzerako ekoizpena handitzeko”.

Matematika

Argian azaldu dutenez “Historiaren matematika” izeneko teoria garatu zuen Alexandre Deulofeuk eta zibilizazioen izaera ziklikoa aldarrikatu zuen. Deulofeuren kalkuluen arabera, zibilizazioek 5.100 urte irauten dute gutxi gorabehera, eta 1.700 urteko hiru alditan banatuta zeuden. Inperioek aldiz 550 urteko iraupena dute batez beste.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.