Ikerketan ondorioztatu dute DPPIV entzimaren jarduerak, zenbait patologiatan biomarkatzaile gisa jarduteaz gain, osasun eta egoera fisiko oneko parametroekin erlazio positiboa duela. Halaber, entzima jardueran aldeak daude sexuaren eta adinaren arabera.
Dipeptidil peptidasa-IV edo DPPIV proteina ezaguna da patologia eta egoera fisiologiko jakin batzuetako biomarkatzaile gisa. Egoera fisiologikoen, gaixotasunen eta patologien molekula adierazleak dira biomarkatzaileak, egoera jakin baten garapenaren diagnostikoa, pronostikoa eta analisia egiteko erabiltzen direnak.
Immunitate-sistemako eta glukosaren metabolismoko prozesuekin, hanturarekin eta bihotz-hodietako erregulazioarekin lotuta dago DPPIV proteina eta, horretaz gain, muskulu- eta gantz-ehunen arteko komunikazio-mekanismo gisa ere jarduten du.
Entzima gisa jarduten duen proteina bat da DPPIV, baina, aldi berean, beste mota batzuetako funtzioak ere betetzen ditu organismoan. Hainbeste funtzio eta hain ezezagunak ditu, ezen oso zaila baita zehazki jakitea zer mekanismoren bidez erregulatzen den.
Proteina honek biomarkatzaile gisa duen jardunaren gainean lortzen den ezagutza oro interesgarria da. Entzima honen inguruan argitaratu diren artikulu gehienek agerian jartzen dute patologien arabera nola aldatzen den, baina itxuraz osasuntsu dauden pertsonen parametro jakin batzuekin entzimak duen korrelazioa aztertzen duten oso ikerketa gutxi daude.
Adinaren eta sexuaren araberako diferentziak
Ikerketa 374 pertsona heldurekin egin da (40 eta 85 urtekoak). Datu soziodemografikoak, aldagai antropometrikoak (pisua, altuera, gorputz-masaren indizea, e.a.), ariketa fisikoa eta zer egoera fisikotan dauden (Senior Fitness Testeko probak erabiliz) aztertu dira.
Lortutako datuak odolean neurtutako proteinaren jarduera entzimatikoarekin korrelazionatu dira ikerketan. Emaitzen arabera, jarduera entzimatikoa erlazionatuta dago osasunari dagozkion parametro eta ohiturekin. Alegia, bizi-ohitura osasungarriagoak dituzten, jarduera fisiko handiagoa duten, egoera fisiko hobean dauden eta obesitate-adierazle gutxiago dituzten pertsonek dute jarduera entzimatiko handiena
Osasun egoeraren biomarkatzaile gisa erabil liteke DPPIV entzimaren jarduera, hortaz. Bestalde, egiaztatu da jarduera entzimatikoa handiagoa dela emakumezkoetan gizonezkoetan baino,
Halaber, emaitzak sakonago aztertu beharko lirateke, egin izan diren beste ikerketa batzuekin alderatuta, entzima-jarduera ala entzimaren kontzentrazioa neurtu, aldatu egiten dira obesitatearen ikuspegitik lortzen diren emaitzak eta korrelazioak.
Aztertutako taldea pertsona osasuntsuek edota patologiaren bat daukaten pertsonek osatzen dutenean korrelazioak aldatzen diren bezalaxe. Aztertzen den pertsona-taldearen adinaren arabera ere asko aldatzen dira emaitzak. Horren ondorioz, kontu handiz interpretatu behar dira datuak, populazio baliokideak alderatzen ez direnean.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Proteina bat, osasun-egoeraren biomarkatzaile.
Erreferentzia bibliografikoa
Obesity parameters, physical activity, and physical fitness are correlated with serum dipeptidyl peptidase IV activity in a healthy population Heliyon, 4, 5, e00627 DOI: 10.1016/j.heliyon.2018.e00627