‘Infernuan’ ere bizia garaile ateratzen dela egiaztatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Planetako toki muturrenetakoa den Dallol basamortuan mikroorganismoak aurkitu dituzte, mineralez osatutako kapsuletan sartuta. Tenperatura altuak, gatza eta azidotasuna, horiek dira bizidun ñimiño hauek gehien gustuko dituzten baldintzak.

Uda hurbiltzen den aldiro munduko bulego gehienetan dagoen eztabaida da. “Haize girotua ipini”. “Igo, mesedez”. “Jaitsi”. “Ireki leihoa, haize girotuari alergia diot”. “Eta nik alergia polenari”. “Itxi, arren, euliak sartzen dira eta”. “Ezetz ba, bestela hau infernua da”. Halako egoera batean zure burua ikusten duzun hurrengoan, pentsa gauzek txarrenera jo lezaketela. Kaferako tartean hain jatorra den lankide horren ordez filia hirukoitza duen arkeobakterio bat izan zenezake alboan. Baina arkeobakterio itxurako lankidea ez da arazo bakarra: 30 gradu horiek beharrean, 50-60 gradu izango zenituzke; eta, kafearen ordez… tira, azido sulfhidrikoaren antzeko edaberen bat.

Bulego hori daukate organismo estremofiloen bila ari diren zientzialariek, landa lanean daudenean bederen. Etiopiako Afar eskualdean kokatuta dagoen Dallol basamortuaz ari gara, Dalakill sakonunean. Planetako eskualde muturrenetakoa da bertakoa, eta tenperatura ez da, inolaz ere, arazo bakara. Azidotasun handiko eremua da ere, pH eskalan zerotik gertu edo balio negatiboetan, hain zuzen; eta, hori gutxi balitz, gazitasun altua dago bertan.

1. irudia: Hiru plaka tektonikoren artean egoteagatik, eta iraganean Itsaso Gorriak bertan gatza utzi zuelako, oso baldintza bereziak daude Dallol eskualdean. Hala izanik ere, bertan bizia aurkitzea lortu dute. (Argazkia: A. Savin / WikiCommons)

Planetaren indarrek sortu dituzte baldintza berezi horiek. Hiru plaka teknotikok bat egiten dute bertan, eta horregatik bertako lurrazala oso mehea da, 15 bat kilometrokoa. Historia geologikoan Itsaso Gorriak egin dituen joan-etorriek utzi dute zorua gatzez beterik. Azkenik, errezeta osatzeko, azpian magma beroa dago. Ura lurpean sartzen denean, magma horrekin topo egitean berehalakoan berotu eta askatu egiten da, tximinia hidrotermalen bidez. Urarekin batera doazen mineral eta gatz guztiak askatzen dira, eta bilduta geratzen dira bertan, paleta koloretsu bezain pozoitsua sortuz.

2015ean Martek duela 3.000 milioi urte zituen antzeko baldintzen analogoaren bila joana zen bertara CAB Madrilgo Astrobiologia Zentroko zientzialari talde bat; baldintza zail horietan ikerketa tresnak jarri dituzte eta aurkikuntza garrantzitsua egin dute: muturreko baldintza hauetan muturreko bizia ere badago. Scientific Reports aldizkarian kontatu dute.

Zehazki, geruza koloretsu horretako lehen milimetroetan aurkitu dituzte mikroorganismoak, mineralez osatutako oskola bitxi batzuetan txertatuta. Hala egonik, fosilak direla ematen du hasiera batean, baina orain egiaztatu ahal izan dute nanobakterioak direla. Horietatik, batzuk ohiko bakterioak baino askoz txikiagoak dira, 50 nanometro ingurukoak. Lehen aldia da bertan bizia aurkitzen dena, eta, gainera, oso bizi berezia da. Zenbait haloarchaearen antzekoak dira, baina ez dira haloarchaeak. Horregatik uste dute mikroorganismo berriak izan daitezkeela, momentuz hori zientzia-artikulu baten bitartez demostratzeko modurik izan ez badute ere. Termo-halo-azidofiloak dira, hurrenez hurren beroan, gazitasunean eta azidotasunean moldatzen direlako. Haien metabolismoari dagokienez, konposatu inorganikoen oxidazioa egiten dute “elikatzeko”, bereziki burdina eta sufrea.

CAB zentroko ikertzaile Felipe Gomezek aurkikuntzari buruzko azalpenak eman ditu La mecánica del caracol irratsaioan. “Kontua ez da bakterioak inguru horretara egokitu direnik; osterantzean, kontua da hori dela bakterio hauek duten egoerarik hoberena; haien optimoan daudela, hain zuzen”.

2. irudia: SEM eta TEM motako mikroskopia elektronikoa baliatu dute harrian txertatutako bakterioak ikertzeko. Txikienek 50 nanometroko luzera dute. (Irudia: CAB)

Gauzak horrela, aurkikuntzak bizigarritasunaren mugak ulertzeko beste aurrerapauso bat da hau. Gomezek azaldu duenez, erronka zaila da horrelako inguruetan izaten diren prozesuak ikertzea, ohiko kimikaren mugan ere daudelako. Gogora ekarri du zientzia komunitatean aspaldi piztu zen eztabaida bat, Antartikan aurkitutako ALH84001 meteoritoaren harira. “Meteorito horretan aurkitutakoa fosila ez zela esateko argudiorik handiena izan zen estruktura horiek txikiegiak zirela bizia bertan kabitzeko”, azaldu du adituak. Haren irudikoz, orain egindako aurkikuntzak babesten du biziak halako estrukturak sor litzakeela. Norabide horretan, aitortu du aukera bat dela etorkizunean meteoritoak berraztertzea, antzeko estrukturak aurkitzeko esperantzan, baina ezbaia asko sortzen duen gaia denez, ez dutela aipatu zientzia-artikuluan.

A hombros de gigantes irratsaioan ikerketa prozesuan jarraitu duten ibilbidean sakondu du Gomezek. Oso protokolo zuhurrak erabili behar izan dituztela nabarmendu du. Mikroskopia elektronikoa erabili dute, eta modu horretan ikusi ahal izan dute mintzen geruzak badirela. Azkenik, DNA erauzteko eta sekuentziatzeko gai izan dira. Izan ere, zientzia-artikuluaren ebaluatzaileak eskatu zien baieztatzea bakterio horiek jatorrizkoak zirela eta bizirik zeudela. Horretarako, in situ hibridazioa egin zuten. Teknika horrek DNA-zundak erabiltzen ditu, ezaguna den kanpoko DNA sartuta, laginaren DNAren azido nukleikoekin batu dadin; ikertzaileek hibridazio horren emaitza ikus dezakete, kolore jakin batzuen arabera. “Bakterioa metabolizatzen ari denean baino ez da gertatzen hibridazio hori”, argitu du CABeko adituak.

Mikroorganismo horiek tximinia hidrotermal batean aurkitu izanagatik, bizitza estruktura horietan sortu zelako hipotesia babesten dutenentzako beste argudio bat da. Unibertsoan bizia topatzeko esperantza ere sustatzen du aurkikuntzak, noski. “Estremofiliaren munduan izan dudan esperientziak esaten dit ur likidoa egonez gero bizia badagoela; beste parametroek ez dute axola”, esan du Gomezek. “Faktore nagusia da bizirako beharrezkoak diren erreakzio kimikoak ahalbidetuko duen disolbagarri bat egotea”.

Erreferentzia bibliografikoa

Gómez, F. et al., (2019). Ultra-small microorganisms in the polyextreme conditions of the Dallol volcano, Northern Afar, Ethiopia. Nature Scientific Reports, 9, 7907. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-019-44440-8


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.


Oharra: 2019ko azaroaren 20an Sinc agentziaren bidez beste ikerketa baten emaitzak ezagutu dira, non Dallol basamortuko ingurune geotermalean bizitzarik ez dagoela ondorioztatzen den. Izan ere, ikerketa berri honek ondorioztatzen duenez, archaea halofiloak daude (gatza gustuko duten mikroorganismo primitiboak) basamortuan eta gune hidrotermalen inguruan dauden gatz arroiletan, baina ez gatza eta azidotasuna nagusi diren urmaeletan. Ezta, Dalloleko laku Beltz eta Horian, non magnesioa den nagusi. Hau guztia, kontuan izanik, mikroorganismoen sakabanaketa handia dela inguruan, haizearen eta turisten eraginez.

Ikerketa berri honen erreferentzia: Belilla, J., Moreira, D., Jardillier, L. et al. (2019). Hyperdiverse archaea near life limits at the polyextreme geothermal Dallol area. Nature Ecology and Evolution, 3, 1552–1561. DOI:10.1038/s41559-019-1005-0.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.