Maitasunaren azalpen ebolutiboa eta epigenetikaren erronkak, Bilboko 2017ko Darwinen Egunean

Bilboko Bidebarrieta liburutegiak antolatuko du, datorren otsailaren 13an, Darwinen Egunaren hamaikagarren edizioa, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoriaren autorearen jaiotza ospatzeko. Arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldian bi hitzaldi burutuko dira, bata Jesús Zamora Bonilla UNED unibertsitateko Filosofia Fakultateko dekanoaren eskutik, eta bestea Ana Aguirre EHUko genetika-irakaslearen eskutik.

Hitzaldien ondoren mahai-ingurua burutuko da, eta bertara etorritako guztiek hartu ahalko dute parte. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik gonbidapenak jaso beharko dira liburutegian bertan urtarrilaren 8tik aurrera.

Hitzaldiak

Jesús Zamora, bere The survival of the loveliest: maitasuna darwindar ikuspegitik” izenburua eramango duen hitzaldian, naturan dauden ugalketa-mota desberdinez arituko da, bai eta maitasunaren edo adiskidetasunaren moduko lotura afektiboen agerpenaz gizakiaren kasuan. Halaber, maitemintzearen fenomeno psikologikoaren eta sexuaren –fenomeno biologiko gisa– azalpen ebolutiboa aurkeztuko digu.

Ana Aguirrek Epigenetikaren mila eta bat aurpegi hitzaldia eskainiko du. Bertan azalduko du nola, hainbat espezieren genomaren sekuentzia ezarri ondoren, zientzia ahalegin handia egiten ari den genoma horiek nola funtzionatzen duten jakiteko. Esaterako, aldaketa epigenetikoak ikertzen ari dira, organismoen funtzionamendu zuzenerako ezinbesteko mekanismoa, ingurunera egokitzea ahalbidetzen baitute. Giza osasunari dagokionez, frogatu egin da epigenetikak funtzio garrantzitsua duela zahartzearen edo minbiziaren moduko prozesuetan.

Hizlariak

Jesús Zamora Bonilla katedraduna da Logika eta Zientziaren Filosofia sailean eta, gaur egun, UNED unibertsitateko Filosofia Fakultateko dekanoa da. Bere ikerlanen gai nagusia zientziaren arrazionaltasunaren afera izan da, bereziki zientzialarien arrazionaltasunaren ikuspuntutik, gizarte-agente diren heinean. Bestalde, esperientzia zabala du zabalkunde zientifikoaren alorrean.

Ana Aguirre UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko genetikako irakasle titularra da. Bere ibilbide profesionalean zehar, giza populazioen karakterizazio genetikoaren inguruko ikerketetan, produktu genotoxikoen detekzioan edota Huntington gaixotasunaren faktore genetikoen identifikazioaren inguruko ikerketetan parte hartu du, besteak beste, genetikaren alorrean lortzen diren aurrerapausoen zabalkundean laguntzeaz gain.

Darwinen Eguna

2007az geroztik ospatzen dute Bilbon Darwinen Eguna. Zientziaren eta jakintzaren pertsona nabarmenek parte hartzeak – Francisco J. Ayala, Pilar Carbonero, Juan Luis Arsuaga eta Manuel Toharia, besteak beste – ekitaldi hau hitzordu garrantzitsua bihurtu da Bizkaiko hiriburuan zientzia eta kultura maite dutenentzat.

UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak, Círculo Escépticok eta Bilboko Udalak antolatzen dute gertakizuna. El Correok, CIC bioGUNEk, Biofisika Bizkaia Fundazioak eta UPV/EHUren Aula Espazio Gelak kolaboratzen dute ekitaldiarekin.

Xehetasunak

Data:
2017ko otsailaren 13a
Ordutegia:
19:00etatik 20:30etara

Egoitza

Tokia:
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea:
Bidebarrieta kalea, 4
Hiria:
Bilbo

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>