Hezkuntza-frogak

Nola tratatzen dira ikasgeletan ohikoenak diren nahasmendu kognitiboak? Eraginkorrak al dira egungo hezkuntza-programak eta tresnak? Hezkuntza-jardunbide hedatuenek eraginkortasunik al dute ala ez?

Horiek dira, hain zuzen, otsailaren 2an, Bilboko Bizkaia Aretoan izango den “Hezkuntza-frogak” izeneko jardunaldiko eztabaidagaietako batzuk. Aurten bigarren aldiz egingo den jardunaldia, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak antolatzen dute, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin.

Jardunaldi horretan, 9:00etatik 13:30era bitartean, hainbat adituren hitzaldiak izango dira, hezkuntzarekin zerikusia duten askotariko gaiez mintzatzeko, froga zientifikoak oinarri hartuta. Gaur egun, ikasgeletan eta, oro har, hezkuntza-sisteman aldi berean dauden errealitate desberdinei ekiteko ebidentziarik onena zein den azalduko dute adituek.

UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak eguneroko gaiak –hala nola, hezkuntza edo artea– jarduera zientifikoaren hainbat arlotatik ekiteko antolatu ohi dituen ekitaldietako bat da “Hezkuntza-frogak”. Marta Ferrero, Psikologian doktorea, arduratuko da mintegi hori zuzentzeaz.

Jardunaldia gazteleraz izango da. Sarrera doakoa da, aretoaren edukiera bete arte, baina bertaratu nahi izanez gero izen-ematea gauzatu behar da urtarrilaren 8tik aurrera, kzk.ehu@gmail.com helbidera mezua bidaliz honako datuekin: izen-abizenak eta lantokia adierazi.

Hitzaldiak:

20 eta 30 minutu arteko hitzaldi batzuk egongo dira jardunaldian, gaur egun erabiltzen diren hezkuntza-jardunbideak ebidentzia zientifikoarekin egiaztatuko dituztenak. Hitzaldiak gazteleraz emango dira.

“Autismoa eta hezkuntza: arazoak eta jarraibideak ikasgelan” izeneko aurkezpenean, Biologiako doktore eta Salamancako Unibertsitateko Biologia Zelularreko katedradun José Ramón Alonso, autismoaren kontzeptuaz arituko zaie bertaratutakoei, baita horren kausa posibleez eta gehien erabiltzen diren tratamenduez ere, maisu-maistrei eta irakasleei ikasgelan ezagutzazko nahasmendu hori tratatzen lagungarri gerta dakizkiekeen jarraibideak ezagutzeko.

Hezkuntza-arloan ikerketa eta hezkuntza-jardunbidearen artean arrail sakona dagoela oinarri hartuta, Psikologiako doktore Marta Ferrerok gaur egun sistemaren “etsai publiko” diren estrategien xehetasunei ekingo die, hots, ebaluazioari eta etxerako lanei. Ferrerok, ebidentzia zientifikoa oinarri hartuta, hezkuntza-jardunbide horiek behar bezala erabiltzen badira irakasleen benetako tresna aliatua izan daitezkeela azalduko du.

Beronika Azpillagak, UPV/EHUko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko irakasle agregatuak, berriz, EAEko ikastetxeen eraginkortasunari eta hobekuntzari buruz garatu diren bi ikerketa-proiekturen emaitzak aurkeztuko ditu. Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak eta Luis Lizasoain irakaslearen zuzendaritzapean egindako ikerketetan estatistikoki lortutako mailak azalduko ditu Azpillagak.

Joana Acha, UPV/EHUko Oinarrizko Prozesu Psikologikoen eta beren Garapenaren Saileko irakaslea, arduratuko da dislexian inplikatutako oinarrizko trebetasunak garatzeko prebentzio eta esku-hartze metodorik eraginkorrenak sakon aztertzeaz. Haurren ezagutzazko prozesuetako aditu horrek, trebetasun horiek eskuratzean garunean gertatzen diren aldaketen gaineko ebidentziak ekarriko ditu.

Psikologian doktore Joaquín Morísek oroimenak irakatsi eta ikasteko prozesuan duen zeregina aztertuko du bere hitzaldian. Aditua oroimenaren arloarekin zerikusia duten kontzeptu nabarmenetako batzuez arituko da hitzaldian eta kontzeptu horietatik ondorioztatzen diren ebidentzian oinarritutako teknikak aztertuko ditu eta horiek ikasgeletako eguneroko jardunbidean nola aplika daitezkeen azalduko du.

Inger Enkvist, Suediako Lundeko Unibertsitateko Espainiar Filologiako katedradunak emango dio bukaera jardunaldiari. Aditu horrek Suediako hezkuntza-sistemaren zokoak ezagutzera emango ditu. Besteak beste, 1962tik 1985era bitartean Suedian britainiarrek “comprehensive school” deitzen dutena sartzeko hezkuntza-lege batzuk eman ziren, eta horiek aipatuko ditu. Hauek 7 eta 16 urte arteko ikasleentzako aukera bakarra ziren.

Aurkezpenean, 1962an lehenengo erabakia hartu aurretik Suedian eskola-sistema hori inposatzeagatik sortu ziren eztabaidez, protestez, zailtasunez eta ondorioez arituko da Enkvist. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro ondoren, gizarte-egoera berri bati aurre egiteko behar den erreforma mahaigaineratuko du adituak.

Programaren osagarri, mahai-ingurua izango da, bertaraturikoek eta hizlariek ikuspegiak, zalantzak eta iritziak elkarri jakinaraz diezazkieketen.

Egitaraua:

  • 9:00 – 9:10: Sarrera
  • 9:10 – 9:20: Aurkezpena
  • 9:20 – 9:50: “Autismoa eta hezkuntza: arazoak eta jarraibideak ikasgelan”, José Ramón Alonso
  • 9:50 – 10:20: ”Ebaluazioa eta etxerako lanak: etsai publikoak ala aliatu leialak?”, Marta Ferrero.
  • 10:20 – 10:50: “Eskolaren eraginkortasuna Euskadiko ikastetxeetan: kasuak aztergai”, Beronika Azpillaga.
  • 10:50 – 11:20: Atsedenaldia
  • 11:20 – 11:50: “Esku-hartzea dislexian: ebidentzia zientifikotik hezkuntza-jardunbidera” Joana Acha
  • 11:50 – 12:20: “Oroimenaren zeregina irakatsi eta ikasteko prozesuan”, Joaquín Moris
  • 12:20 – 12:50: “Nola suntsitu hezkuntza-sistema on bat. Suediako adibidea”, Inger Enkvist
  • 12:50 – 13:30: Mahai- ingurua

Izen-ematea:

Izen-ematea gauzatu behar da urtarrilaren 8tik aurrera kzk.ehu@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Mezuan honakoak ipini behar dira: izena, abizenak, eta lantokia. (Jardunaldiko sarrera doakoa eta librea da baina leku kopuru mugatua dago, beraz derrigorrezkoa da inskripzioa.)

Xehetasunak

Data:
2018ko otsailaren 2a
Ordutegia:
09:00etatik 13:30etara

Egoitza

Tokia:
UPV/EHUko Bizkaia Aretoa
Helbidea:
Abandoibarra 3
Hiria:
Bilbo

2 iruzkin

Eman iritzia

Miren Begoñe Burgoa EtxaburuMiren Begoñe Burgoa Etxaburu

Iradokizuna:
Bigarren hezkuntzako irakaslea, Psikodidaktikan doktorea eta ikertzailea naiz (UABko LIEC taldekidea eta EHUko Magisteritzako talde batean). Euskal Herrian ISEI-IVEI erakundea egonik, ez dut oso ondo ulertzen zergatik era honetako jardunaldien antolatzaileen artean eta parte hartzaileen artean bera ez dagoen.
Bestalde, beste lerro batzuetan lanean eta ikertzen ari diren pertsonak, elkarteak,.. ere horrelako jardunaldietan egon beharko liratekeela uste dut: ISEI-IVEI, irakasleak, berritzeguneak, didaktikan aritzen direnak,…
Eskerrik asko,
Begoña

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Kaixo, Begoña,

Lehenik eta behin, eskerrik asko zure iradokizuna bidaltzeagatik. Arloko adituen iritzia ezagutzea beti da lagungarria.

Bestalde, aipatzen duzunaren harira, aurtengo jardunaldia eta iazkoa ere ISEI-IVEIren laguntzaz eta bertako aholkularien parte-hartze zuzenarekin eraman dira aurrera. Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria, Juan Ignacio Pérez Iglesias, ISEI-IVEIren Batzorde Zientifikoaren burua da eta jardunaldi hauek egiteko egitasmoa, ISEI-IVEIren zuzendaria den Xabier Aizpuruarekin batera landu zuen. Bestalde, jardunaldietako parte hartzaileak izandako Luis Lizasoian eta Beronika Azpillaga (EHUko irakasleak) harreman zuzena eta estua dute erakundearekin, bertako langileekin batera kolaboratzen dutelako ikerketa lanetan, ikerketa-talde bereko kideak baitira. Izan ere, bai Luisek eta bai Beronikak aurkeztu eta aurkeztuko dituzten ponentziak ikerketa lan horretan oinarrituta daude. Beraz, ISEI-IVEI erakundea ez da ageri modu ofizialean baina jardunaldien jatorrian parte hartu zuen eta bertako zuzendaritzaren eta kideen laguntzarekin eraman da aurrera.

Horrez gain, interesgarria deritzogu bertako esperientziak eta baita ere kanpokoak ezagutzeko aukera izatea, aniztasuna beti baita aberasgarria. Horregatik jardunaldiotan bertako adituak eta baita ere kanpokoak gonbidatzen ditugu. Aurten, esaterako, 6 hizlaritik 3 bertako ikertzaileak eta adituak dira eta gainontzeko 3ak kanpokoak.

Besterik gabe, eskerrik asko zure arretagatik.

Adeitasunez,

Uxune Martinez
Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>