Euskal Herriko ibaien kontserbazioa

Ekitaldiak

Duela mende erdi Euskal Herriko ibai gehienak egoera penagarrian zeuden. Geroztik administrazioek lan handia egin dute uraren kalitatea hobetzeko, eta poliki-poliki bizia itzultzen ari da gure ibai eta erreka askotara. Izokinaren itzulera famatua izan da zentzu honetan. Dena den, arazo guztiak ez dira konpondu: kutsatzaile berriak ageri dira gure ibaietan, habitat fisikoa oso degradatuta dago, eta zenbait espezie, hala nola ibai karramarroa, ur-satorra eta bisoi europarra, oraindik gainbeheran daude.

Horrez gain, gure ibaiengan oraindik presio handia ezartzen dugu, adibidez, baso-jarduera okerrekin, zentral hidroelektrikoekin, edo nekazaritza intentsiboarekin. Ibaiek sekulako garrantzia dute gizartearentzat, eta beraz, ekosistema hauen dibertsitatea eta funtzionamendua berreskuratzeko lan handia dugu aurretik. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da berauen egoera ondo aztertzea, gehien kaltetzen dituzten arazoak konpontzea, eta ibai naturalen portaera ezagutzea.

Arestian aipatutako gaiak izango ditu hizpide Arturo Elosegi ekologoak maiatzaren 28an, Ondarroako Beikozinin arratsaldeko 18:30etan. Zientziaren Giltzak Elkartearen eskutik Euskal Herriko ibaien kontserbazioaizenburua duen hitzaldia eskainiko du UPV/EHUko Arturo Elosegi ikertzaileak. Hitzaldia Periscopetik zuzenean jarraitu ahal izango da.

Fitxa biografikoa

Arturo Elosegi Irurtia, Tolosan jaio zen. Biologian doktorea eta EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultateko irakasle katedraduna da Landareen Biologia eta Ekologia sailean. Ibai-ekosistemen ikertzailea, bereziki habitat fisikoak biodibertsitatearekin eta ekosistemen funtzionamenduarekin duen loturari begira. Ibaien leheneratze-proiektu ugaritan parte hartu izan du administrazioarekin elkarlanean. Nazioarteko aditua da ibaien ekologiaz.

Bere ikerketa taldean Ibai-ekosistemen funtzionamendua aztertzen dute. Euskal Herriko ibaietan ez ezik, Europa, Hego Amerikako zein Zeelanda Berriko ibaietan lan egin izan du taldeak. Eta lan horietatik ateratako informazioa ibaien errestaurazioan aplikatu du gero.

Nazioartean bere argitalpen zientifikoak 140 baino gehiago dira. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 50 lan baino gehiago azaltzen dira.

Euskal Herriko ibaien kontserbazioa

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini, Iparragirre kalea 10
Helbidea
Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.