Ciencia Clip 2021, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzako bideo zientifikoen lehiaketa

Ekitaldiak

Otsailaren 15ean zabaltzen da Ciencia Clip lehiaketaren seigarren edizioan izena emateko epea, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleei zuzendutako zientziari buruzko bideoen lehiaketa. Lehiaketaren helburu nagusia, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatua, gazteenen artean zientzia eta teknologiarekiko jakin-mina sustatzea da.

Lehiaketak, bost urteko ibilbidean, 2 997 parte-hartzaileren 1 788 bideoen inskripzioak jaso ditu, eta 2021ean irekiko ditu seigarren edizioaren ateak.

Lehiaketaren parte hartzaileek izango duten erronka zientzia arloko kontzeptu bat modu ulerkor eta atseginean azaltzea da 3 eta 5 minutu bitarteko klip batean. Ikasleak izango dira haren protagonista eta eurek diseinatu eta ekoiztu beharko dute pieza. Parte-hartzaileek hiru modalitateko bideoak aurkez ditzakete:

  • Esperimentuak: esperimentu baten bidez fenomeno bat zertan datzan erakustea.
  • Ikerketak: galdera zientifiko bat erantzuteko egindako ikerketa eta haren emaitzak plazaratzea.
  • Artistikoa: kontzeptu zientifiko bat irudien, musikaren, interpretazioaren edo umorearen bidez erakustea.

Ikasleek diseinatu eta ekoitzi behar dituzte bideoak, eta aukera hauek dituzte: kamera aurrean jartzea youtuber estikoan, ikus-entzunezko materialak konbinatzea edo animaziozko bideo bat egitea.

Lehiaketako sariak honakoak dira: munduko fisikako laborategirik handiena ezagutzeko bisitaldia, Genevako CERN (Suitza), robot bat egiteko eta erabiltzeko kit osoa, eta zientzia-dibulgaziozko ikuskizun batera joateko bidaia eta hoteleko egonaldia.

Ekimenak Euskampus Fundazioaren, Big Van taldearen, Naukas zientzia-dibulgazioko plataformaren eta Scenio komunitatearen laguntza du.

Oinarriak

Aurreko urteetan bezala, lehiaketa hiru kategoriatan banatzen da: DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat, beste bat DBH 3. eta 4. mailakoentzat eta LHko oinarrizko ziklokoentzat, eta azkena Batxilergo eta LHko erdiko zikloentzat.

Gaia librea da eta youtuber estiloko bideoak edo animazio-piezak aurkeztu ahal izango dira. Gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, galegoz edo ingelesez egin ahal izango dira eta banaka zein gehienez hiru kidez osaturiko taldeetan parte hartu ahal izango da.

Pieza grabatu eta editatutakoan, parte-hartzaileek YouTube edo Vimeo bideo-plataformetan argitaratu beharko dute, eta lehiaketan izena eman ekitaldiaren webgunean. Lanak onartuak izateko, deialdiaren oinarriak bete behar dituzte, lehiaketaren web orrian ikusi ahal izango dira eta egileek euren gurasoen edo legezko tutoreen baimen zehatza izan beharko dute.

Izena emateko eta parte hartzeko epea otsailaren 15etik maiatzaren 16ra izango da.

Informazio guztia Ciencia Clip gunean.

Ciencia Clip 2021, 12 eta 18 urte bitarteko ikasleentzako bideo zientifikoen lehiaketa

Hasiera data
Amaiera data
Helbidea
Ciencia Clip webgunea
Informazio gehiago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.