Paleontologia gure planetako bizitzaren iragan geologikoa aztertzen duen zientzia da. Iraganean bizi izan zirenen arrasto fosilen behaketan eta azterketan oinarritzen du bere ikerketa. Organismo organikoen arrastoak, esaterako, landareen eta animalienak, sarritan harkaitzei itsatsita gorde ohi dira, eta hauei esker duela milioika urte Lurreko bizilagunak eta haien ohiturak nolakoak ziren ulertzeko gida gisa balio digute.
Gaur egun, fosil horien ikerketari esker zehaztasun eta zorroztasun handiagoarekin jakin dezakegu iragana nolakoa izan zen. Hala ere, fosilen esanahia azaltzeko ahaleginetan hainbat teoria sortu izan ditugu historian zehar. Askotan izaki mitologikoak izan dira teoria horietako protagonista, kondaira ugariren sorratzaile.
Xabier Murelagak, Geologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsiteko irakaslea eta ikertzailea, “Mitoak argituz paleontologiaren eskutik” hitzaldia eskainiko du martxoaren 25ean Iurretako Herri Bibliotekan. Bertan, historiako mito horiek paleontologiarekin duten harremana erakutsiko du.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Iurretako Herri Bibliotekak bultzatutako Agora, ezagutzaren plaza hitzaldi-zikloaren barruan egingo da ekitaldia, martxoaren 25ean, asteartea, 18:30ean, bibliotekan bertan. Sarrera librea eta doakoa da baina aldez aurretik izena eman behar da biblioteka@iurreta.eus helbidera e-mail bat bidaliz edo 946812726 telefonora deituz.
Hizlaria
Xabier Murelaga, Geologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2000. urtean eta Paleontologia arloko irakaslea da UPV/EHUko Geologia sailean ordutik aurrera. Tesia Nafarroako Errege Bardean aurkitutako fosilei buruzkoa izan zen. Bere karreraren hasieratik lotura estua du ikerketarekin eta geologiaren dibulgazioarekin. Ildo horretan, hainbat argitalpen zientifikotan parte hartu du, baita doktorego-tesien eta master eta gradu amaierako lanen zuzendaritzan ere. Dibulgazioaren arloan, hitzaldi, txango, liburu eta erakusketa ugari antolatu ditu.
Mitoak argituz paleontologiaren eskutik
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- Iurretako Herri Biblioteka
- Helbidea
- Bidebarrieta kalea, 4, Iurreta