Adarren istorio bat

Dibulgazioa

Soay-sheep-arjecahn
Soay aharia (arg.: Wikipedia)

Adarrak dira istorio honen protagonistak, adarrak edo adar horiek daramatzaten abereak, Hirta uharteko ardi eta ahariak hain zuzen ere. Hirta uharteko ardi-ahariak txikiagotzen ari dira urtetik urtera, eta aspaldi aritu nintzen horri buruz. Oraingo honetan, berriz, ardien tamainari erreparatu beharrean, ardi-aharien adarrei erreparatuko diet, uharteko ahari gehienak adar handikoak izan arren adar aztarnak baino ez baitituzte gutxi batzuek, eta horrek azalpen bat behar zuen, adar handiak edukitzea -hasiera batean behintzat- balio handikoa baita aharientzat.

Hirta, St. Kilda uhartedian dago, Eskoziako Mendebaldeko Uharteetatik 60 km-ra. Joan den mendearen hasiera arte, gizakiak bizi izan ziren han, uharte txiki eta txiroan, baina gizakiek handik alde egiteko erabakia hartu behar izan zuten, hain ziren gogorrak bertako bizi-baldintzak. Jendeak alde egin ondoren, ardiak heldu ziren, Buteko markesak hara eraman zituelako, uhartedi bereko Soay uhartetik hain zuzen ere. Hori dela eta, Soay ardiak izenez ezagutzen dira. Hirurogeita hamar urte baino gehiago daramatzate han eta erabat basatuta daude.

St Kilda uhartedi eta Hirta uharteko kokapen geografikoa (Irudia: The National Trust for Scotland)
St Kilda uhartedi eta Hirta uharteko kokapen geografikoa (Irudia: The National Trust for Scotland)

Biologoek, Hirta uharteko ardi-ahari populazioa ikertu egin dute azken 25 urteotan zehar. Izan ere, sekulako aukera eskaintzen du uharte txiki batean eta gizakiaren eskuhartzerik gabe bizi den animalia basatuen populazio egonkor bat ikertu ahal izateak. Gertaera berezi horrek, baldintza ezinhobeak eskaintzen ditu eboluzioarekin zerikusia duten hainbat kontu aztertzeko eta orain arte erantzun egokirik izan ez duten galderei erantzuteko.

Gauzak bere testuinguruan kokatzeko, gogora ditzagun lehenik eboluzioaren teoriaren oinarri zenbait. Bi haustepen motak eragiten diote bizidunen eboluzioari: natura-hautespena eta sexu-hautespena. Ingurumen-ezaugarriek populazio bateko kideen ugaltze-arrakastan duten eraginaren bitartez gauzatzen da natura-hautespena. Hau da, bizidun batek izango dituen ondorengo helduen kopurua ingurumen-eragile baten menpekoa bada, hautespen-presioa dateke eragile hori, bizidun horren populazioko kideen eboluzioa baldintzatuko duena ala populazio hori desagertzea ekarriko duena.

Azter dezagun orain sexu-hautespena. Arrek emeengan edo, alderantziz, emeek arrengan ezaugarri jakin batzuk hobesten dituztenean, ezaugarri horiek hedatu egingo dira populazioan, arra edo emea saiatu egingo baitira sexu-bikotekidea aukeratzerakoan beste bikotekidea ezaugarri horiek dituenarekin parekatzen. Prozesu horretan datza sexu-hautespenak eta bere bitartez, ezaugarri jakin batzuk dituzten aleak ugaritu datezke populazioan. Paumaren buztana da sexu-hautespenaren bidez aukeratutako ezaugarrien adibiderik ezagunena: tamaina handikoak diren eta lumeen kolore biziak dituzten buztanak nahiago dituzte emeek arrengan eta, hori dela eta, horrelako buztanak dituzten arrak aukeratu dira espezie horretan. Teoriak diosku arren kalitate genetiko orokor on batekin uztartuta egon behar dutela ezaugarri deigarri horiek. Izan ere, buztan dotoreak sortzea eta mantentzea oso garestia da eta areago, harraparientzat harrapakin izatea errazten du buztan horrek; beraz, beste ezaugarri gehienak oso onak izan behar dira halabeharrez; bestela buztan ederdun ale horiek ez lukete luze bizirik iraungo.

Horixe da, hain zuzen ere, emeek buztan dotorea duten arrak hobesteko arrazoia. Baina kontu horren inguruan bada galdera-ikur bat; izan ere, zenbait kasutan aldagarritasun handia dago sexu-hautespena gidatzen duten ezaugarri horietan, eta ez dago batere argi horren arrazoiak zein diren. Azken batean, bikotekide emeek ezaugarri jakin batzuk nahiago badituzte arrengan, azkenean oso antzekoak izatera heldu beharko lirateke ar guztiak. Baina, esan bezala, askotan ez da hori gertatzen eta interes handikoa da hori ez betetzearen zergatia ezagutzea. Eta honetara datoz Hirtako aharien adarrak, adar horiekin antzeko zerbait gertatzen baita: guztiak ez dira tamaina berekoak, ez eta antzekoak ere.

soay nature12489-f1
RXFP2 genotipoa eta adarren morfologiaren aldagarritasuna; adibide zenbait: a) Ho+ Ho+ genotipoko lau urteko aharia adar normalekin; b) Ho+ HoP genotipoko bost urteko aharia adar normalekin; c) HoP HoP genotipoko bost urteko aharia adar normalekin; d) HoP HoP genotipoko hiru urteko aharia adar aztarnekin.

Ezaguna da ugaltze-sasoian ardiekin parekatzeko lehia handia gertatzen dela aharien artean eta, lehia horretan, berebiziko garrantzia dute adarrek, adarrez elkar joaz talka egiten baitute ahariek bata bestearen aurka. Borroka horien emaitzek erabakitzen dute zein izango den ardi gehien ernalduko dituen aharia. Hortaz, arrarentzat oso garrantzitsua da tamaina eta erresistentzia handiko adarrak edukitzea. Baina, harrigarria bada ere, ahari gutxi batzuek ez dute adarrik, edo hobeto esan, egiazko adarren ordez adarren aztarnak baino ez dituzte. Esan bezala, oso gutxi dira, %13 izan ere, baina konstante mantentzen da ehuneko hori nahiz askoz ere ugaltze ahalmen txikiagoa duten ahari horiek. Izatez, ugaltze arrakastaren eta adarren tamainaren arteko korrelazio positibo esanguratsua dago eta, gainera, heredagarritasun handia du adarren tamainak. Bestalde, ahariek ez bezala, ardi guztiek ez dute adarrik, baina dutenen ardienak, txikiagoak dira. Ardi batzuek (%32), adar txikiak baina normalak dituzte; beste batzuek (%40), adar aztarnak baino ez dituzte; eta azkenik, adarrik gabeak dira besteak (%28).

Azken urteotan egindako ikerketen arabera, RXFP2 izena duen gene baten menpekoa da adarren tamainaren aldagarritasun gehiena. Soay ardi-ahariek gene horren bi alelo dituzte, alegia Ho+ eta HoP. Ho+ aleloak adar handiak edukitzen laguntzen ditu eta HoP aleloak, berriz, txikiak; izan ere, HoP HoP ahari homozigotikoen erdiak adar aztarnak dituzte, eta beste erdiak, adar normalak baina ez oso handiak. Beste ahariek berriz, adar handiak dituzte baina oraindik ere, tamaina desberdinekoak. Teoriak aurreikusten du HoP HoP hornidura genetikoa duten ar homozigotikoek ugaltze arrakasta txikiagoa dutela Ho+ HoP (heterozigotiko) eta Ho+ Ho+ (homozigotiko) hornidura genetikoa dutenek baino. Hortaz, sexu-hautespena izango balitz ahari horien adarren tamainari eragiten dion prozesu bakarra, ez litzateke egon beharko HoP HoP aharirik. Baina egon, badaude.

Ikerketa berean egindako beste aurkikuntza baten arabera, ahari guztien biziraupen probabilitatea ez da berdina, eta RXFP2 geneak badu zereginik horretan ere. Izatez, Ho+ Ho+ aharien biziraupen probabilitatea apalagoa da beste biena (Ho+ HoP eta HoP HoP) baino. Hortaz, Ho+ Ho+ ahariek ordainsari bat ordaindu behar dute adar luzeak edukitzearen truke. Ez dakigu zein den biziraupen apalago horren zioa, baina litekeena da Ho+ Ho+ ahariek adar handiagoak edukitzeagatik metabolismo gastu garaigaoa izatea. Bestalde, adar handidun ahariek ardiak zaintzen ematen dute denboraren erdia eta, horren ondorioz, gutxiago jaten dute, eta hori gutxi balitz, bere taldeko ardiak defenditu behar dituzte beste aharien ernaltze-ahaleginetatik. Hierarkia maila apalagoko ahariek (gazteek eta adar laburragokoek) denboraren %5 baino ez dute ematen ardiak ernaltzen saiatzen; izan ere, parekatzeko joera oportunista dute, hau da, bakarrik geratzen diren ardiak baizik ez dituzte ernaltzen.

Hortaz, baditugu hemen egokitze maila (fitness) baldintzatzen duten bi ezaugarri demografiko desberdin baina, neurri batean bederen, uztartuta: ugaltze arrakasta dago batetik, eta biziraupen probabilitatea, bestetik. Bi ezaugarri horiek uztartzen direnean, egokitze mailaren neurri bat kalkula daiteke eta honakoa dugu kalkulu horren emaitza: egokitze maila garaiena duten ahariak heterozigotikoak dira, alegia Ho+ HoP hornidura genetikoa dute. Ardietan berriz, ez dago gene horrekin loturiko egokitze mailen arteko desberdintasunik, ez biziraupen probabilitatea ez ugaltze arrakasta, ez baitira desberdinak hornidura genetiko horren arabera.

soay 2 nature12489-f2

Beraz, trade-off izeneko harreman bat dago aharien Ho+ aleloak sustaturiko ugaltze arrakastaren eta HoP aleloak sustaturiko biziraupen probabilitatearen artean, eta harreman horren ondorioz, adarren tamainaren aldagarritasuna mantentzen da ahari-ardi horien populazioan. Ardien artean dauden desberdintasunak, bestalde, aharien artean daudenen ondorio genetiko dira; ez dute inolako esangura berezirik.

Bukatzeko, esan beharra dago hasieran aipatu dudan galderari erantzun dotorea eman diola hemen aurkeztu dudan ikerketak. Gogora dezagun galdera: Nola manten daiteke aldakor sexu-hautespenaren pean dagoen ezaugarri bat? Eta ikerketa honek eman duen erantzuna, honakoa: sexu-hautespenak eta natura-hautespenak batera eta kontrako norabidean jokatzen dutelako. Ez dakigu aurkikuntza hau beste kasu guztietan aplikatzeko modukoa den ala ez, baina litekeena da Soay aharien adarrekin gertatzen dena beste populazio edo espezie askotan gertatzea hautespen mota biek alderantzizko eragina baldin badute.

Iturria: Susan E. Johnston, Jacob Gratten, Camillo Berenos, Jill G. Pilkington, Tim H. Clutton-Brock, Josephine M. Pemberton & Jon Slate (2014): “Life history trade-offs at a single locus maintain sexually selected genetic variation” Nature 502: 93-96

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.