Paco Etxeberria: “Azken 30 urteotan egin dugun aurrerapauso garrantzitsuena EHU sortzea izan da”

Elkarrizketak

Peru S. Gamarra

Zientzialariek, maiz, bere kasa egiten dute lan. Izan ere, askotan, zaila egiten zaigu aurrera daramaten jarduna zein den ikustea eta, are zailagoa oraindik, egiten dutena behar bezala ulertzea. Lanean ikusten ditugu, baina nekez dakigu zehazki zertan dabiltzan. Kimikari batek, adibidez, laborategian egiten du lan eta bertan egiten duena behar bezala ulertzeko zailtasunak izaten ditugu. Bera hor dago, lanean etengabe, buruari bueltak emanez, baina kostata jarraitu dezakegu egiten duena. Berdina gertatzen da biologo edota astronomo batekin. Baita, matematikari edota mediku batekin ere. Honela, gizarte bezala, asko kostatzen zaigu zientziaren aurrerapausoak ulertu eta behar bezala barneratzea.

Argi dago pertsona hauen guztien lana jarraitzeko ezagutza minimo batzuk behar ditugula (kasu askotan bai, gutxienez). Ezinezkoa da matematikari batek garatu duen teorema berria ulertzea matematiketan minimo batzuk ez baditugu. Egia da. Honetan ez dago zalantzarik. Hala ere, badira beste zenbait zientzialari kontrako aldean daudenak. Hau da, euren lana zeharo publiko eta ezaguna dena. Seguru aski ere ondorio horietara iristeko zein bide erabili duten –edo dituzten- identifikatzea zaila zaigu, baina euren lanaren ondorio eta fruituak bai ulertzen ditugula.

Francisco-Etxeberria
Paco Etxeberria

Gure hurrengo protagonistari hori da gertatzen zaiona. Hau da, bere ikerketen emaitzak mundu guztiak ezagutzen ditu. Francisco Etxeberria auzitegi medikuari buruz ari gara. Seguru aski ere, gure herriak eman duen zientzialari ezagun eta bikainenetako bat. Kasu izugarri mediatikoak aurrera eraman ditu eta, bere lanari esker, nahiz eta berak ez onartu, historia aldatzeko gai izan da. Hala ere, ez dugu kasu hauetaz hitz egin. Beste aurpegi bat ezagutu nahi izan dugu. Hauek dira bere hitzak…

Euskal Herriko Unibertsitatean doktorea zara Medikuntzan, baita Lege eta Auzitegi Medikuntzako mediku espezialista, auzitegi-antropologian eta biologian espezialista Madrilgo Complutensean eta Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra EHU-ko Medikuntza Fakultatean ere. Ez da gutxi. Nola definituko zenuke zure lana?

Atipikoa den mediku bat naiz ni. Nahiko atipikoa, esango nuke. Nire alorrean, medikuntzan, honela kontsideratu izan zait, behintzat. Kontutan hartu behar da auzitegi medikua izatea gaur egun modan egon daitekeen zerbait dela, baina nire garaian hau ez zen honela. Honegatik diot nahiko mediku atipikoa naizela. Nire lana nolakoa den definitzerakoan, aipatu behar dut, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea naizela eta, aldi berean, baita Aranzadi bezalako elkarte bateko kide ere. Bi gauza hauek batuz, edozein ikerlarik egin beharko lukeen lana burutzen dut: eskoletan irakastea, unibertsitatean ikertzea eta nik dakidana gizarteari helaraztea. Irakasle lana unibertsitateari esker burutzen dut eta gizarteari nire lana transmititzea Aranzadi bezalako elkarte bati esker. Nik uste bi gauza hauek zientzialari guztiek egin behar dituzten bi betebehar direla.

Zure lanetik, zer da gehien gustatzen zaizuna?

Gaur egun, irakasle lanarekin asko disfrutatzen dut. Egia esan, aurrean ditudan ikasleak ikusten ditudan bakoitzean oso prestatuta daudela konturatzen naiz eta honek sekulako poztasuna ematen dit. Gu gazteak ginenean baino askoz ere prestatuago daude, zalantzarik gabe. Badakit jende asko ez dela nirekin ados egongo, askok kontrakoa uste baitute, baina uste hori erabat dago oker. Gaur egungo gazteria inoiz baino prestatuago dago. Medikuntza ikasketen azkeneko kurtsoa burutzen dauden ikasleak bikainak dira. Berriz diot, bikainak. Inolako arazorik gabe ordezkatu gaituzte. Honek guztiak sekulako poza eta lasaitua ematen dit. Gazte hauek bizitzak salbatuko dituzte etorkizunean.

Eta, ikerkuntzari dagokionez? Zertan disfrutatzen duzu gehien?

Nire lanak gizarteari positiboa den zerbait ekartzen dionean, asko disfrutatzen dut. Eta hau, arrazoi sinple batengatik esaten dut. Unibertsitatean bada joera bat norberaren curriculuma argitaratutako artikuluen arabera neurtzeko. Irakasle asko honekin txoratzen dira. Beraiei beste guztiak berdin die baldin eta aldizkari batean, bide batez inork irakurtzen ez duen aldizkari batean, ‘paper’ bat argitaratzen badute. Gainera, obsesio honek gizartearentzat garrantzi gutxi izan dezakeen lan bat egitera bultzatu ditzake. Interes gutxi izan dezakeen zerbait burutzera, hain zuzen ere. Artikuluekin curriculum bat hobetzeko obsesio horrek asko kezkatu eta haserretzen nau. Badira irakasle batzuk beren curriculuma bi arratsaldetan egiten dutenak eta hori ez da egokia. Curriculuma puztea baino, hobe da gizarteari ekarpen bat egitea.

Denak ez dira honelakoak izango, ezta?

Noski ezetz! Honen aurrean, badira jokaera apalagoa erakusten duten irakasle batzuk, goizean eskolak ematen daudenak eta, aldi berean, goiz horretan bertan norbait operatzen ibili direnak. Errealitatea hori da. Goizeko 8tan ebakuntza egin eta norbaiten bizitza salbatu eta, horren ostean, eskolak ematera doaz gustura asko. Gainera, irakasle hauentzat jokaera hau normala den zerbait da. Egin behar duten zerbait, alegia. Eta noski, curriculuma artikuluen bitartez hobetzeko obsesioa duten horiek, beren zilborra besterik ez dute ikusten. Are gehiago esango nuke. Asko ez dira ezta bere bulegotik atera! Kritika gogorra izan daiteke hau, baina nik honela ikusten dut.

Zer esan nahi duzu honekin? Irakasleak eguneratua egon behar duela, ezta?

Hori da. Derrigor egon behar du eguneratua. Bere lana eta betebeharra da! Kimika irakasle batek, adibidez, bere inguruan gertatzen dena ezagutu behar du derrigorrez. Hau da, industria bera ezagutu behar du. Beste adibide bat emango dut. Zuzenbide irakaslea bazara eta zure audientzia probintzialean gertatzen direnak ez badituzu ezagutzen, oker ibiliko zara. Gezurra dirudi baina irakasle batzuk ez daude bat ere eguneratuak eta inguruan gertatzen dena berdin zaie. Oso kezkatzekoa da hau guztia.

Baina sistema bera ez dago honela muntatua? Hau da, ez al da gehienetan irakasle baten edo departamentu baten lana artikuluen bidez neurtzen?

Bai. Errealitatea hori da. Honek ekartzen duena zera da, deialdi baten aurreko egunetan irakasle asko korridoreetan zehar oso kezkatuta eta obsesionatuta ikustea. Jende asko pasilloetan zehar sufritzen ikusten duzu era batean edo bestean proiekturen bat asmatu behar dutelako. Noski, proiektu hori ez ateratzeak gaizki utzi ditzake irakasleak bere kolektiboaren barruan. Hortik dator obsesioa eta nik uste oso oker gabiltzala.

Eta zer egin dezakegu honen aurrean? Zein irtenbide planteatzen duzu?

Nire ustez, curriculuma neurtzeko erabiltzen diren baremoak gaizki daude. Adibidez, kontutan hartzen den gauza bat patenteak dira. Curriculumaren parte hori alor batzuetan inportantea izango da eta beste batzuetan ez. Argi dago. Geografia eta Historia ikasten dabilen pertsona batentzat patenteek ez dute inolako zentzurik. Ondoren bada beste kontu bat kezkatzen nauena ere. Unibertsitatea, gure gizartean, bertan lan egiten dutenei eta horien semeei inporta zaie bakarrik.

Azaldu ezazu zure burua…

Begira, erraza da. Gaur egun, unibertsitateko langilea bazara edota bertan seme edo alaba bat baduzu, unibertsitateak garrantzia handia izango du zuretzat. Zure semeak unibertsitatea uzten duen momentuan, unibertsitateak ez du garrantzirik izango zuretzat. Eta hau oso larria da ere. Gure gizarteak defizit handia du honekin. Euskadin azkeneko 30 urteetan gertatu den gertakari garrantzitsuena zein den galdetuko bazenu, batzuek Ertzaintza sortu izana esango dute. Beste batzuek, ordea, Osasun Publikoan egin ditugun aurrerapausoak goraipatuko dituzte. Nire ustez, azkeneko 30 urteetan izan dugun gertakari inportanteena unibertsitate potente bat sortu izana da, zalantzarik gabe.


Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.