Minbiziaren loteria ankerra

#KZJaia · Kolaborazioak

Dokumentazioa eta matematika baliatuta, minbiziaren kausak nagusiki ausazkoak direla kalkulatu dute Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein ikertzaileek. Gaitza izateko arriskuaren herena baino ez dago lotuta genetika edo ingurune faktoreei.

Minbizi batek askotariko kausak izan ditzake, baina zenbaterainoko pisua dute faktore batzuek eta besteek? Zein neurritan egotzi diezaiokegu errua genetikari, eta zenbateraino osasungarriak ez diren ohiturei? AEBtako Johns Hopkins Unibertsitateko bi ikertzailek matematika aplikatu dute auzi honetan, galderoi erantzuna emateko. Science aldizkarian argitaratu berri den artikuluan azaldu dutenez, minbizia izateko arriskuaren herena baino ez dago lotuta genetikari edo ingurune faktore deiturikoei. Beste bi herenak ausazkoak direla esan daiteke: pertsona bati zein besteari berdin-berdin gerta dakioke, baina ageriko arrazoirik gabe, bati gertatzen zaio, eta besteari ez.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia Hiztegian azaltzen den bezala, “minbizia gerta dadin zelula bat eraldatu behar da, eta, horren ondorioz, zelula horren ugalketa kontrol eta ordenarik gabekoa izango da”. Eraldaketa horren kausa izan daiteke gaixoari familiatik datorkion mutazio bat, edo neurri batean behintzat inguruneak (tabakoa, eguzkia…) sustatu duen bat. Baina aipaturiko artikuluan argitu dutenez, nagusiki ausazko akatsak dira, DNAren erreplikazio prozesu arruntean besterik gabe gertatzen diren mutazioak.

1. irudia: Minbizia izateko arriskuaren bi heren ausazkoak dira. (Argazkia: Ben Scholzen / CC BY 2.0)
1. irudia: Minbizia izateko arriskuaren bi heren ausazkoak dira. (Argazkia: Ben Scholzen / CC BY 2.0)

Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein ikertzaileek dokumentazioa eta matematika baino ez dituzte behar izan ondorio horretara iristeko. 31 ehun mota hartu dituzte aztergai, eta mota bakoitzeko zelulen artean, zelula amak zenbat izan ohi diren identifikatu dute, bai eta bizitza osoan zelula ama horiek zenbatetan zatitu ohi diren ere.

Minbizi baten abiapuntua izan daitekeen mutazio bat sortzeko arriskua, txikia izanda ere, zatiketa zelular bakoitzean dago. Eta batez ere zelula ametan, beste zelulak azkarrago hiltzen baitira, eta balizko mutazioak horiekin batera desagertu. Horregatik egin zuten aukeraketa hori Tomasettik eta Vogelsteinek. Ondoren, AEBtako dokumentazioan oinarrituta, 31 ehun horietako bakoitzean minbiziren bat izateko arrisku tasa zenbatekoa den begiratu zuten, eta zifra horiek zelula amen zatiketa kopuruarekin alderatu. %65eko (ia bi heren) korrelazioa atera zitzaien.

Horrenbestez, zelula amak zenbat eta gehiago zatitu, orduan eta arrisku handiagoa dago minbizi bat sortzeko. Besterik gabe. Zatiketa zelularra berezkoa da, ugariagoa ehun mota batzuetan eta urriagoa beste zenbaitetan, baina prozesu naturala, nolabait esatearren. Eta berezko prozesu horretan izaten diren ausazko gertakariek pisu handiagoa dute minbizi baten sorreran, inguruneak edo genetikak baino. Matematikak hala dio.

2. irudia: Minbizi mota bakoitzaren matematika irudikatzen duen ilustrazioa. (Argazkia: C. Tomasetti, B. Vogelstein and illustrator Elizabeth Cook, Johns Hopkins)
2. irudia: Minbizi mota bakoitzaren matematika irudikatzen duen ilustrazioa. (Argazkia: C. Tomasetti, B. Vogelstein and illustrator Elizabeth Cook, Johns Hopkins)

Gainera, horrek garbi islatzen du zergatik diren minbizi mota batzuk ohikoagoak. Esaterako, gizakietan, koloneko minbizia askoz ere arruntagoa da heste meharrekoa baino, eta koloneko ehunean gertatzen diren zelula amen zatiketak heste meharrekoan halako lau dira. Tomasettik nabarmendu bezala, “argudiatu daiteke kolonak ingurune faktore gehiago jasaten dituela, hartutako mutazioak izateko arrisku potentziala handituz”. Saguekin egindako ikerketen emaitzak, baina, Tomasetti eta Vogelsteinen tesiaren aldekoak dira: animaliotan, heste meharreko zelula amen zatiketa ugariagoa da kolonekoa baino, eta minbizi mota hori izateko arriskua ere bai.

Bestalde, ingurune faktoreak eta genetikak garrantzi handiagoa dute minbizi mota batzuetan besteetan baino, eta hori ere egiaztatu ahal izan dute bi ikertzaileok. “Minbizi mota batzuetan, hura izateko arriskua handiagoa da, berez zelula amen zatiketa kopuruak iragartzen duena baino. Hain zuzen ere espero genuen minbizi mota horietan ikusi dugu hori: biriketako minbizia (erretzeari lotuta), azaleko minbizia (eguzkiari), eta herentziaz jasotako sindromeekin zerikusia duten zenbait minbizi. Ikerketa honek erakusten du erretzeak edo beste zenbait bizimodu ohitura kaskarrek minbizia izateko arriskua handitu dezaketela. Hala ere, zenbait minbizi zorte txarrari lotuta daude neurri oso handi batean, bizimodua eta genetika edozein izanda ere. Halako minbiziak desagerrarazteko modurik onena detekzio goiztiarra da”, azaldu du Vogelsteinek.

Erreferentzia bibliografikoa

Cristian Tomasetti, Bert Vogelstein. Variation in cancer risk among tissues can be explained by the number of stem cell divisions. Science, 2 January 2015: Vol. 347 no. 6217 pp. 78-8. doi: 10.1126/science.1260825


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

2 iruzkinak

  • […] Minbiziaren loteria ankerra artikulua ekarri zigun Amaia Portugalek Zientzia Kaiera honetara urtarrilaren 7an. Bertan esaten zigun minbizien bi herenak zoriari lotuta daudela (“zorte txarra”) eta ez faktore genetikoei edo kanpoko eraginari. Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein ikertzaileek Science aldizkarian […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.