Gaur egun gizakiak itsasoaz egiten duen erabilera konparagarria da XIX. mendearen hasieran lurrazalean egiten ari zenarekin. Mugarik gabeko ustiapen hark animalia askoren desagerpena ekarri zuen, eta neurririk hartu ezean, patu berbera izan dezake itsas biodibertsitateak hurrengo 150 urteotan.
Azken 500 urteotan, gure planetako lurrazalean bizi ziren 500 animalia espezie inguru desagertu dira giza aktibitatearen erruz. Itsasoan, aldiz, bilakaera ez da hain dramatikoa izan: bertan, denbora tarte berean, 15 bat izaki mota galdu ditugula kalkulatu dute adituek. Izan ere, gizakiaren esku-hartzea lehenago eta basatiago hasi zen bere habitatean ozeano sakonean baino. Dena dela, denbora kontua besterik ez da izan. Itsasoko biodibertsitatearen biziraupena fase arriskutsu batean dagoela ohartarazi berri du AEBtako zenbait zentrotako ikertzaile talde batek.
Itsasoaren osasunaren bilakaerari eta horretan inpaktua duten askotariko adierazleei erreparatu diete zientzialariok. Science aldizkarian argitaratu duten artikuluaren arabera, gaur egun gizakiak itsasoaz egiten duen erabilera konparagarria da Industria Iraultza abiatu zen unean lurrazalean egiten ari zenarekin.
Hala berretsi du Douglas McCauley artikuluaren egile nagusi eta Kalifornia Santa Barbara Unibertsitateko ikertzaileak: “Zantzu askok erakusten dute industria iraultza baten hastapenak ikusten ari garela orain ozeanoetan”. XIX. mendetik aurrera desagerrarazitako basoek eta agortutako baliabide naturalek zeresan handia izan dute lurrazalean bizi ziren animalia askoren desagerpenean. Horrenbestez, neurririk hartu ezean, patu berbera izan dezake itsas biodibertsitateak ere hurrengo 150 urteotan.
Une honetan, ozeanoetako biztanleria nahiko osasuntsu dagoela diote ikertzaileek, lurrean duela ehunka edo milaka urte zegoen egoeraren pare. Izan ere, duela mende pasatxo arte, gizakiak itsasoan zuen esku-hartzea mugatua zen: arrantzontziak nahiko txikiak ziren, eta kostatik gertu antzean aritzen ziren nagusiki. Baina Stephen Palumbi Stanford Unibertsitateko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek azaldu bezala, arrantza industrialaren garapenak aukera eman dio gizakiari ia edonora iritsi eta edozer harrapatzeko, bertako espezieen biziraupena arriskuan jarriz.
“Izkira haztegiak mangladiak irensten ari dira, nekazaritzaren hedapenak larreak eta basoak irentsi zituen moduan. Itsas zorua zulatzearen aldeko ahotsak garai bateko urre bilatzaileen pare dabiltza, eta 300 tonadun itsasoko meatze makinak eta 230 metroko arrantzontziak dabiltza lan horietan orain”, adierazi du Palumbik, itsasoan murgiltzen ari den industria horren adibide batzuk emate aldera.
Hain zuzen, ozeanoetan gertatzen ari diren aldaketen erakusle diren sei adierazle aipatu dituzte artikuluan: babestutako itsas zonaldeak inguratzen dituzten koral arrezifeen azalera, mangladien azalera, itsas aerosorgailuen kopurua, nazioarteko uretan mineralen erauzketara bideratutako itsas hondoaren azalera, portuetako trafikoa eta oxigeno murrizketa jasan duten hildako zonalde deiturikoen kopurua. Adierazle horietan guztietan azken hamarkadetan gertatzen ari diren joerek iradokitzen dutenez, mehatxua gero eta handiagoa da itsas espezieentzat.
Horri guztiari oro har klima-aldaketa izaten ari den inpaktua gaineratu behar zaio, adituen arabera, kalte handiagoa eragiten ari baita itsasoko faunan lehorrekoan baino. “Akuario bat izan duen edonork dakien bezala, berogailuari egurra ematen badiozu eta uretara azidoa botatzen baduzu, zure arrainak arriskuan daude. Klima-aldaketa horixe bera egiten ari zaio ozeanoari oraintxe”, esan du lan honetan parte hartu duten eta Rutgers Unibertsitateko ikertzailea den Malin Pinskyk.
Parke, kostalde eta beste zenbait zonalde zehatzetan egin izan den bezala, itsasoaren kasuan ere natura erreserbak izendatu beharko dira, biodibertsitateari euste aldera. Ikertzaileon arabera, hori eta beste hainbat neurri hartzeko garaiz gaude oraindik. “Ozeanoetan askoz ere espezie gutxiago desagertu dira oraingoz, eta egoerari buelta emateko behar ditugun osagaiak eskura ditugu oraindik, beraz”, adierazi du McCauleyk.
Erreferentzia bibliografikoa
McCauley et al. Marine defaunation: Animal loss in the global ocean. Science, 16 January 2015, Vol. 347 no. 6219. doi: 10.1126/science.1255641
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”