Aerosolak, euri osteko usainaren balizko erantzule

#KZJaia · Kolaborazioak

Ur tanta batek gainazal bat jotzen duen unea grabatu dute urratsez urrats MITeko bi ikertzailek, euri ostean geratu ohi den lurraren usainaren moduko hori nondik datorren argitzeko. Tantak lurzoruarekin inpaktua egiten duenean burbuila txiki batzuk sortzen direla ikusi dute, eta litekeena da horiek eramatea lurraren aromak eguratsera.

Euri zaparrada arinek usain berezia uzten dute ingurunean, batez ere denbora luzean busti ez eta aspaldiko partez botatzen duenean. Ez dago ikertzailea izan beharrik hori antzemateko: denok sumatu dugu inoiz lur usainaren moduko hori. Isabel Joy Bear eta R. G. Thomas geologo australiarrek izena ere jarri zioten 1964an: petrichor, itxuraz landareetatik eratorritako koipeek eta bakterioetako zenbait substantzia kimikok euriaren ostean utzitako lurrina.

Nola iristen dira usain horiek airera, ordea? Eta zergatik euria bota ondoren? Young Soo Joung eta Cullen R. Buie Massachusetts Institute of Technologyko (MIT) ikertzaileek balizko erantzun bat aurkitu diete galdera horiei, euri tanta bat gainazal batean erortzen den unea abiadura handiko kamerekin grabatuta. Nature Communications aldizkarian eman dute haien ikerketaren berri.

Irudia: Tantak gainazala jo eta burbuilak sortu eta lehertzen diren unea.
Irudia: Tantak gainazala jo eta burbuilak sortu eta lehertzen diren unea. (Argazkia: Young Soo Joung)

Ikertzaileok ikusi dutenez, euri tanta batek gainazal porotsu bat jotzen duenean, kontaktu puntu horretatik aire burbuila oso txikiak hartzen ditu. Burbuila horiek gora egin eta lehertu egiten dira halako batean, eta aerosolak askatzen dituzte; hau da, partikulak, kasu honetan euri tantak lurrazalean (edo ur azalean) izandako inpaktutik eratorriak. Bada, euri usainaren erantzuleak aerosol horiek dira, haien hipotesiaren arabera: aerosol horiek elementu aromatikoak daramatzatela uste dute, bai eta tantak jo duen lurzoruko bakterioak eta birusak ere.

“Orain arte jendeak ez zekien lurrera eroritako tantek aerosolak eragin zitzaketenik. Aurkikuntza hau erreferentzia ona izan daiteke etorkizuneko lanetarako, eta lagundu dezake argitzen zer mikrobio eta osagai kimiko dauden lurzoruan eta bestelako material naturaletan, eta nola iristen diren ingurunera, bai eta gizakiengana ere”, azaldu du Young Soo Joung ikertzaileetako batek. Beraz, jatorria lurzoruan duten zenbait gaitz nola kutsatzen diren ulertzeko ere urrats baliagarria izan daiteke honakoa.

Joungek eta Buiek 600 esperimentu inguru egin dituzte guztira, 28 gainazal mota baliatuta: 12 material artifizial eta 16 lurzoru lagin. Saio horietan, ur tanta bakanak bota dituzte gainazal horien gainean, zaparraden simulazioak eginez eta askotariko eurite intentsitateak probatuz. Aldi berean, abiadura handiko kamerak baliatu dituzte euri tanten inpaktuaren unea filmatzeko.

Aurrez inoiz detektatu gabeko mekanismo hori antzeman dute horrela. Tantak gainazala jotzen duenean, lautu egiten da, eta aldi berean, burbuila txikiak sortu eta ateratzen dira gainazaletik, tanta zeharkatuz eta azkenerako airean lehertuz. Tantaren abiaduraren eta gainazalaren propietateen arabera, litekeena da aipaturiko aerosol horiek agertu eta airean hedatzea. Hain zuzen, tantaren abiadurak eta jotzen duen gainazalaren iragazkortasun ahalmenak baldintzatzen du hori. Gauzak horrela, bi ikertzaileon hipotesiaren arabera, esaterako euri zaparrada arina izaten denean sumatzen da lur usainaren moduko hori, baina ez euri-jasa handia botatzen duenean.

MITen egindako ikerketa laburbiltzen duen bideoa.

Horri lotuta, Joungek gaineratu duenez, “euri arinak hondar edo buztinezko zorua jotzen duenean, aerosol ugari azaltzen dira, gainazal horrek bustigarritasun propietate ertainak dituelako. Euri-jasa handiek, ordea, inpaktu abiadura altua dute, eta horrek esan nahi du ez dagoela nahikoa denborarik burbuilak sortzeko”. Eta aerosolik eta usainik ere ez, beraz.

Burbuila horiek aerosolak eta usaina ez ezik, lurzoruko bakterioak ere zabaldu ditzaketelakoan, Joung bestelako esperimentu batzuk egiten ari da orain. Esaterako, E. coli eta halako patogenoak dauzkaten gainazalekin ari da lanean, ikusteko ea euriaren bitartez hedatu daitezkeen. Nature Communications aldizkarian argitaratu berri duten ikerketatik abiatuta, baiezkoan daude. Izan ere, egindako esperimentuetan, tindagai fluoreszente bat aplikatu zuten gainazal batzuetan, eta euri tantek askatutako aerosolak tindagai horien arrastoak zituela ikusi zuten gero mikroskopioan. Tindagaiak lurzorutik airerako bidea hain erraz egin bazuen, pentsa daiteke bakterioekin ere beste hainbeste gerta daitekeela. Hori argitzeko, Joungen ikerketa berriak zer ematen duen ikusi beharko da.

Erreferentzia bibliografikoa

Young Soo Joung & Cullen R. Buie. Aerosol generation by raindrop impact on soil. Nature Communications, 14 January 2015. doi: 10.1038/ncomms7083


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.