Emakumeak osasungintzan, Gerra Zibilaren aurretik

#KZJaia · Emakumeak zientzian

Savoiako Amadeo erregeak baimena eman zion 1872. urtean Maria Elena Maserari medikuntza ikasteko Bartzelonako Unibertsitatean. Bera izan zen, estatuko unibertsitate baten matrikulatu zen lehen emakumea. Matrikulatu bai, baina ezin izan zuen klaseetara joan lehen urteotan, ikasketak modu pribatuan gauzatzeko baimena eman baitzion bakarrik erregeak. Horrela hasten da medikuntzaren historian lehen emakume medikuen bidea.

1. irudia: 1936. urtea, Bilboko Medikuntza Fakultateko ikasleak gelan. (Argazkia: Danielle Labajos de Bertolinek utzita, "Amets baten oinordeko gara" libururako)
1. irudia: 1936. urtea, Bilboko Medikuntza Fakultateko ikasleak gelan. (Argazkia: Danielle Labajos de Bertolinek utzita, “Amets baten oinordeko gara: 1936ko Euskal Unibertsitatea” libururako)

XIX. mendearen amaieran eta XX.eko hasieran, ez zen ohikoa goi-mailako ikasketak zituzten andrazkoak aurkitzea Euskal Herrian. Famili oneko alabek musika, atzerriko hizkuntzaren bat, takigrafia eta antzeko gaiak lantzen zituzten baina gutxik egin zuten unibertsitateetarako bidea. Familia aberatsetako neskak ere ez ziren hurreratzen unibertsitateko ikasketak egitera, ez baitzegoen ondo ikusita sasoi hartan. Karrera bat ikasi zuten emakume gehienen gurasoek zerikusi handia izan zuten horretan, alabak ikastera animatu eta bultzatu baitzituzten. Alabak unibertsitatera bidaltzen zituzten familien bizitza erabat aldatzen zen, kasu gehienetan amak alabekin joaten baitziren Zaragoza, Madrilera, Salamancara, Sevillara edo Bartzelonara bizitzera, seme-alabek ikasketak burutzen zituzten bitartean. Horrela egin zuten, esaterako, Luz Zalduegiren -lehen emakume albaitari euskaldunaren- edota Felisa Martinen -Fisikako doktoregoa lortu zuen lehen emakumearen- amek.

Euskal Herriko lehen emakume unibertsitario askok osasun arloko ikasketak egitea erabaki zuten. Farmazia, odontologia, erizaintza eta medikuntza izan ziren hainbatek hautatu zituztenak baina datu gutxi gorde dira haien ibilbideaz. Gerra Zibilaren aurretik arlo honetako goi-mailako ikasketak egiteko kanpora joan behar izan zuten. Izan ere, 1936. urtera arte Euskal Herrian ez zegoen arlo honetako ikasketarik egiteko aukerarik. Urte hartan, azaroaren 18an, Agirre lehendakariaren lehen gobernuak unibertsitatea sortu zuen, Universidad Vasca/Euzko Irakastola Nagusia. Bertako lehen fakultatea, Bilboko Osakintza Ikastola edo Medikuntza Fakultatea izan zen. Hau izan zen, Mikel Aizpurua historiagileak “Amets baten oinordeko gara: 1936ko Euskal Unibertsitatea” liburuan jasota dakarren bezala, Euskal Herriko Unibertsitateko lehen unibertsitate-fakultatea eta gerra aurretik ireki zen bakarra. Fakultatearen irekiera 1936. urteko abenduaren 1ean egin zen, egoitza Bilbon ezarri zen, bertako Bilboko Ospitalean (egun Basurtuko Ospitalean) bazegoelako jada erizaintza eskola bat. Lehen fakultate hartan guztira 143 ikasle matrikulatu ziren, %94,23a bertakoak ziren eta horietatik, 19 emakumeak. Matrikulatutako bost emakume, estatuko beste medikuntza fakultate batzuetatik etorri ziren ikasketak etxean amaitzeko asmoz. Baina Bilbo frankisten menpe gelditu zenean, medikuntzako lehen fakultate hark ateak itxi zituen.

Osakintza Ikastolan ikasten hasitako emakume haien aurretik baziren Euskal Herrian osasun arloko ikasketak burutu zituzten andrazkoak.

XIX. mende amaieran jaiotako Juana Garcia Orcoyen izan zen Medikuntzan lizentziatu zen lehen emakume nafarra. 1921. urtean gutxi gorabehera. 1925. urtean doktorego-tesia burutu zuen eta Valentziako Malvarrosa Ospitalean gauzatu zuen lana, medikua zen senarrarekin batera. Medikuntzako tesia gauzatu zuen lehen emakume euskalduna izan zen.

Ascension Ariz Elcarte Iruñean jaio zen 1911. urtean. Medikuntza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitatean. Ikasten ari zen bitartean, 1929. urtean, Unibertsitateko Kimika Teorikoko Katedran ikasle laguntzaile bezala ibili zen. 1933. urtean lizentziatu eta Zaragozara joan zen puerikulturako espezializazioa lortzeko asmoz. 1935ean, puerikultura ikasketak gaindituta, etxera bueltatu zen eta Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialean izena eman zuen. Elkargoan kolegiatu zen lehen emakumea izan zen berau. Pediatra moduan ibili zen lanean Jarauta kalean zegoen Udaleko Haurren Kontsultategian eta 1942. urteko martxoaren 15ean, ikasketak burutu eta 7 urte beranduago, eman zioten puerikulturako medikuaren titulua (beste bi emakumerekin batera, Herminia Adrados Vicente eta Matilde Perez Jover). Datuen arabera, bera izan liteke Euskal Herriko lehen emakume pediatra. Virgen del Caminoko Ospitalean hasi zen lanean eta urteen ondoren, Pediatriako Zerbitzu burua izendatu zuten. 1974. urtean, 60 urtetik gora zituela, oposaketak gainditu eta haurren osasunerako eta higienerako probintzia-ikuskatzaile plaza lortu zuen.

Maria Victoria Oiarzabal (1915) bergararrak, farmaziako ikasketak burutu zituen gerra aurretik eta botika jarri zuen Malagan ezkondu eta gero.

1919. urtean Tolosan jaio zen Maria Luisa Agirrek medikuntzako karrera egin zuen Tolosako Udalak emandako beka bati esker eta baita ere, Legazpiko Patricio Echeverria enpresa gizonak emandako diru-laguntzaren bidez. Maria Luisaren gurasoek ez zuten dirurik alaba unibertsitatera bidaltzeko baina Donostian egin zuen batxilergoa hain nota onekin, bataz beste nota matrikulakoa zuen, udalak diruz laguntzea onartu zuela. Madrilen eman zituen karrerako lehen urteak, gero Salamancako Unibertsitatera joan zen eta Santanderren espezializatu zen pediatrian. Ikasketak bukatu ondoren Tolosara bueltatu zen eta Euskal Herriko lehen emakume medikuetariko bat izan da. Pediatra bezala aritu zen erretiroa hartu arte eta bere hitzetan, medikua izan arren, herriko txurrogile edo patata-saltzaileen parekoa zen, beste emakumeen parekoa.

2. irudia: Maria Luisa Aguirre tolosarra, Euskal Herriko lehen emakume medikuetariko bat, 90. urte zituela. (Argazkia: KLISK)
2. irudia: Maria Luisa Agirre tolosarra, Euskal Herriko lehen emakume medikuetariko bat, 90. urte zituela. (Argazkia: KLISK)

Bergaran 1920. urtean jaio zen Carmen Peñak Gasteizen egin zuen batxilergoa, ondoren Madrilgo Unibertsitatera joatekoa zen baina Gerra Zibilak harrapatu zuen. Gerra ostean Madrilera joan zen odontologiako ikasketak egitera. Lizentziatu ondoren aitaren bidea jarraitzeko asmoarekin herrira bueltatu zen, aita haginlaria zuen eta, baina karrera ikasten zegoen bitartean ezagutu zuen senarrarekin ezkondu eta Asturiasera joan zen bizitzera, haren karrera profesionala albo batera utziz.

Familietako osasuna emakumeen ardura izan da historian zehar. Ohituraz, emakumeek etxekoen ongizatea izan dute helburu. Arrazoi hau dela eta, unibertsitatera hurbildu ziren hainbat andrazkok hautatu zuten osasunarekin harreman zuten ikasketak burutzea. Zoritxarrez, bidean galdu da mende hasierako emakume haien lana, gutxi baitakigu euren historiaz.

Iturriak


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.


“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.