Astrofisika
Thaisa Storchi astrofisikariari egin diote elkarrizketa Berrian. Zulo beltz supermasiboekin lan egiteagatik jaso zuen L’Oreal-Unesco saria. Bere lanak berretsi zuen edozein galaxia motak zulo beltz bat duela. Zulo beltz supermasiboak galaxien erdigunean daudenak dira. Storchik azaltzen digu: “Unibertsoaren hasieran sortu zirela dakigu, lehen galaxiak sortu zirenean. Oro har, zulo beltzek materia kantitate handia dute puntu batean kontzentratuta, eta gainazal bat sortzen da. Bertako abiadurak argiaren abiadurari ihes egiten dio, eta gertaeren horizontea deiturikoa sortzen da. Hor barrutik ez da ezer ateratzen: horregatik deitzen da zulo beltza. Grabitazio potentziala hain da indartsua, non ezin dion ezerk ihes egin, ezta argiak ere”. Horretaz gain, Esne Bidean zibilizazio bat egoteko probabilitatea badagoela dio astrofisikariak.
Farmakologia
UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileek krustazeoetatik eratorritako oligokitosanoak hautatu dituzte gene-terapian erabiltzeko. Zer da gene-terapia? Material genetikoa zelulan sartzea oinarri duen estrategia terapeutikoa. Hala, ideia honi jarraiki, Mireia Agirrek bere doktorego-tesian agerian utzi du oligokitosanoak gai direla azido nukleiko (DNA) handiak zeluletara garraiatzeko eta, horren bidez, tumore-zeluletan eragiteko. “Ikerketan ikusi dugu partikula hauen transfekzio-prozesua eraginkorragoa dela ingurune azidoetan. Gure organismoan tumoreak daudenean, ingurunea azidoagoa da, eta horrek esan nahi du partikula horiek baliagarriak izan daitezkeela tumore-zelulei eraso egiteko”, adierazi du ikertzaileak.
Matematika
Abel Saria jaso du aurten Andrew Wiles matematikari britaniarrak. Fermaten teorematik abiatuta, Leonhard Euler izan zen Fermaten problemari lehen erantzunak emateko gai izan zena, jaitsiera infinituaren metodoaren bidez. Sophie Germain izan zen problemari erantzunak bilatu zizkion bigarrena. Ez zuen froga osorik lortu baina lagundu egin zuen hurrengo urratsetan. Ondoren, Ernst Kummer alemaniarrak egin zuen aurrerapenik handiena: idealak izeneko objektu matematikoak asmatu zituen eta horiekin n-ren balio askotarako erantzuna lortu zuen. Beste bide berri bat sortu zen Andrew Wilesen eskutik, artikulu honen protagonista: kurba eliptikoek erlazioa zeukaten Fermaten teoremarekin. Zazpi urte eman zituen hori frogatzen, ez zuen Taniyama-Shimura aieruaren froga osoa lortu, baina haren emaitza partziala nahikoa zen Fermaten teorema ondorioztatzeko. Horixe izan zen Cambridgen 1993ko arratsalde baten Andrew Wiles jendaurrean azaldu zuena eta orain saritu dutena.
Klima-aldaketa
Christoph Bohringer Idenburgeko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria BC3 Basque Center for Climate Changek UPV/EHUko Udako Ikastaroetarako antolatu duen jardunaldian mintzatu da klima-aldaketaren erronkei buruz. Karbono isurketek garrantzi handia dutela dio eta klima-aldaketaren arazoa globala dela: “Ez du axola nork isurtzen duen karbono gehiago, denek egin behar diote aurre egoerari erantzukizunez”. Irakaslearen aburuz, Parisko akordioek lortu dute klima-aldaketa agendaren erdian ezartzea eta arazoak duen benetako dimentsioa azaleratzea: “Ez dago aldaketa gehiegirik Kyotoren aldean, baina oso garrantzitsua da munduko herrialde guztiek parte hartu izana eta prozesuaren jarraipena egiteko konpromisoa hartu izana; baita karbono isurketa murrizteko neurri ekonomikoak eskaintzea garatzen ari diren herrialdeei”.
Genetika eta medikuntza
Azaleko minbizien artean melanomak dira ondorio latzenak sortzen dituena. Beltzaran jartzearen kultura honetan, kezka sortu du azken hamarkadetan gaixotasun honek izandako gorakadak. Amaia Portugalek azaltzen digu: melanomak melanozitoak gaiztotzen direnean sortzen dira. Zelula horiek epidermisaren behealdean daude, eta melanina gorde eta ekoizten dute; haiek arduratzen dira, beraz, azala gehiago edo gutxiago koloreztatzeaz. Cancer Researc UK erakundearen arabera, 2012an 232.000 melanoma kasu berri diagnostikatu ziren munduan. Europan, urte berean, 100.000 kasu izan ziren. Bost melanoma kasutik lau herrialde garatuetan diagnostikatzen da. Melanoma intzidentzia handiena Australia, Zeelanda Berria edo Hegoafrika bezalako tokietan dago: eguzki erradiazio handia jasotzen dutelako eta arraza zuriko populazio ugariak dituzten herrialdeak direlako. Erradiazio ultramorearen pean denbora gehiegi igarotzea kaltegarria dela badakigu baina horri faktore genetikoa gehitzen geniezaioke; hala nola, orban asko, azal argia, begi urdin edo berdeak, ile gorri edo horia eta orinak izatea.
Teknologia
Vellum jaio da. Aplikazio honekin oso erraza da bakoitzak bere kasa liburu elektroniko bat egitea eta argitaratzea. Joxe Aranzabalek azaltzen digu bere blogean berdin dela idazleak zein aplikazio erabili duen bere lana idazteko (Word, Scrivener edo Ulysses). Idatzitakoa gordetzen da .DOCX formatuan, eta hori inportatu egiten da Vellum aplikaziora. Idazleak kapitulutan antolatu badu bere lana, zenbakiak erabilita esate baterako, Vellumek hori atzeman, eta kapitulutan antolatuko du liburua. Hortik aurrera, prozedura erraza da. Aipatzekoa da idazleak manipulatu ditzakeela letra tipoak, estiloak eta txantiloiak. Halaber, aukera ematen du liburua ePub formatuan esportatzeko.
Zientziaren dibulgazioa
‘Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak’ ikastaroa egin du UEU Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren. Urteotan indartzen ari den alorra dela ondorioztatu dute. Josu Lopez-Gazpiok eta Koldo Garcia Etxebarriak zuzendu dute ikastaroa eta emaitzarekin oso pozik daude. Izan ere, zientziaren dibulgazioak euskaraz urrats agerikoak egin ditu. Dibulgazioari jarraiki, zientzialariek onartu dute askotan oso gutxi baloratzen dela: “Ikusten da askotan denbora galtze gisa”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.