Virginia Apgar (1909-1974): Jaioberrien zaindaria

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Umearen negar hotsak erditu berri duen amaren belarriak zeharkatu ditu eta horrek lasaitasuna eman dio. Besoetan segundo batez izan du, laztantzeko aukera ere ez du galdu. Pozik dago ama, umea negarrez dagoelako eta horregatik, bizirik. Erizainak umea hartzen du, momentu bat besterik ez da izango. Laster ekarriko dugu, esan dio orain negarrez hasi den amari besoetan hutsunea sumatu duelako, eta segituan irribarre goxo bat dedikatu dio, lasaitu dadin. Portzelanazko pitxerra eramango balute bezala daroate umea erditzeko gelaren ondoko salara. Hor doa izenik gabeko ume jaio berria. Erizainek ez dakite baina bere amak duela bi aste izena aukeratu zuen: Lisa.

Hantxe du zain medikua eta bere taldea. Esku-ohean dagoela, burusi batez estaltzen dute gorputza, beroa ematen duen argia goian daukala. Ea nola etorri den mundura gure txikitxoa. Kolorea behatzen du, ez da grisa ezta urdinxka. Ondo arnasten du, bai. Orain astintzen du, bere kabuz mugi dadin, erreakzioa bere muskuluetan ikusten da. Auskultazioa egiten dio medikuak, bihotza ondo. Dena azkar doa, ez ordea erditzeko gelan; han dena mantsotu egin da: ama eskumuturrean lotuta ez daukan erlojua kontsultatzen ari da kezkak ziztatzen dion aldiro. Bestelako giroa salan. Proba guztiak gainditu ditu Lisak. Dena ondo. Ez dago arazorik. Eraman ezazue amarekin. Virginia Apgarrek bukatu du bere lana, agur esaten dio eskuarekin jakinda umeak ezin duela oraindik keinu hori antzeman. Orain, bai, bakarrik. Irribarre batez janzten du aurpegia, onik atera delako jaioberria.

apgar3
1. irudia: Virginia Apgar jaioberri bati azterketa egiten (1958. urtea gutxi gorabehera. Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga).

Anestesiologian eta pediatrian aditua izan zen Virginia Apgar eta jakina, test famatu horren sortzailea izan zen. Denok entzun dugu noizbait Apgar izeneko test hori. Baina nondik dator? Ziur asko gehienek artikulu hau irakurri aurretik ez zuten lotura zuzenik egiten Virginiarekin baina, bai, halaxe da: mediku honek izena eman zion probari. Haur jaioberriak behatzen zituen eta erditzera zihoazen emakumeei laguntza eskaintzen zien. Ildo horri jarraiki, 1953an ikerketa bat publikatu zuen. Bertan, jaio berrien bizitasuna neurtzen zuen lehendabiziko eskala islatu zuen (Apgar testa gerora deitu zutena). Egun, erditu eta minutu bat beranduago egiten da proba, eta berriz, bost minutu igaro direnean puntuazio txikia lortu bada (batzuetan 10 minutu pasa direnean ere egin daiteke). Proba honek, guztira, bost aspektutan jartzen du arreta: frekuentzia kardiakoa, arnasketa-esfortzua, erreflexu presentzia, muskuluen tonua eta kolorea. Aspektu horiek guztiak 0tik 2ra bitartean puntuatzen dira. 1963an Butterfield pediatrak akronimo baliagarri bat sortu zuen Virginiaren abizena erabiliz:

AppearancePulseGrimaceActivityRespiration

Ezaugarri horien batuketa 0 eta 10 bitartean puntuatzen da. Gauzak horrela, jaio berriak 3 edo gutxiago lortzen badu, ulertzen da hura egoera kritikoan dagoela; puntuazioa 4 eta 6 artean baldin badago, emaitza “nahiko baxua” izango da; azkenik, 7 eta 10 artean mantentzen bada, osasun egoera “normala” dela zehaztuko da.

60 lan zientifiko baino gehiago argitara eraman zituen eta zer esanik ez dago hamaika artikulu zientifiko eman zituela argitara. Lanik aipagarriena Is my Baby All Right? liburua da, Joan Beckekin batera 1972an idatzi zuena. Pensilvanian eta New Jerseyn honoris causa doktoretzak jaso zituen, Columbiako Unibertsitateko ikasle-ohien Urrezko Dominaz gain.

Bere bizitzari buruz

Virginia Apgar New Jerseyen jaio zen 1909an. Momentuko testuinguruak, 1929ko depresioaren markoa, alegia, erabat harrapatu zuen bere familia. Bere aitak zientzia eta askotariko asmakizunak garatzea gustuko zuen. Sotoa zuen lekurik kuttunena eta jakina, Virginiak aitaren zaletasunetik edaten zuen. Zientziaz gain, etxean ere bazegoen lekua musikarentzat, Apgarrek txikitatik ikasi zuen biolina jotzen. Musika entretenigarria zen, baina ez zientzia bezain beste. Hala, bigarren hezkuntzan hasi zenetik, bazekien medikuntza ikasiko zuela, beste hainbat arlo inguruan dantzan izan bazituen ere: kirola, antzerkia… denetan zen abila Apgar.

2. irudia: Virginia Apgar 1936. urtean. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga).
2. irudia: Virginia Apgar 1936. urtean (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga).

Columbiako Mediku eta Zirujauen Unibertsitatean ikasi zuen. 1933an graduatu egin zen, kirurgian murgildu nahi zuelako ahalik eta azkarren. Bertan, Allen Whippe zirujaua irakaslea izan zuen gidari. Irakasle horren ageriko trebetasunak txunditurik utzi zuen; hark anestesiologia ikasteko gomendatu zion. Izan ere, erizainen esku zegoen ia anestesia hornikuntza guztia. Miresten zuen irakaslearen gomendioa jarraituz, arlo horretan trebatzea erabaki zuen. Espezializazioa amaitutakoan, 1938an Anestesia dibisioko buru izendatu zuten Kirurgia arloan. Nagusiki bi zeregin zituen; alde batetik, ikasleei irakastea eta bestetik, mediku egoiliarrei entrenatzea. 1949. urtean, dibisio hori Anestesiologia Departamenduan bilakatu zen, bereziki egin zuen lan guztiari esker.

Columbiako Unibertsitatean anestesia irakasle gisa lan egin zuen lehen emakumea izan zen. Anestesia obstetriko arloan ikerketa asko abian jarri zituen. Apgarrek anestesiaren efektuak nola eragiten zien erditzera zihoazen emakumeei ikusi nahi zuen. Horretaz gain, jaioberri goiztiarren heriotzen arrazoiak detektatzea izan zuen helburu. Horren ondotik etorri zen Apgar testa. Ebaluazio honi esker, jaioberri jakin batek arazoren bat edo malformazioren bat ote zuen ikusten zen. Hamar urtez analizatu eta klasifikatu zituen milaka erditze. 1958an master bat egitea erabaki zuen, osasun publikoaren inguruan. Urtebete beranduago March of Dimes Nazioarteko Fundazioan lan egiten hasi zen. Bertako zuzendaria izateak mundu osotik bidaiatzea ahalbideratu zuen.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.