Artearen erradiografia

KimikArte · Kolaborazioak

Whilhelm Röntgen XIX. mendearen bukaera aldean hasi zen tutu katodikoetan saioak egiten. Garai hartan ezin zuen susmatu bere lanak irauli egingo zituela zenbait zientzi esparru, eta bereziki medikuntza. Azarean gertatu zen iraultza, beste hainbatetan bezala.

1. irudia:
1. irudia: Röntgenek, “izpi inkognita” deitu zien izpi hauei, hau da, X izpiak. Izan ere, ez zekien ez zer ziren, ez eta zerk sortzen zituen. 1895eko azaroaren 8an izpi katodikoen hodi batekin lanean zebilela aurkitu zituen X izpiak.

Röntgen izpi katodikoekin ikertzen ari zen, eta ikusi zuen gelaren beste muturrean material fluoreszente bat argiztatzen zela, erradiazio-iturria paper beltzez estali eta gela ilun utzi zuenean. Alemaniar zientzialari bikain honek berehala ulertu zuen izpi batzuek ahalmena zutela papera zeharkatu eta material fluoreszentea aktibatzeko. X izpia delako izena jarri zion izaera ezezaguna zuen horri, eta bera aztertzeari ekin zion. Laster ikusi zuen X izpiek hobeto zeharkatzen zituztela material batzuk beste batzuk baino. Horrela, giza ehun bigunak erraz zeharkatzen zituzten, baina zailagoa zitzaien metalak eta hezurrak zeharkatzea. Historian egin izan den lehenengo erradiografia, bere emazte Bertharen eskuarena izan zen.

Arlo honetan egin izan zuzen lan bikainagatik, Nobel Saria eman zioten Röntgeni 1901ean. Erradiografiek izugarrizko aurrerapena ekarri zieten medikuntzako diagnostikoei. Izan ere, giza gorputzaren egiturak eskuragarri bilakatu ziren, ebakuntza egiteko beharrik gabe. Edonola, erradiografiak harantzago eraman ziren, eta objektibo bizigabeak aztertzeko ere erabiltzen hasi ziren; horrela, ingeniaritzako piezak edo artelanak hartu zituzten aztergai.

Nola egin erradiografiak artelanei?

Erradio edo argi ikusgarriaren uhinen antzera, X izpiak uhin elektromagnetikoak dira, baina askoz ere uhin-luzera laburragoa dute, hau da, energia gehiago dute, eta errazkiago zeharkatzen dute materia. Materiaren elementuak zeharkatuak gertatzen diren neurri desberdin horiek irudikatzea da hain zuzen ere erradiografia. Horretarako, objektu jakin bat zeharkatzeko ahalmena duten X izpien iturri bat erabiltzen da, eta plaka fotografiko bat, objektua zeharkatu duen erradiazioa neurtzeko. Plaka hauek, zilar haluroez osatuak daude eta ilundu egiten dira X izpiekiko kontaktuan jarrita. Hori dela eta, medikuntzan egiten diren erradiografietan, izpiek gehiago eragiten duten zonaldeetan argiago ikusten da, eta hezurrek estaltzen dituzten zonaldeak, ilunago ikusten dira, izpiek gutxiago intziditzen dutelako bertan. Horretan guztian, izpien energiak berebiziko garrantzia du, eta zer esanik ez, aztergai den materialaren dentsitatea ere baldintzapen garrantzitsua da. Izan ere, elementuak astunagoak direnean, elektroi gehiago daude, eta haien arteko elkarrekintzek zailago egiten dute izpiek materia zeharkatzea. Hori dela eta, X izpiek adibidez ondo zeharkatzen dute larruazala, honek karbono asko daukalako eta karbono pisu molekular txikikoa delako. Hezurrek aldiz, kaltzio asko daukate eta kaltzioa astuna delarik, izpiak gehiago xurgatzen dira bertara.

Giza gorputzaren antzera, artelan bat konposatu ugariz osatua dago eta zer esanik ez, X izpiak era ezberdinetara xurgatuak gertatuko dira konposatu horien arabera. Horrela, giza larruazalaren antzera, kanpo eragileen aurkako babesa den berniza erraz zeharkatua gertatzen da, erretxinek eta olio organikoek osatua dagoelako. Artelana bera egiteko erabilitako pigmentuek X izpiekiko elkarrekintza desberdinak pairatuko dituzte, pigmentuaren jatorriaren arabera. Erradiazioa ondo xurgatzen dute eta beraz orban zuri berezia uzten dute pigmentu ezorganikoek, hala nola beruna (berun zuria) edo merkurioa (bermiloia edo gorrimina) bezalako metal astunak dituztenek. Hain astunak ez diren elementuak dituzten pigmentuek, arinago jokatuko dute beren jatorriaren arabera, eta horrela aukera egongo da artelanaren zenbait “geruzak” ikusteko. Horri esker, oso informazio argigarria lortuko da lanaren egoerari buruz, margolariaren arte-teknikari buruz, eta lana egiteko eta berritzeko egin izan diren jarduerei buruz ere. Azken urteotan, modua aurkitu izan da artelan batzuen egilea zehazteko, eta ustezko egiletasun batzuk gezurtatzeko. Ikus ditzagun orain kasu deigarri batzuk.

X izpiak epaitegietan

La Belle Ferronniére Leonardo da Vincik egina dela uste dute egun, baina eskandaluzko epai ospetsu batean parte hartu zuen Amerikako Estatu Batuetan joan den mendeko 20.eko hamarkadan. Artearen industria bere unerik gorenean zegoenean, Arkansaseko senar-emazte batzuek esan zuten bere eskura zutela margolanaren originala, frantsesa zen Andrea Hahn emazteak heredatuta. Margolana ikusi gabe, Sir Joseph Duveenek baieztatu zuen senar-emazte haien margolana ez zela jatorrizkoa. Senar-emazteek bere aurkako auzi-eskea aurkeztu zuten, baieztapen hark ezinezko egiten zuelako margolana saltzea. Epaia oso entzutetsua izan zen garai hartan, eta Hahn senar-emazteen margolana ikusgai jarri zen, Louvre museoan zegoen ustezko originalaren ondoan. Horrela, adituek biak aztertzeko aukera izango zuten.

2. irudia: “La Belle Ferronnière”, ustez Lenardo da Vincik egina (1495-99, 63 x 45 cm), eta Hahn senar-emazteena (1750 baino lehen, 55 x 44 cm). Iturria: Brewer, John (2005) Art and Science: A Da Vinci Detective Story.
2. irudia: “La Belle Ferronnière”, ustez Lenardo da Vincik egina (1495-99, 63 x 45 cm), eta Hahn senar-emazteena (1750 baino lehen, 55 x 44 cm). Iturria: Brewer, John (2005) Art and Science: A Da Vinci Detective Story

Gehienek baieztatu zuten Louvrekoa zela originala, baina Sir Duveenek galdu egin zuen auzia. Izan ere, harrotasunak bultzatuta, arte-adituek ez zuten beren iritzia zientzia-datuetan oinarritu, eta zituzten epaimahaikoak konbentzitu. Izatez, adituak beren inpresioetan oinarrituta mintzatu ziren, eta epaimahaikoek ez zuten arte-ezagumendu handirik. Gezurra badirudi ere, zientzian oinarrituta Louvrekoari egindako erradiografiek agerian utzi zuten egia: Museokoa zen originala, erradiografiek ederki irudikatzen zituztelako egileak pentimenti deritzon prozesuan pixkana egin zituen aldaketa guztiak. Esparru honetako zientzia ez zegoen behar bezain garatua garai hartan, eta datu zientifikorik ez zen epaian kontuan hartu. Gaur egun, uste dute senar-emazteen margolana beranduago egina zela Frantzian, eta Louvrekoa Da Vincirena edo bere ikasleetako batena dela. Edonola, lehendabizi hartu ziren hizpide epai horretan zientzia-datu zorrotzak honelako auzi batean.

Van Goghen bi koadro mihise bakar batean

“Naturaleza muerta floral con amapolas y rosas” (Lore-natura hila; mitxoletak eta arrosak) koadroaren egiazkotasuna zalantzan zegoen Holandako Kröller-Müller museoak 1974an bere bildumari gehitu zionetik. Hain zuzen ere, 2003an, koadroa anonimotzat jo zen azterketa sakon baten ondoren, zenbait zantzu baitzeuden, esaterako, mihisearen gehiegizko tamaina, sinaduraren kokapena eta Vicent van Goghen estiloari ez dagozkion pintura-geruzaren lodiera handia. Baina, beste behin ere, aurrerapen zientifikoek egia argitzen lagundu zuten: 2012an, X izpien teknika berritzaile bati esker, azpiko pintura baten irudi bikaina lortu zen.

3. irudia: (Lore-natura hila; mitxoletak eta arrosak). Vincent van Gogh (1886-1887, 99 x 79 cm). Margolanaren erradiografia, 90º-ko bira emanda. Iturria: van der Loeff (2012).
3. irudia: “Naturaleza muerta floral con amapolas y rosas” (Lore-natura hila; mitxoletak eta arrosak). Vincent van Gogh (1886-1887, 99 x 79 cm). Margolanaren erradiografia, 90º-ko bira emanda. Iturria: van der Loeff (2012).

Irudi honen azpian, bi gizon agertzen dira erdi biluzirik, elkarrekin borrokan. Hori bat dator Van Goghek bere anaiari idatzitako gutun batean esandakoarekin, bertan esaten baitzion, bi borrokalarien irudia egina zuela, biek enborra biluzirik zutela. Hain zuzen ere horixe ikusten da X izpiak erabilita. Garai hartan, holandar margolari hau Anberesen zegoen ikastaro bat egiten, eta hango eskolan, oihal handiagoak erabiltzen ziren, hain zuzen margolan honen tamainakoak (100 x 80 cm), eta margolariak erabili ohi zituenak baina handiagoak. Ohikoa zen garai hartan oihalak bi aldiz erabiltzea, azkenean agerian iritsi zaigun irudian nabari da ohi baino marra lodiagoak erabili zituela, hain zuzen ere jatorriz irudikatuak zituen borrokalariak ezkutatzeko. Azken batean, ezin ditugu lan biak dastatu, baina gutxienez, berreskuratu egin dugu ezkutuko lana. Batek daki munduan zeharreko museoetako eta etxeetako margolanetan zenbat lan dauden ezkutuan gordeak, nork antzemango zain.

Bizitza eta heriotza irudi berean

Picassok egindako La vie (1903) margolanak agerian utzi digu norainoko zehaztapenak eman diezazkigukeen honelako teknologiak. Olio-margolan honek bi irudi erakusten dizkigu: batetik maitasun profanoaren alegoria bat, eta bestetik bizi-zikloaren irudi bat.

4. irudia: “La vie”. Pablo Picasso (1903, 196 x 129 cm). Margolanaren erradiografia. Iturria: The Cleveland Museum of art.
4. irudia: “La vie”. Pablo Picasso (1903, 196 x 129 cm). Margolanaren erradiografia. Iturria: The Cleveland Museum of art.

Gizona Carlos Casagemas da, Picassoren gaztaroko laguna. Desengainu bat izan zuen Germaine izeneko emakumearekin, eta emakumea hiltzen saiatu ostean, bere buruaz beste egin zuen. Heriotzak izugarri hunkitu zuen Picasso eta margolaria bere garai urdinera aldatu zen. Epe horretan, zenbait lan egin zituen bere lagunaren omenez. Hizpide hartu duguna da lan horietako bat, baina azalezko ikuspegi honen azpian, gauza ikaragarri korapilatsuak daude. Margolariak berak esan zion elkarrizketa ezagun batean Brassaï argazkilariari “…ez da nahiko egile baten lanak ezagutzea. Berdin jakin behar da noiz egin zituen, zergatik eta zein baldintzatan”. Erradiografiak oso lagungarriak gertatu dira oraingo honetan ere.

Margolana Clevelandeko arte-museoan dago. 1978.ean egindako erradiografiak oso desberdina zen irudi bat azaleratu zuen, eta gainera pentimenti ugari egin zirela ikus daiteke. Hasiera batean, Picassok bere burua hegaka irudikatu zuen, hegaka gizon txori bat bailitzan. Emakumearengana doa, amatasunaren bila. Gero damutu egingo zen agian, Germainek berarekin harreman sentimental bat izan zuelako. Hori dela eta, berriz elkartu zituen bere laguna eta Germaine, eta ezabatu egin zituen sexu-konnotazioak (Casagemas sexu-ezintasunak jota egon baitzen). Izan ere, bukaerako irudian, Casagemas gerripeko bat jantzita duelarik azaltzen da. Ezin ditugu sexu-ezintasuna eta gerripekoa lotu, baina X izpiei esker badakigu aurretik egindako margolan baten gainean margotu zela hau guztia, 1900.ean Pariseko Mundu Erakusketan, Picasso oso gaztea zenean. Erradiografiaren beheko aldean, badago pigmentu batez egindako lanpara bat, erradiazio asko xurgatzen duena. Hori esker, lana 90º biratu behar da erlojuaren mugimenduaren aurka, eta horrela, beste zirriborro bat gelditzen da agerian. Ziur aski, Azken unean lana da hori. Lan horren zehaztapenak ezagunak ziren, baina ez lanaren kokapena. Horrela, erradiografiei esker berreskuratu zen ustez galduta zegoen lana. Casagemas eta Picasso Parisen ibili ziren elkarrekin, eta izugarria da Picassok Casagemasen heriotzaren gainean La vie margotu izana.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.


Hizkuntza-begiralea:

Juan Carlos Odriozola

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.