Biologia
Oryx generoko espezieak bizi diren basamortuetan ez du ia euririk egiten. Horrelako tokietan bizitzeko moldaera bereziak behar dituzte bertan bizi diren animaliak. Hasteko, ura bereganatzeko dituzten aukera guztiak baliatzen dituzte: ahal duten guztietan edaten dute ura eta, inoiz, erreketako ubide lehorretan indusketak egiten dituzte ura bilatzeko. Denbora luzea igaro dezakete urik edan gabe: 34 hilabete. Janaritik ere ura ateratzen dute; basamortuko arboletako (akazietako) hostoak jaten dituzte eta baita belar lehorrak ere. Ura eskuratzeko aukerez gain, ura aurrezteko moldaerak ere badituzte antilope hauek.
Astronomia
Irailaren 14an Europako Espazio Agentziaren GAIA misioak ateratako irudia orain arte lortu den Esne Bidearen irudirik osoena eta zehatzena da. Bertan, 1.142 milioi izar azaltzen dira. 14 hilabeteetan jasotako datuak biltzen ditu. Misioaren amaierarako, hemendik 5 bat urtera, Eske Bideko bilioi bat izan inguru neurtu nahi dira. Horretarako, objektu bakoitza 70 aldiz eskaneatuko da. Oso prozesu luzea da; izan ere, jasotako datuak tratatu behar dira eta azkenik emaitzak egiaztatu. GAIAk ez du bakarrik galaxia aztertzea helburu, izar-lagin handia aztertuko du. Hortaz, mota askotako izarrak egongo dira bere katalogoan.
Interesgarriak dira beste planeten atmosferetan egiten diren aurkikuntzak, “horietan baldintza fisiko eta kimikoak desberdinak dira, baina ereduak iker ditzakegu Lurrean aplikatzeko”, adierazten du Agustin Sanchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariak. Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak deskubritu ditu taldeak. Saturnoren atmosfera gas multzo erraldoi bat da, Lurrarena baino hamar aldiz handiagoa, eta hidrogenoz dago osatua batez ere. Eguzki Sistemako planeta guztiek baino zorrotada korronte zabalagoa eta biziagoa du. Ekuatorean 1.650 kilometro orduko abiadura ere hartzen dute haizeek. Mendebaldetik ekialdera ibiltzen dira, Lurraren ekuatorean sortzen diren urakan haize suntsitzaileen indar hirukoitzarekin.
Neurozientzia
Eskuineko hanka mugitzerik ez zuen tximino batek natural ibiltzea lortu du ikerketa-talde batek, Suitzan egindako interfaze bati esker. Teknologia honen bitartez, garunaren eta bizkarrezur muinaren arteko komunikazioa berreskuratu dute. Aurrerapausoa eman du talde horrek bi zentzutan Amaia Portugalek azaltzen digunez. Batetik, eskuineko hankan paralisia duen tximino batekin egin dutelako lan; gizakiarengandik askoz ere gertuago dagoen animalia bat. Baina gainera, oraingoan subjektuak berak erabaki du hanka hori nola mugitu, hau da, tximinoaren garunak emandako aginduak deskodetu eta mugimendua gauzatzea lortu dute, bizkarrezur muina kaltetuta egon arren. Erabilitako interfazeak elementu hauek ditu: garuneko inplantea, garun grabagailua, ordenagailua, pultsu sorgailua eta bizkarrezurreko inplantea.
Achucarro eta UPV/EHUko ikertzaileek eta CIC biomaGUNEko ikertzaileek elkarlanean egindako ikerketa batek iktusaren ondorioak murrizteko itu terapeutiko berriak identifikatu ditu. Iktusa garuneko odol-fluxua une batez edo behin betiko murrizten denean gertatzen da, eta garuneko kalte askoren eragilea da. Glutamatoa da neurotransmisore kitzikatzailerik ugariena garunean eta glutamato-maila aztoratzeak eragiten ditu kalte horietako asko. Duela bi urte, glutamato-mailako aztoramendu horretan inplikatutako proteina bat identifikatu zuten bi ikerketa-taldeek, eta oraingo ikerketan, proteina horrek berak iktusaren ondoren gertatzen den hanturan ere parte hartzen duela argitu dute.
Emakumeak zientzian
Aste honetan, Marianne North (1830-1890) izan dugu protagonista Zientzia Kaieran. Munduko botanika ilustratu zuen emakume honek. Artea eta zientzia fusionatu daitezkeela erakutsi zuen bere landareen eta loreen ilustrazioekin. Mundu osotik bidaiatu zuen; Jamaikan, Chilen, Tenerifen eta Estatu Batuetan egon zen, besteak beste. Bere ilustrazioak Londreseko Kew museoan daude ikusgai; erakusketa iraunkorra da, hori lortzen lehen emakumea izan zen
Paleontologia
Sussexen, Ingalaterran, duela hamar urte baino gehiago topatutako fosil berezi bat dinosauro baten lehen garun fosildua dela baieztatu dute. Iguanodonaren ahaide baten garuna da, 113 milioi urte ditu eta meningeak, odol-hodi batzuk eta inguruko ehunak ikusten dira. Ikertzaileek fosilaren egiturak aztertu dituzte, ekorketazko mikroskopio elektronikoaren (SEM) bidez eta frogatu dute dinosauroen gaur egungo ondorengoen garunen antza dutela. Adibidez, hegaztien eta krokodiloen meningeen oso antzekoak dira. Baina badira desberdintasunak ere. Informazio osagarria estekan topatuko duzue.
Geologia
Fracking edo haustura hidraulikoan injektatzen diren likidoek aldizkako lurrikarak eragin ditzakete, hilabeteetan. Kanadako mendebaldean egindako ikerketak horixe ondorioztatu du. 2014ko abendua eta 2015eko martxoa bitartean gertatu ziren seismoak aztertu dituzte. Guztira, sei fracking-puntutako jarduerak eragindako seismoak izan ziren eta azkena –handiena- haustura hidraulikoa amaitu eta bi astetara gertatu zen. Oraingoz Kanadakoak izan dira mota horietako lurrikara bakarrak, AEBko erdialdean jazotakoak ez baitira zuzenean haustura hidraulikoak eragindakoak.
Osasuna
Tabakoa osasunarentzat kaltegarria dela badakigu baina halere, jendeak erretzen jarraitzen du. Egoera horren aurrean, zientzialariek ez dute amore ematen eta minbiziari aurre egiteko terapiak bilatzeaz gain, tabakoak eragindako kalteen inguruko datuak mahai gainean jartzen jarraitzen dute. Londresko King’s College Unibertsitateko, Wellcome Trust Sanger Institutuko (Erresuma Batua) eta Los Alamos Laborategi Nazionaleko (AEB Ameriketako Estatu Batuak) adituak, milaka genoma aztertuta, tabakoak organoetan eragiten dituen mutazio zehatzak aurkitzeko gai izan dira. Ondorioztatu dutenez, egunean tabako pakete bat erretzeak urteko 150 mutazio eragiten ditu biriketako zelula bakoitzean. Horrez gain, tabakoak 97 mutazio eragiten ditu laringeko zeluletan, 39 faringekoetan, 23 ahokoetan eta hemezortzi maskurikoetan.
Ildo horretatik, bada topiko bat usu erabiltzen dena: gorputzeko zelula gehienak urteen poderioz berritzen direla eta horregatik tabakoaren kontsumoak eragindako kalteak nolabait arintzen direla. “Hori ez da horrela”, zehaztapena egin du Iñigo Martinkorena biologoak.
Kimika
UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikerketa batek egiaztatu du, lignina zura babesteko produktuak ekoizteko lehengai moduan erabiltzea etorkizun handiko aukera dela. Ildo horri jarraiki, ligninan oinarritutako bi produktu garatu ditu Patricia Soares Bilhalva dos Santos ikertzaileak. “Ondorioztatu dugu bioolio- eta lignina-metal konplexu-emultsioak zura babesteko etorkizun oparoko produktuak direla. Dena den, oso garrantzitsua da aurrerantzean bestelako analisi batzuk egitea, produktu horien erabilera zur-mota guztietan aplikatzea posible ote den edo ez bermatzeko, besteak beste.”
Argitalpenak
“Humanidad: desafíos éticos de las tecnologías emergentes” liburuan Albert Cortina eta Miquel-Ángel Serrren beste liburuan –Gizakiak ala postgizakiak? (¿Humanos o posthumanos? (2015))-aipatzenziren ideia nagusiak berresten dira, egileek eztabaida gaiak aipatzen dituzte eta etorkizunari begira ikuspegi baikorra ematen dute. Nazioarteko Menéndez Pelayo Unibertsitateak Santanderreko Magdalena Jauregian 2015ko irailaren 2tik 4ra antolatu zuen “Singularidad tecnológica y mejoramiento humano y neuroeducacional” ikastaroko hitzaldia du oinarri liburuak. Hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu zen: berezitasun teknologikoa, giza hobekuntza eta neuroheziketa. Teknologia emergenteen ondorioz giza espeziea modu artifizialean garatuko da eta gizaki mota berri bat sortuko da.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.