Marianne North (1830-1890), margolari ibiltaria, ez da paper zuriaren beldur

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Badira artea eta zientzia, olioa eta ura nahastea bezalakoa dela diotenak. Literaturaz -idatzitako arteaz- ariko bagina ere, emaitza berdina izango litzateke batzuen irudiko. Miguel Delibes de Castro biologoak –bai, Miguel Delibes idazlearen semea- esan zuen behin, zenbait adierazpen matematiko jakitera emateko, poesiaren zorroztasun terminologikoa eta edertasuna behar zirela. Hala, zientzia eta artea –azken hau edozein sortze-lan moduan ulertuta- errealitatera gerturatzeko bi aukera dira, bi lengoaia ezberdin, bata bestearen osagarri izan daitezkeenak, gainera.

Badira, jakina, historian zehar zientzian inspirazioa aurkitu duten artistak, eta hainbat zientzialari artearekin halako zerikusia izan dutenak ere. Publikatutako zientzia-liburuetan ikus daiteke bereziki bi ideia horien arteko ezkontza posiblea dela; izan ere, argitaratutako aurkikuntza esanguratsuekin batera eskuz egindako marrazkiak eta margolanak agertu izan ohi dira letren ondoan. Gehienetan, gainera, begi kolpe batez kontzeptu horren muinera iristen da irakurlea, irudikatutako trazu zehatzei esker.

1. irudia: Santiago Ramon y Cajalek egindako ilustrazioetako bat, 1900. urtean argitaratu zuen "La retina de los Mamíferos" liburuan publikatua. (Argazkia: Wikipedia)
1. irudia: Santiago Ramón y Cajalek egindako ilustrazioetako bat. 1900. urtean argitaratu zuen “La retina de los Mamíferos” liburuan. (Argazkia: Wikipedia)

Errealitatea irudikatzeko modu bat da ilustrazioarena. Hori pentsatu ei zuen Santiago Ramon y Cajalek, orri zuri bat begi aurrean zuela, Golgi metodoaz inpregnatutako zelula neurogliak marrazten hasi zenean. Bada, artea eta zientzia fusionatu zituen emakumerik ere bazen; hala nola, Maria Sibylla Merian entomologoa (1647-1717) eta Marie Tharp geologoa (1920-2006), atal honen bitartez ezagutu ditugunak. Gaurkoan, Marianne North (1830-1890) margolari britaniarraren txanda da, munduko botanika ilustratu zuena, hain zuzen.

2. irudia: North ilustrazi
2. irudia: Marianne North ilustratzailea. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Marianne North 1830ko urrian jaio zen Hastingsen (Ingalaterra). Abeslaria izan nahi zuen baina bere ahotsak ez zituen exijitzen ziren parametroak gainditzen. Azkenean, uko egin behar izan zion hasierako amets horri. Une hartatik aurrera, marrazkiekiko interesa piztu zitzaion. 1855ean bere ama hil zen eta bere aitarekin batera -Frederick North, lur-jabe aberatsa eta parlamentaria- bidaiatzen hasi zen Europa eta Ekialde Hurbiletik. Bidaia horietan klase ugari eman zituen eta horrela, bere marrazteko teknika hobetu zuen. Bere aita hil zenean, 1870ean, berak jaso zuen familiaren ondarea eta hori erabili zuen mundu osotik bidaiatzeko.

Errealitatea koaderno batean kabitzen da

Margolari ibiltariaren aztarnak, munduko lore eta landareak, orri zurietan agertzen hasi ziren: trazu zehatzak, kolore biziak. Berdea, arrosa, urdina, laranja, horixka… Naturaren koloreak margotzen hasia zen North. 1871 eta 1872 urte bitartean, Jamaika, Estatu Batuak, Kanada eta Japonia bisitatu zituen. Ondoren, Brasilen gelditu zen urtebetez. Oihanean kokatuta zegoen txabola batera joan zen bizitzera eta dozenaka marrazki egin zituen bertan. 1875ean, Tenerifen igaro zituen hilabete batzuk, Little’s Placen (Sitio Litre). Bertan, 29 ilustrazio egin zituen, hain berezkoa den Tenerifeko flora marraztuz. Nabarmentzekoa da Vision of Eden obran, esaterako, ilustratzerako garaian inguruan zituen baldintza gogorrak deskribatzen zituela. Eguzkia, euri zaparradak, bide traketsak, gaixotasunak, izainak, armiarma erraldoiak,… baina horrek guztiak ez zuen bere pasioa hil inondik inora.

3. irudia: Marianne Northek 1873 urtean egindako ilustrazioa. Brasilgo zuhaitz baten hostoak parasito eta epifitoz beteta. (Iturria: Wikiart)

Hurrengo bi urtetan, Kalifornia, Japonia, Borneo, Java eta Sri Lanka bisitatu zituen. 1878an Indiara joan zen eta ondoren, Londresera itzuli. Keweko Lorategi Botanikoan erakutsi nahi zuen bere lana eta bertan, espazio bat izateko proposamena egin zien museoko arduradunei. Erakusketak iraunkorra behar zuen izan eta arduradunek onartu egin zuten Northen eskaria.

Erakusketa iraunkor bat museo batean aurkeztu zuen lehen emakumea izan zen. James Fergusson arkitektoak diseinatu zuen museoko eraikin berria eta urte horretan bertan ireki zuten. Northen galeria ekialde partean zegoen, Marianne North galeria deitu zutena. Artistak berak erabaki zuen margolanen ordena, geografikoki banatu zuena. Ilustrazioak aztertzean, publikoa txundituta gelditzen zen bere lanek islatzen zuten bizitasuna eta edertasunarekin. Arrakastak ez zuen geldiarazi eta Charles Darwinen proposamenari men eginez –bere aitaren laguna zen-, Australia, Zeelanda Berria eta geroxeago, Hegoafrika, Seychelleak eta Txilera joan egin zen. Guztira, 832 margolanetan irudikatu zuen mundu osotik barrena ikusi zuen flora.

4. irudia: 1875. urtean Tenerifen egindako ilustrazioa. Aloe Vera landarea loretan.
4. irudia: 1875. urtean Tenerifen egindako ilustrazioa. Aloe andarea loretan. (Iturria: Wikiart)

Munduko botanika bere patrikan

Northen margolanen irakurketa ez da bakarrik zentzu artistikoan egin behar, bere lana zientziarentzat baliotsua izan delako hein handi batean. Kasu honetan, botanika arloan. Bere margolanak omentzeko, zenbait landareri bere izena jarri zioten: Areca northiana, Crinum northianum, Kniphofia northiana, Nepenthes northiana y Northea seychellana (Hegoafrikako bi, eta Borneoko beste bi). Bere ahizpa Catherine North Symondsek, bere lan erraldoia ez ahazteko, publikatu zituen bere obraren gaineko bi liburuki: Recollections of a Happy Life (1892) eta Some Further Recollections of a Happy (1893).

800 margolan baino gehiago burutu ostean, Marianne Northek Gloucesterhireko herri txiki batera erretiratu zen 1890ean. Esnatu bezain pronto, leihora hurbiltzen zela eta ingurua aztertuko zuela imajinatzea ez da zaila; bitartean egindako bidaiak, eta bere eskuak orri zuria ukitzean egiten zuen soinua izango zituen burrunbaka buruan, jada margotzen ez zuelako, jada bidaiatzeari utzi ziolako. Egia da esaten den hori, irudi batek ez duela mila hitzek baino gehiago balio. Baina laguntzen du.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude