Asteon zientzia begi-bistan #120

Uxue Razkin

tabletop-photography-1601184_1280

Biologia

Duela 200 miloi urte hasi zen ugaztunen ikusmen-sistemaren gau-bizitzarako egokitzapenaren prozesua. Ikusmen-sistemaren gakoa da erretina, eta bertan, argiaren harreran espezializatutako bi zelula mota: konoak eta bastoiak. Zelula foto-hartzaile hauek pigmentu bereziak dauzkate, opsina izeneko proteina batez eta A bitaminatik eratorritako kromoforo batez osatuak. Koloreetako ikusmena konoen funtzionamenduan oinarritzen da. Bastoiak, konoak baino fotosentikorragoak dira eta beraz, argi gutxitako egoeran, erabilgarriagoak dira. Erretinako bastoi-dentsitatea eta bastoi/konoen proportzio parametroak balio handiagokoak izaten dira ugaztun gautarretan. Ikuspen-sistemaren egokitzapenarekin harremanetan dauden genoma-aldaketa batzuk identifikatu dira. Testuan aipatzen da, besteak beste, opsina bat kodetzen duen gene baten bikoizketaren ondorioz, gizakiak eta beste primate batzuk hiru koloretan ikus dezakegula.

Ura sobera duten animaliak dira artikulu honen muina. Kalte egiten die ura edateak ur gezetako arrainei. Ur gezarena baino askoz altuagoa da arrain horien gorputz-likidoen gatzen kontzentrazioa. Horregatik urak gorputzean sartzeko joera handia du. Hortaz, arrainek urari sartzen utziko baliote, urez beteko lirateke eta lehertzera ere hel litezke bai gorputza bera bai eta haren zelulak ere. Ur-sarrera saihestu behar dute beraz. Bi bide dituzte hori lortzeko. Alde batetik, gorputz-azala oso iragazgaitza dute eta bestetik, ez dute ia urik edaten. Arazoa da ura sartzeko joera handia dela beraz hori kanporatu beharra dute. Nola, baina? Gernu-bolumen handiak ekoitziz. Izan ere, ibaietako animaliak dira gernu-bolumen handienak ekoizten dituztenak.

Medikuntza eta osasuna

Gizarteak txertoekiko duen konfiantzari buruz inoiz egin den inkestarik handiena argitaratu dute, eta iritziak oro har positiboak diren arren, Europan horien segurtasunaz dagoen eszeptizismoa deigarria da. Inkesta hori ia 66.000 lagunekin munduko 67 estatutan egin dute eta txertoen garrantziaz, segurtasunaz eta eraginkortasunaz dituzten usteei buruz egin dizkiete galderak. Datu harrigarriak atera dira. Esaterako, Frantzian aurkitu dute eszeptizismo handiena. Izan ere, inkestan parte hartu duten frantsesen artean, %41a ez da txertoen segurtasunaz fio. Haren atzetik datoz Bosnia-Herzegovina (%36), Errusia (%28), Mongolia (%27), eta Grezia, Japonia eta Ukraina (%25). Eszeptizismo handieneko hamar estatuen artean zazpi daude Europan. Amaia Portugalek azaltzen dizkigu inkestaren emaitzak.

Erradiazio ionizatzaileek DNA kaltetzen dutela jakina zen, baina ez nola gertatzen den hori. Berriki erradiazio ionizatzaileek (X eta gamma izpiak, adibidez) eragiten dituen bi mutazio-mota identifikatu dituzte. Elhuyar aldizkarian azaltzen digute afera. Lehenengoan, DNAren base gutxi batzuk ezabatzen dira, eta bigarrenean, DNA bi puntutan moztu, tartean gelditzen den zatia biratu, eta berriz lotzen da, alderantzizko zentzuan. Horrelako alderantzikatzeak ez dira gorputzean berez gertatzen. Erradiazioak eragindako tumoreak zituzten 12 gaixoren laginak erradiaziorik izan ez duten beste 319rekin konparatuz iritsi dira ondorio horietara. Eta ikusi dute, gainera, minbizi-motarekiko independenteak direla mutazio horiek.

Astronomia

Gaia sateliteak bere lehen lan-urtean behatu dituen izarrekin osatutako mapa aurkeztu du Europako Espazio Agentziak (ESA). Gaiaren helburua Esne Bidearen hiru dimentsioko mapa osatzea da. Lehen urtean jasotako irudiekin osatutako mapa aurkeztu du ESAk; mapak mila milioi izar baino gehiago biltzen ditu. Izarren kokapenaz gain, haien distira ere neurtu ditu. Horretaz gain, bi milioi izarren distantziak eta mugimenduak ere jaso ditu. Europa osoko 450 zientzialari eta informatikari aritu dira datuak interpretatzen. Oraingoak aurrekoak baino 20 aldiz izar gehiago ditu eta bi aldiz zehatzagoa da.

Matematika

Herrialde baten pobrezia-indizea formula matematiko baten bidez hiru aldagairen arabera adieraztea lortu du Oihana Aristondo UPV/EHUko ikertzaileak. Pobreziarekin lotutako indize ekonomiko mota bat hiru osagairen arabera adierazi dute operadore matematiko batekin, eta, hori baliatuz, Europako 25 herrialdetako pobrezia 2005 eta 2011 bitartean nola aldatu den eta aldaketa horrek herrialde bakoitzean zer jatorri izan zuen aztertu dute. Pobrezia-indizeek hiru osagai izan behar dituzte kontuan: pobrezia-intzidentzia (pobre-kopurua edo ehunekoa), pobrezia-intentsitatea (pobreak zenbateraino diren pobre) eta pobrezia-desberdintasuna (pobreen arteko aldeak zein diren). Hiru aldagai horien arabera lortu dute adieraztea formula matematiko batean eta horrek balio du jakiteko herrialde batean zergatik handitu edo txikitu den pobrezia.

Argitalpenak

Arantxa Arzamendik “Gamificación: mecánicas de juego en tu vida personal y profesional” liburuari buruz hitz egin digu. Lehenik eta behin, gamifikazioa zer den jakin behar dugu. Funtsean, jokoak sortzea da normalean jokoetatik kanpo dauden eremuetan, ohiko jardueretan, etxean edo bezeroekin ditugun harremanetan. Gamifikazioaren helburua entretenitzea, erakartzea, bezeroak lortzea eta gehiago saltzea da. Liburu honek marko teorikoa eta praktikoa ere jorratzen ditu. Azken honetan, adibidez, gamifikazio jokoak sortzeko adibide praktikoak azaltzen dira. José Luis Ramírez Cogollor, liburuaren egileak oso modu didaktikoan azaltzen ditu jokoen mekanikak eta dinamika.

Emakumeak zientzian

Stephanie Kwolek kimikariaren inguruan aritu gara Zientzia Kaieran. Kimikari honek Kevlar zuntza aurkitu zuen. Balen aurkako txalekoak egiteko erabili zuten elementu hori. Aurkikuntza horrek 3.200 bizitza salbatu zituen. Ezagutu gertutik nola iritsi zen aurkikuntza hori egitera Kwolek kimikaria.

Immunologia

Bi kontzeptu: histamina deritzon molekula eta hantura (inflamazio) prozesua. Horiek izango dira artikulu honen bidez abordatuko diren gaiak. Nola daki gure gorputzak zein eremu konkretu handitu behar duen? Nola daki non ari diren suertatzen istiluak? Zer seinalek ematen du abisua? Nork sortu egiten du seinale edo baliza hori? Galdera horien atzean, hasieran idatzi dugun seinale molekurra dago: histamina. Ezagutu gertutik galdera horien atzean dagoena eta nola gertatzen den hantura prozesu hori testu interesgarri honetan.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>