Pobrezia-indizearen aldagai matematikoak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Herrialde baten pobrezia-indizea formula matematiko baten bidez hiru aldagairen arabera adieraztea lortu du Oihana Aristondo UPV/EHUko ikertzaileak. Europako 25 herrialdetan, 2005 eta 2011 bitartean, pobrezia nola aldatu den aztertu du, eta aldaketa horren jatorria zein den adierazi: pobre-kopurua, pobreziaren intentsitatea edo pobreen arteko desberdintasunak aldatzea.

poverty-1423343_1280
Irudia: Europako 25 herrialdetako pobrezia 2005 eta 2011 bitartean nola aldatu den eta aldaketa horrek herrialde bakoitzean zer jatorri izan zuen aztertu dute ikertzaileek.

Pobrezia-datuen azterketetan aditua da Oihana Aristondo UPV/EHUko Matematika Aplikatua Saileko BRIDGE ikerketa-taldeko ikertzailea, eta International Journal of Approximate Reasoning aldizkarian artikulu bat argitaratu berri du, Mariateresa Ciommi Italiako Università Politecnica delle Marcheko ikertzailearekin lankidetzan. Ikerketa horretan, pobreziarekin lotutako indize ekonomiko mota bat hiru osagairen arabera adierazi dute operadore matematiko batekin, eta, hori baliatuz, Europako 25 herrialdetako pobrezia 2005 eta 2011 bitartean nola aldatu den eta aldaketa horrek herrialde bakoitzean zer jatorri izan zuen aztertu dute. “Matematikako operadore bat eta ekonomiako formula batzuk uztartzea lortu dugu, nahiz eta hasieran bazirudien ez zutela elkarrekiko erlaziorik”, adierazi du Oihana Aristondo ikertzaileak.

Pobrezia-indizeek hiru osagai izan behar dituzte kontuan: pobrezia-intzidentzia (pobre-kopurua edo ehunekoa), pobrezia-intentsitatea (pobreak zenbateraino diren pobre) eta pobrezia-desberdintasuna (pobreen arteko aldeak zein diren). Bada, ikertzaileek lortu dute pobreziarekin lotutako ‘rank-dependent’ indizeak, zeinak pertsonen errentan eta pertsona bakoitzari errentaren arabera dagokion ordenan oinarritzen baitira, hiru aldagai horien arabera adieraztea formula matematiko batean, eta horrek balio du jakiteko herrialde batean zergatik handitu edo txikitu den pobrezia. Alegia, pobreziaren hazkundeak hiru jatorri izan ditzake: pobreen kopurua handitu delako, pobreen pobrezia handitu delako, pobreen arteko desberdintasuna handitu delako (batzuk askoz pobreago bihurtuz besteak baino) edo hiruren arteko konbinazioren bat gertatu delako.

Europako egoera

Ikertzaileek agerian utzi dute 2005 eta 2011 bitartean pobrezia handitu egin dela 25 herrialdetatik 13tan: Austrian, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Alemanian, Danimarkan, Espainian, Finlandian, Grezian, Italian, Luxenburgon, Suedian, Eslovenian eta Eslovakian. Beste 12tan, berriz, pobrezia txikitu egin da: Zipren, Estonian, Frantzian, Hungarian, Islandian, Lituanian, Letonian, Herbehereetan, Norvegian, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan. Kasu bakoitzean, aldaketa horren arrazoiak zein diren aztertu dute, eta egoera hobetzeko joerak zein izan beharko lukeen proposatu.

Pobrezia handitu den herrialdeei dagokienez, Espainiaren kasuan, handitu egin dira pobreziaren intzidentzia, intentsitatea eta pobreen arteko desberdintasuna, eta gauza bera gertatu da Austrian, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Danimarkan eta Finlandian. Beraz, hiru pobrezia-osagaiak kontuan hartuko dituzten politikak jarri beharko lirateke martxan herrialde horietan. Bestalde, Italian, Alemanian eta Eslovakian, pobre-kopurua txikitu arren, intentsitatea eta desberdintasuna handitu egin dira. Luxenburgon, berriz, pobreen arteko desberdintasuna gutxitu denez, pobreziaren intzidentzia eta intentsitatea murrizteko politikak jarri beharko lirateke martxan. Azkenik, Greziako, Suediako eta Esloveniako pobreziaren hazkundearen jatorria pobre-kopurua nabarmen handitzean dago, intentsitatea eta desberdintasuna txikitu egin baitira.

Pobrezia txikitu den herrialdeei dagokienez, nabarmentzekoa da Frantzian, Estonian eta Lituanian pobreen arteko desberdintasuna handitu egin dela, baina beste bi aldagaiak txikitu egin direnez, desberdintasunaren hazkundea konpentsatu egiten dela. Bestalde, Hungarian, Herbehereetan, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan, hiru osagaien egin dute behera. Zipren, pobreziaren intzidentzia handitu egin da, eta beste bi aldagaiak txikitu. Eta, amaitzeko, Islandian, Letonian eta Norvegian, pobre-kopurua asko txikitu delako gutxitu da pobrezia-maila; nolanahi ere, ikertzailearen iritziz, “ezin esan dezakegu herrialde horien emaitza ona denik, pobreziaren intentsitatea eta pobreen arteko desberdintasuna handitu egin baitira”.

Oihana Aristondoren iritziz, “oso tresna baliagarria izan liteke hau, herrialde bateko pobrezia-maila zergatik igo den jakin baitaiteke, eta, horren arabera, agintariek behar diren neurriak jar baititzakete martxan”. Orain, Espainiako Estatistika Institutu Nazionaleko (INE) 2014ko datuak dauzka esku artean, eta haien azterketa laster amaitzea espero du.

Erreferentzia bibliografikoa:
Oihana Aristondo and Mariateresa Ciommi. “The decompositions of rank-dependent poverty measures using ordered weighted averaging operators”. International Journal of Approximate Reasoning. Volume 76, September 2016, Pages 47–62.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Europako herrialdeen pobrezia-maila zergatik aldatu den aztertu dute matematikaren bidez.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.