Pobreziari aurre egiteko oinarrizko errenta behar da

Argitalpenak · Dibulgazioa

2030eko Garapen Iraunkorrerako 1. Helburua (aurrerantzean, GIH) pobreziari aurre egitean datza, eta beste helburu hauek dakartza berekin:

  • Gaur egun, eguneko 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonen muturreko pobrezia desagerraraztea mundu osoan.
  • Gutxienez erdira jaistea pobrezian bizi direnen proportzioa, dimentsio guztietan, definizio nazionalen arabera.
  • Gizarte-babeserako sistema eta neurri egokiak ezartzea estatu-mailan guztientzat, etxebizitza barne, eta pobreen eta kalteberen funtsezko estaldura lortzea.
  • Munduko herritar guztiek baliabide ekonomikoetarako eskubide berberak dituztela bermatzea, bai eta oinarrizko zerbitzuak, lurraren gaineko jabetza eta kontrola eta beste jabetza, herentzia, baliabide natural egoki batzuk, teknologia berria eta finantza-zerbitzuak eskuratzeko aukera ere, mikrofinantzak barne.
  • Berreskuratzeko gaitasuna garatzea eta klimarekin eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloko beste shock eta hondamendi batzuekin lotutako muturreko gertaerekiko esposizioa eta kalteberatasuna murriztea.
pobreziari aurre
Irudia: Espainian, 2020an, 3,3 milioi pertsonak gabezia material larria izan zuten. (Argazkia: Frantisek_Krejci – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 11.1 artikuluak zera dio: «Pertsona orok eskubidea du berak eta beraren familiak bizi-maila egokia izateko, baita elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak ere, eta bizi-baldintzak etengabe hobetzeko». Itun horren eraginkortasuna bermatzeko ardura osoa estatu sinatzaileek hartu zutela beren gain, itunaren 2.1 artikuluak dioenaren arabera: «Neurriak hartzea, bai nork bere aldetik, bai nazioarteko laguntzaren eta lankidetzaren bidez, bereziki ekonomikoak eta teknikoak, gehienera arte, eskura dituen baliabideak, mailaz maila, bitarteko egoki guztiak erabiliz, legegintza-neurriak hartzea barne, hemen aitortutako eskubideen erabateko eraginkortasuna lortzeko». Gauza bera aitortzen zaiola haur orori Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak.

COVID-19aren pandemiaren eraginak pobrezia murrizteko joera alderantzikatu du, eta aurreikusten da %0,4 igoko dela munduko muturreko pobreziaren tasa. Kalkulatzen da 40 eta 60 milioi pertsona artean itzuliko direla muturreko pobreziara. Espainian, 2020an, 3,3 milioi pertsonak gabezia material larria izan zuten; beraz, urtebetean, % 4,7tik % 7ra igo da proportzioa. Gainera, 9,94 milioi pertsona zeuden pobrezia arriskuan, hau da, Espainiako biztanleen % 21.

Honen aurrean oinarrizko errenta (aurrerantzean, OE) alternatiba egokia da. Kontzeptua bera eraginkorra da pobreziaren aurkako borrokan, eta honela dio: «OE edo herritarren diru-sarrera unibertsalerako eskubidea, pertsona orori, adina, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila edo lan-egoera edozein izanik ere, duintasun-baldintza materialetan bizitzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, zerga-erreformen bidez eta estatuko aurrekontuen kontura ordaindutako aldizkako diru-sarrera baldintzarik gabe jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, herritartasun-eskubide gisa, gizarteko kide egoiliar bakoitzari, beste errenta-iturriak alde batera utzita, egokia izan dadin haren oinarrizko beharrak betetzeko».

OEak, pobreziari aurre egiteaz eta haren biktimak ez estigmatizatzeaz gain, baditu beste hainbat birtualtasun, justizia sozialetik, aberastasunaren birbanaketatik eta askatasunetik hasita, baina baita beste hainbat esparrutan ere, hala nola lanean, genero-berdintasunean, demokrazian eta herritarren parte-hartzean, gazterian eta administrazioaren eraginkortasunean.

OEak aldaketa kultural sakonak eskatzen ditu, eta horietako bat, inbertsio gisa eta ez gastu gisa ulertzea da. Inbertsio horrek gure bizitzako alderdi askori eragingo lioke, eta, ikuspuntu ekonomikotik, ez da lurruntzen den gastu bat, banatzen den aberastasunaren zati bat baizik, eta, ondorioz, herritar bakoitzaren eta komunitatearen beraren zeregina indartuko litzateke.

Nazioarteko hainbat forotan aztertu eta planteatu den neurri bat da, bai Nazio Batuetan, bai Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrean, bai finantza- eta lan-munduko esparruetan. Espainian ere eskatu izan da, gizarte-lanaren, kulturaren eta osasunaren esparru profesionaletan, bai eta feminismoan, ekologismoan eta LGBTI kolektiboetan ere.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: GIH-Pobreziari aurre egiteko, oinarrizko errenta behar da.
  • Laburpena: 2030eko Garapen Iraunkorrerako 1. Helburua, pobreziari aurre egiteari dagokiona, zer den gogorarazi ondoren, helburu horren egungo bilakaera eta zer neurritan betetzen den aztertu da, bai mundu mailan, bai Espainian eta Euskadin, eta bereziki aipatu dira langile pobreen kolektiboa eta gizarte-babeserako sistemak. Jarraian, ikusi da oinarrizko errenta unibertsala, baldintzarik gabea eta banakakoa eskatzea, pobreziaren atalasetik gorako zenbatekoa izango duena. Nazioarteko hainbat forotan aztertu eta planteatu den neurri bat da, bai Nazio Batuetan, bai Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrean, bai finantza- eta lan-munduko esparruetan. Espainian ere eskatu izan da, gizarte-lanaren, kulturaren eta osasunaren esparru profesionaletan, bai eta feminismoan, ekologismoan eta LGBTI kolektiboetan ere. Azkenik, ondorio eta gogoeta labur batzuk atera dira, non berresten baita iritsi dela unea oinarrizko errentak neurri utopikoaren kategoria alde batera utzi eta behingoz abian jartzeko, horrela pobrezia materiala desagerrarazi eta Garapen Iraunkorraren 1. Helburua bete dadin.
  • Egilea: Ángel Elías Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 15-30
  • DOI: 10.1387/ekaia.22073

Egileaz:

Ángel Elías Ortega Zuzenbidean doktorea eta UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..