Telebistak eragindako epilepsia, zabutik erortzearen modukoa

Amaia Portugal

Ehunka haurrek epilepsia fotosentikorra jasan zuten 1997an, Pokemon telesailaren atal bat ikusi ostean. Sei segundoz pantaila bete zuten irudi argitsu eta azkarrek izan zuten errua. Gertaera horren eta antzekoen atzean dagoen mekanismoa xehatu dute ikertzaile batzuek, neuronen eredu konputazional baten bitartez.

Orain ia hogei urte, zeresan handia eman zuen Pokemon telebista saioko atal batek. Lehen denboraldiko 38. atala zen, eta ordurako milioika jarraitzaile zituen anime horrek. 1997ko abenduaren 16an aireratu zuten Japonian; aurrenekoz, bai eta azkenekoz ere, atal hori ezabatu egin behar izan baitzuten egileek. Izan ere, itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten, marrazkion argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak. Orain, haren zergatiak xehatu dituzte Exeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak elkarlanean egindako ikerketa batean. NeuroImage aldizkarian eman dute emaitzen berri.

Horretarako, garunaren kortexean dagoen neurona multzo baten eredu konputazionala garatu dute ikertzaileok. Hala, frekuentzia zehatz batzuk dituzten estimuluen aurrean, neurona horiek portaera epileptikoa dutela erakutsi nahi izan dute. Estimulu horiek garunak berak sortuak izan daitezke, edo kanpo faktoreek ekarritakoak, Pokemon telesailarekin duela bi hamarkada gertatu zen bezala.

1. irudia: Ia zazpiehun haurrek izan zuten epilepsia krisia 1997an, Pokemonen atal bat ikusitakoan. (Argazkia: Toshiyuki IMAI / CC BY-SA 2.0)
1. irudia: Ia zazpiehun haurrek izan zuten epilepsia krisia 1997an, Pokemonen atal bat ikusitakoan. (Argazkia: Toshiyuki IMAI / CC BY-SA 2.0)

Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.

Fenomenoa azaltze aldera, zabu batekin konparatu dute ikertzaileok. Kulunka dabilen haur bati zabuan bultzada gogorra ematen badiogu, bultzada horren frekuentzia kulunkaren frekuentziaren parekoa izan daiteke. Orduan, zabuaren oszilazioa handituko da, eta haurrak gora eta gora egingo du, erortzeko arriskua izateraino. Erorketa horren moduko efektua izan zuten garunean epilepsia jasan zuten ehunka haur horiek, marrazkien argiek frekuentzia zehatz horretan egin zutelako dir-dir. “Garunaren alfa erritmoa 8-12 hertzekoa da, eta marrazkiok hamabi hertzeko alfa frekuentzia ari ziren erakusten”, gaineratu du Maciej Jedynak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak.

2. irudia: Zabu batekin egin dute analogia ikertzaileek, epilepsia fotosentikorra azaltzeko. (Argazkia: Luiz Carlos / CC BY 2.0)
2. irudia: Zabu batekin egin dute analogia ikertzaileek, epilepsia fotosentikorra azaltzeko. (Argazkia: Luiz Carlos / CC BY 2.0)

Epilepsia krisiak nola sortzen diren eta horietan neurona sareetako komunikazioek zer rol jokatzen duten ulertzeko aurrera pausoa da ikerketa hau, egileen hitzetan. “Lan honek erakusten duenez, garunaren portaeran eragin sakona izan dezakete haren ausazko jardueraren behin-behineko zenbait ezaugarrik”, dio Jordi G. Ojalvo Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako batek.

Epilepsiaren kontrako gaur egungo tratamenduen aurrean alternatibak sortu nahi badira, gaitzaren atzean dauden mekanismoak ahalik eta ondoen ulertu behar dira, eta horixe da gisa honetako ikerketen helburua. “Krisi epileptikoak sortu eta zabaltzeko mekanismoak zeintzuk diren argitzen laguntzen dute gure aurkikuntzek”, dio Jedynakek.

Erreferentzia bibliografikoa:
Maciej Jedynak, Antonio J. Pons, Jordi Garcia-Ojalvo, Marc Goodfellow. Temporally correlated fluctuations drive epileptiform dynamics. NeuroImage. Volume 146, 1 February 2017, Pages 188–196. http://dx.doi.org/10.1016/j.neuroimage.2016.11.034

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>