Beatriz Royo: “Ama izatea eta ikertzea bateragarriak izan daitezke”

Emakumeak zientzian

Beatriz Royo Castillejok lehenengo hitzetik aitortzen du zortea izan duela. Izan ere, duela gutxi ama izan da, baina ez du zailtasunik izan ikerketa-lana eta amatasuna bateratzeko, bere laborategiko buruaren jarrerari esker. “Borondatea egonez gero, gauzak ondo egin daitezkeela erakusten du nire kasuak”, dio Royok.

Orain tesia idazten ari da; bost orduko lan-jarduna du, eta nahi duen bezala bete ditzake. Ordutegia alde batera utzita, kontratazio-gaietan ere ondo zainduta daudela iruditzen zaio, eta lantaldean oso giro ona dutela adierazi du: “Alde horretatik, zorionekoa naiz, zalantzarik gabe”.

Irudia: Beatriz Royo ingeniaria eta ikertzailea jardunaldi batean aurkeztutako posterraren aurrean.

Horra iristeko izan duen ibilbidea kontatzean, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuenetik abiatzen da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin zituen ikasketa horiek, eta gero Lleidara joan zen Goi Mailako Ingeniaritza egitera. Han egin zuen baita amaierako ikerketa-proiektua eta orduan sortu zitzaion ikertzeko gogoa. Izan ere, horren aurretik, industrian lan egiten ikusten zuen bere burua. Bestalde, bestelako lan batzuk ere egin zituen, aholkularitza batean, esaterako, eta lan-mota hori ez zuela gogoko konturatu zen.

Hala, berrikuntza bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ematen zituen bi urteko beka bat eskatu zuen, eta baita lortu ere. Onddoak baliatuta, baso-mozketan lortutako ligninatik bioetanola nola sortu ikertzen aritu zen. Urtebete zeramala, master bat egiteko aukera sortu zitzaion, eta Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen.

Tesia, amatasuna eta lana

Masterra NUP eta EHUren artekoa da, eta masterra ikasi bitartean, Iruñean eta Bilbon, ikertzen jarraitu zuen. “Garai gogorra izan zen”, onartu du, baina merezi izan zuela uste du. Hain zuzen, masterraren amaierako proiektuan Danimarkara joateko aukera eskaini zioten, eta hara joan zen, lau hilabetez. Irribarretsu kontatzen ditu hango bizipenak, asko ikasteaz gain, oso giro onean egon baitzen. “Eta hori gutxi ez, eta artikulu bat argitaratzea lortu nuen!”, gehitu du.

Handik itzultzean, tesia egiteko lau urteko beka eman zioten Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean, eta han dabil oraindik. Bi egonaldi egin ditu, bat Oxforden, lau hilabetekoa, eta bestea Kordoban, hiru hilabetekoa, eta lau urteko beka amaitzeko hiru hilabete geratzen zitzaizkionean, haurdun geratu zen. Orduan eten bat egin zuen, haurra izan eta, sei hilabeteko kontratu baten bidez, berriro itzuli den arte.

Orain, beraz, kontratatuta dago, eta tesia idazten ari da, eta otsailean aurkeztea espero du. Gutxi gorabehera orduan amaituko zaio kontratua, baina dagoeneko badaki beste sei hilabeteko kontratu batekin lotzeko aukera izango duela. Edonola ere, ez du baztertzen industrian probatzea, lanean egonkortasun handiagoa izateko, baina berriro dio: “ezin dut ukatu, zorionekoa naiz”.

Fitxa biografikoa

Beatriz Royo Castillejo Iruñean jaioa da, 1983an. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa NUPen ikasi ondoren (2009), eta Goi Mailako Ingeniaritza egin zuen Lleidan (2009an). 2011n, berriz, Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen (NUP eta EHU). Orain tesia egiten ari da Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean (NUP), eta, tartean, hainbat lan egin ditu: egonaldiak atzerrian ikerketa-bekekin, irakasle-lana, enpresan…


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.