Naiara Moreira: “Asko betetzen nau pentsatzeak egiten dudana ez dela paperean geratuko”

Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia

Naiara Moreirak aitortzen duenez, sortzeko grinak bultzatuta egin zen ikertzaile. “Telekomunikazio-ingeniaria naiz, eta ikasketak amaitu ondoren topatu nituen irteerak ziren, batetik, aholkulari gisa, zeinetan lana antzekoa izaten den ia beti, eta bestetik, ikerketa eta garapena, aukera ematen duena gauza berriak sortzeko. Horrek askoz gehiago asetzen nau; beraz, horregatik sartu nintzen ikerketa-munduan”.

Hala, karrera-amaierako proiektua Tecnalian egiteko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik egin. Horri esker ezagutu zuen zer den ikerketa-mundua, nolako proiektuak garatzen dituzten halako zentroetan… Horren ondoren, unibertsitatean jarraitzea gomendatu zioten, APERT ikerketa-taldean (Applied Electronics Reseach Team), eta han doktoretza egitea erabaki zuen. Ondo bidean, aurten aurkeztuko du tesia.

Irudia: Naiara Moreira ikertzailea. (Argazkia: Tere Irastorza / UPV/EHU)

Irudia: Naiara Moreira ikertzailea. (Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Moreirak azaldu duenez, azpiestazio elektriko adimendunen komunikazio-protokoloa babesteko sistema hobetzea da tesiaren helburua. “Izan ere, oso garrantzitsua da ondo babestea: azpiestazio elektriko batean mikrosegundo bakar bateko denbora-erroreak ondorio larriak izan ditzake; adibidez, hornidura elektrikoa etetea eragin dezake”.

Aplikatua izatea, motibagarri

Moreirarentzat, oso motibagarria da egiten duten ikerketa hain aplikatua izatea. “Asko betetzen nau pentsatzeak egiten dudana ez dela paperean geratuko, eta erabilgarria izan daitekeela eta jenderen bizi-kalitatea hobetzeko balio dezakeela”.

Dena ez da hain atsegina, ordea, eta aitortu du zaila egiten zaiola epe luzerako planifikatu behar izatea lana, batez ere, beti izaten direlako gorabeherak. “Gainera, berrikuntzan aritzen garenez, ez dugu eredurik; inork ez du egin guk egin nahi dugun hori, beraz, ezin ditugu jarraitu inoren urratsak, geuk eman behar ditugu pausoak. Hori batzuetan gogorra da”. Hori bai, pausoz pauso norabide onean doala ikustea oso pozgarria dela ere onartu du.

Horrekin batera, asko gustatzen zaio ikerketa-taldean duten giroa, irakasleek ere ikasleen proiektuetan parte hartzen baitute, eta talde trinkoa osatzen baitute, nahiz eta bakoitzak bere lanak eta ardurak dituen.

Etorkizunera begira, lehen helburua tesia amaitzea da. Horren ondoren, industrian lan egin nahiko luke, Euskal Herrian bertan. “Aukerak baditudala uste dut; beraz, horren alde borrokatuko naiz”.

Fitxa biografikoa:

Naiara Moreira Ciruelos (Barakaldo, 1985) komunikazio-ingeniaria da. Sistema elektroniko aurreratuen masterra du, eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako APERT (Applied Electronics Research Team) ikerketa-taldeko kidea da. ‘System-on-Chip Architecture for Secure Sub-microsecond Synchronization Systems’ izeneko doktorego-tesia ari da amaitzen, Armando Astarloaren zuzendaritzapean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>