Musikak eta sexuak bide beretik dakarte plazera

Amaia Portugal

Garunaren berezko opioideek zerikusi handia dute musikak eragiten duen gozamenean, Quebeceko ikerketa batean egiaztatu dutenez. Horixe bera gertatzen da sexuarekin, drogekin eta janariarekin ere. Opioide horiek blokeatzen dituen botika bat baliatuta, gustuko musika entzun eta hala ere ezer ez sentitzea lortu dute.

Sexua, drogak eta rock-and-rolla: maiz elkarri lotuta agertzen den hitz hirukotea. 1977an Ian Duryk argitaratutako kantu batean du jatorria atsotitz moduko honek. Ordutik bertsioak, filmak eta telebista saioak egin dira izenburu horrekin berarekin, eta esapidea gizartean txertatu da erabat, maiz izaten baitugu ahotan. Bada, Dury jaunak ez zuen halakorik esperoko hori idatzi zuenean, baina zientziak ere frogatu du badela harremanik sexuaren, drogaren eta musikaren artean. Izan ere, hiru horiek (bai eta janariak ere) eragiten duten plazerean, garuneko sistema kimiko berberak hartzen du parte.

Gustuko dugun musika entzuten dugunean, endorfinak (opioide endogenoak) eta dopaminak (neurotransmisoreak) askatzen ditugu; sexuarekin edo janariarekin bezalaxe. Hala egiaztatu dute, Quebeceko McGill Unibertsitatean egindako ikerketa batean. “Lehenbizikoz erakutsi dugu garunaren berezko opioideek esku-hartze zuzena dutela musikaren plazerean“, dio Daniel Levitin neurozientzialari, musikari eta ikerketa honen arduradunak. Scientific Reports aldizkarian eman dute egindako lanaren berri.

1, irudia: Musikak eragiten duen plazera sexuak eta drogek dakartenaren bide beretik dator. (Argazkia: Nickolai Kashirin / CC BY 2.0)

Ikerketa ildo honi lotuta, Levitinen taldeak zein beste batzuek erresonantzia magnetikoak baliatu izan dituzte aurrez, musikaz gozatzen ari garenean, garunaren zer zonalde aktibatzen diren ikusteko. Honetan guztian sistema opioideak zerikusiren bat baduela ondorioztatzeko balio izan die horrek, baina orain, urrats garrantzitsuagoa egin dute, naltrexonarekin egindako esperimentu baten bidez.

Garuneko opioideak blokeatzeko ahalmena duen substantzia da naltrexona, eta zenbait adikzio (alkohola, droga batzuk) tratatzeko baliatzen da horregatik. Beste osagai aktibo batekin konbinatuta, obesitateari aurre egiteko ere erabiltzen da; haren eraginpean, jatea ez baita gozagarria. Zenbait ikerketatan egiaztatu dutenez, orgasmoak eragindako plazera ere blokeatu dezake.

Hori horrela, naltrexona hartuta, musikak eragin ohi duen gozamena ere desagertzen ote den aztertu dute esperimentu honetan. Izan ere, hala balitz, substantzia honek musikaren plazerean duen efektua drogekin edo sexuarekin duenaren antzekoa litzateke, eta hirurek zirkuitu neuronal bertsuak partekatzen dituztela esan nahiko luke horrek.

2. irudia: Daniel Levitin ikertzailea eta musikaria. (Argazkia: Owen Egan / McGill University)

Esperimentua egiteko, unibertsitateko hamazazpi ikasle hartu zituzten lagin gisa. “Osasuntsu dagoen jendeari botikak ematen zaizkion bakoitzean kontu handiz ibili beharra dago, balizko efektuei aurrea hartzeko”, dio Levitinek. Hala, esperimentua hasi baino lehenago ere odol laginak atera zizkieten ikasleei, botikak kalte egiteko arrazoirik ez zegoela egiaztatzeko. Esperimenturako, bi kantu kuttun eramateko eskatu zitzaion parte hartzaile bakoitzari. Batzuei naltrexona jarri zitzaien, eta beste batzuek plazebo lanak betetzen zituen pilula bat irentsi behar izan zuten.

Ondoren, sentsoreak jarri zizkieten aurpegian, muskuluen jarduera neurtzeko. Arnasa, bihotz taupadak, odolaren presioa eta azalaren eroankortasuna ere aztertu zituzten, musika entzun bitartean. Naltrexona hartu zutenen erreakzioa harrigarria izan zela azpimarratu du Levitinek: “Batek zioen: ‘Badakit nire kantu gustukoena dela hau, baina orain ez dut ohi bezala sentitzen’. Beste batek: ‘Ederra da, baina ez nau ukitzen'”.

Ikasleongan izandako efektua ikusita, musikaren, sexuaren eta drogen arteko lotura egiaztatu dute. Hala, artikuluan gaineratzen denez, musikaren jatorria ebolutiboa dela dioen ustea indartzen du lan honek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Adiel Mallik, Mona Lisa Chanda & Daniel J. Levitin. Anhedonia to music and mu-opioids: Evidence from the administration of naltrexone. Scientific Reports 7, Article number: 41952 (2017). DOI:10.1038/srep41952

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>