Birusak zainetan

Amaia Portugal

Giza odoleko biroma arruntak zer ezaugarri dituen aztertu dute AEBtako ikertzaile batzuek, zortzi mila lagun baino gehiagoko lagina erabilita. Hemeretzi giza birusen sekuentziak identifikatu dituzte; herpesbirusak, batez ere. Lan honek ekarpena egin dezake, transfusioen segurtasuna hobetzeko eta patogeno berriak identifikatzeko.

Gure odolak mikrobio ugari ditu. Horrek ez du esan nahi gaixo gaudenik, baina komenigarria da ahalik eta ondoen jakitea zer daramagun gure zainetan. Horretan ekarpena egin berri dute AEBtako Human Longevity zentroko ikertzaile batzuek, giza odoleko biroma arruntak zer ezaugarri dituen aztertu baitute. Zer da, baina, giza biroma? Birus eta genoma hitzen arteko batuketa da, eta giza gorputzean dagoen birus bildumari egiten dio erreferentzia. Azterketa hau baliagarria izan daiteke, odol transfusioen segurtasuna areago bermatzeko, bai eta patogeno berriak identifikatzeko ere. PLOS Pathogens aldizkarian argitaratu dute artikulua.

Erabat osasuntsu dauden 8.240 lagunen odolaren genomaren sekuentziazio datuak izan dituzte abiapuntu ikerketa honetarako. Informazio gehientsuena erreferentziazko giza genomarekin bat dator, baina sekuentzia datuen %5 inguru baztertuta geratzen da: giza DNAri berez ez dagokion zatia da. Hain zuzen, baztertutako informazio hori da gakoa, hor baitaude gure odoleko biromaren ezaugarriak.

1. irudia: Detektatutako hemeretzi birusen prebalentzia eta ugaritasuna laburbiltzen dituen grafikoa. (Argazkia: Ahmed Moustafa et al.)

Guztira, 94 birusen sekuentziak identifikatu dituzte lagin horietan guztietan. Birus horietatik 75 laborategiko produktuek edo ingurumen faktoreek kutsatuta sortu dira, eta azterketatik kanpo geratu dira, beraz. Ikertzaileek artikuluan aitortu dutenez, kanpo kutsadura horrek nahasmena eta arazo teknikoak ekar ditzake, giza patogeno berriak identifikatzeko erronka zailtzen baitute. Hala ere, detektatu dituzten gainerako hemeretzi giza birusak badira aztertzekoak eta fidagarriak, gure odoleko biroma xehatze aldera.

Gizabanakoen %42ari detektatu dizkiote hemeretzi birus horietakoren bat edo batzuen sekuentzia ugariak. Laginaren %14-20ari herpesbirusak topatu dizkiote, eta %9ari, anellobirusak. Badira proportzio txikiagoetan (%1etik behera) topatu dituzten bestelako birus batzuen sekuentziak ere: papilomaren birusa, B19 parbobirusa, poliomabirusa… bai eta Giza Immunoeskasiaren Birusa ere, besteak beste. Hala ere, azpimarratzekoa da DNA sekuentziei buruz ari garela, eta ez derrigor infekzioa dakarren zerbaiti buruz.

2. irudia: Odol transfusioen segurtasuna handitzen lagun dezake ikerketa honek. (Argazkia: Waldszenen / Public Domain)

Bestalde, adina, jatorria eta sexua kontuan izan dituzte ikerketa honetan. Hala, ikusi dutenez, parte hartzaile gazteenen odolean maizago identifikatu dituzte birus horiek. Jatorri geografikoa ere faktore epidemiologiko garrantzitsua izan daitekeela ondorioztatu dute, birus motan eta haren prebalentzian eragina izan dezakeela. Generoari dagokionez, oro har, birusen zirkulazioak prebalentzia handiagoa du gizonen artean emakumeengan baino, ikertzaileok artikuluan adierazi dutenez.

Lan honetako emaitzek ekarpen handia egin dezakete odol transfusioen segurtasunari dagokionez. Esaterako, gaur egun, odola ematen dugunean, GIBaren, HTLVaren, B eta C hepatitisen, Mendebaldeko Niloko birusaren eta Zikaren probak egiten zaizkigu; odolaren bitartez kutsatu daitezkeen birus patogenikoak direlako. Bada, giza biromaren azterketa honetan identifikatutako birus batzuk ere odolaren bidez transmititu daitezke; giza papilomaren birusa edo Merkel zelulen poliomabirusa, kasu. Nahiz eta DNA sekuentziak besterik ez izan eta printzipioz infekziorako arriskurik egon ez, komenigarria izan liteke halakoei ere bereziki behatzea etorkizunean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ahmed Moustafa et al. The blood DNA virome in 8,000 humans. PLOS Pathogens. 13(3): e1006292. DOI:10.1371/journal.ppat.1006292

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>