Armiarma-sareen eroankortasun termikoa ez bide da hain garaia

EHUko ikerketa

Argazkia: http://en.wikipedia.org/wiki/User:Fir0002
Argazkia: http://en.wikipedia.org/wiki/User:Fir0002

Aski ezaguna da armiarma-sareen erresistentzia eta elastikotasuna oso handiak direla; horrez gain, ordea, eroale termiko bikaina ere badela adierazi zuten Iowako Estatu Unibertsitateko zientzialariek 2012an. Nephila clavipes armiarmaren zetaren difusibitate termikoa metal onenena bezain altua zela neurtu zuten: 70 mm2 s-1. Orain, esperimentua errepikatu egin du Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek, eta emaitzek zalantzan jarri dute amerikarren aurkikuntza. Horrek, besteak beste, berresten du esperimentuak errepikatu ahal izatearen garrantzia aurkikuntza zientifikoak egiaztatu ahal izateko.

“Gure aurkikuntzek goitik behera aldatuko dute gai biologikoek eroankortasun termiko baxua dutelako uste konbentzionala”, esan zuen orduan ikerketaren egile nagusi Xinwei Wang-ek.

Emaitza harrigarri hark esperimentua Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolako laborategian egitera bultzatu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko fisikari batzuk. Izan ere, laborategi horretako gailuak gai dira harizpi oso meheetan, mikrometro gutxi batzuetako harizpietan, beroa nola transferitzen den aztertzeko.

“Europako armiarma arruntenetako baten, baratze-armiarmaren (Araneus diadmatus), hariak hartu genituen, eta laser-sorta baten eraso-punturainoko distantziaren arabera tenperatura nola jaisten zen aztertu genuen”, esan zuen Agustín Salazar, UPV/EHUko katedradun eta azterketaren ikertzaile nagusiak.

“Armiarmaren zetaren difusibitate termikoa 0,2 mm2 s-1 izan zen, hau da, ikertzaile estatubatuarrek iragarritakoa baino 300 aldiz txikiagoa”, adierazi zuen Salazarrek. UPV/EHUko fisikari-taldeak Materials Letters aldizkarian argitaratu ditu emaitza berriak.

Salazarrek gogora ekarri du armiarmen zeta aminoazido-katez —glizina- eta alanina-katez, batez ere— osatuta dagoela eta bero-eroale txarra dela, material biologiko oro bezala. Bestalde, fisikariaren iritziz, emaitzak bat ez etortzearen arrazoia ez da ikertzaile-taldeek armiarma espezie diferenteekin lan egin izana. “Difusibitate termikoko bi emaitzen arteko alde handia nekez izango da horren ondorio”.

“Egia esan –adierazi zuen ikertzaileak– ez da harritzekoa armiarmen zeta eroale termiko ona baino gehiago isolatzaile termikoa izatea; izan ere, milioika urteko eboluzioan, armiarmarentzat eta haren sarearentzat abantailatsuak diren propietate fisikoek egin dute aurrera, besteak beste, erresistentzia, elastikotasuna eta isolamendu termikoa”.

UPV/EHUko zientzialariek “metodo garbi eta erraza erabili dute, termografia infragorrian oinarritua”. Salazarren esanean, “talde estatubatuarrak prozesu oso konplexua erabili du esperimentuko datuetan bero-galerak, eta estalduraren eta harizpien luzeraren eragina saihesteko. 1 mm-ko luzerako harizpiekin egiten dute lan haiek; guk, berriz, zentimetro bateko edo gehiagoko harizpiekin”.

Nolanahi ere, azterketaren emaitzez aparte, ikertzaileak azpimarratu du mota horretako lanak garrantzitsuak direla gogorarazten dutelako zientzian zeinen beharrezkoa den esperimentuak errepikatzea: “Prentsa jeneralistak ahaztu egiten du hori maiz, eta aurkikuntza deigarriak iragartzen ditu izenburu handitan, egia ukaezinak izango balira bezala, beste ikertzaileek aurkikuntzak berretsi baino lehen”.

Erreferentziak:

Raquel Fuente, Arantza Mendioroz, Agustín Salazar (2014): “Revising the exceptionally high termal diffusivity of spider silk”. Materials Letters 114: 1-3.
Xiaopeng Huang, Guoqing Liu, Xinwei Wang (2012): “New Secrets of Spider Silk: Exceptionally High Thermal Conductivity and Its Abnormal Change under Stretching”. Advanced Materials 24: 1482-1486.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.