Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak bilduko ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta bilduta eskaintzeko helburu dugu. Zeri buruz hitz egin da sarean? Eman diezaiogun begirada bat.
Asteari hasiera eman genion herentziazko gaixotasun arraro batekin, koroideremia. X kromosomari lotutako gaixotasun genetiko azpirakorra da eta hori dela eta, gizonezkoek pairatzen dute batez ere. Lehen sintomak umetan sumatzen dira, gauetan haurrak itsu gelditzen dira, gerora ikusmen periferikoa galtzen dute apur-apurka eta itsu bihurtzen dira helduaroan. Jon Zarate, EHUko irakasleak koroideremiari buruzko artikulua idatzi zuen Zientzia Kaiera blogean. Bertan, ikertu diren sendabideak azaltzen dizkigu: Koroideremia: niretzat ez da jada gaixotasun arraroa.
Duela 56 milioi urte tenperaturak 5-9 ºC gora egin zuen. Ikertzaileek uste izan dute itsasoaren maila nabarmenki jaitsi zela garai hartan eta urpeko sedimentuak agerian gelditzerakoan hauen CO2-aren emisioek tenperatura igoarazi zutela. Iñaki Leturiak Elhuyar Aldizkarian teoria hori zalantzan jartzen duen ikerketa bat aurkezten digu, EHUko Paleogenoaren Ikerketa Taldeak egindakoa: Itsas mailaren jaitsierak ez zuen eragin duela 56 milioi urteko berotze globala.
Paul Erdös matematikaria 1913ko martxoaren 26an jaio zen. Asteon bere jaiotzaren 101. urteurrena izan da eta Javier Duoandikoetxea matematikariak figura berezi hau gogorarazi digu. Erdös XX. mendeko matematikari aparta izan zen eta oparoa, 1.500 artikulutik gora publikatu zituen eta 511 koautore izan zituen. Azken honetatik sortu zen Erdös zenbakia: koautorez koautore Erdösenganaino heltzeko behar den urrats kopururik txikiena da egile baten Erdös zenbakia. Bere ibilbide zientifikoak askorako eman zuen eta haren bizitzak ere, liburu eta artikuluetan jaso baita. Guzti hau irakur dezakegu Zein da zure Erdös zenbakia? artikuluan.
Imanol Pérezek ere matematika maite du. Erdös eta Duoandikoetxearen bidea jarraituko du agian matematika ikasle honek. Bere ibilbidean gai interesgarri bat plazaratzen digu EHUko matematika ikasleen πkasle aldizkariko blogean, zein da zozketa bat irabazteko dugun probabilitatea? Adibideen bidez zozketetan gertatzen diren kasuistikak erakusten dizkigu. Holakoetan parte hartze dugunean, hauek justuak izatea gustatuko litzaiguke, ezta? Zozketa justuak.
Kariklo 250 kilometroko diametroa duen asteroidea da eta jakin berri dugu eguzki-sisteman eraztunak dituen lehen asteroidea dela. Orain arte eraztunak Jupiter, Saturno, Urano edota Neptuno bezalako planeta handiek bakarrik zituztela uste zen baina aurkikuntza honek zabaldu egiten du espektroa. Kariklo Jupiter eta Neptuno artean diharduten zentauro handiena da, eguzkiaren inguruan orbitatzen duen objektua. Hego Ameriketako hainbat lekutik egindako behaketek baieztatu dute Kariklok bi eraztun dentso eta estu dituela inguruan. Elhuyar Aldizkarian Eider Cartonek ematen dizkigu xehetasun guztiak: Eguzki-sistema exotikoa: eraztunak asteroide baten inguruan eta gorputz berri bat Oorten lainoan.
Jakin-mina, hori da piztu diena astrobiologoei Lurretik kanpo ura egon litekeen ideiak. Espazio-zunden datuek iradokitzen dute ur likido asko egon litekeela Saturnoko Europa, Jupiter eta Titan ilargietan. Horrez gain, ur zantzu batzuk aurkitu dituzte exoplaneta batzuetan, eguzki-sistematik kanpo dauden planetetan. Hubble teleskopioko taldeak gutxienez bost egon daitezkeela egiaztatu du: WASP-12b, WASP-17b, WASP-19b, HD 209458b eta XO-1b. Antonio Cantók Zientzia Kaiera blogean azaltzen digu gure eguzki-sistematik kanpo ere ur gehiago dagoela: Ur asko.
Haruko Obokata ikertzaile japoniarraren zelula amen ikerketaren emaitzek zeresana eman dute aurten. Nature aldizkariak argitaratutako bi artikuluetan, Shinya Yamanaka, 2012ko Medikuntzako Nobel saridunaren iPS zelulen aplikazio klinikoaren mugak gainditzen zituen prozedura berri bat deskribatu zuen. Baina prozedura hori errepikatu ezinik dabiltza bestelako ikerketa taldeak, akatsak ere plazaratu dira eta Obokatari atzera botatzeko eskaera ere egin diote. Berria egunkarian zelula amen ikerkuntzako afera dakarkigu Jose Antonio Rodríguezek: Obokataren estresa.
Udaberriarekin batera askorentzat ezaguna den gaitzari buruz idatzi du Amaia Portugal kazetariak: polenari alergia. Garatutako herrialdeetan, pertsonen % 25-30ek dute edo izan dezakete alergiaren bat eta zifra etengabe haziz doa. Baina zerk eragiten digu polenari alergia? Zientzia Kaiera blogean Amaiak Jorge Martinez Quesada Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko ikertzailearen azalpenen berri ematen digu: erreakzioa ez du polenak berak eragiten, haren osagai diren proteina zehatz batzuek baizik, substantzia alergenoek. Doministikuak ere loratzen dira udaberrian.
Etorkizuna aurreikusteko gaitasuna izango bagenu, biharkoa gaur ezagutzeko aukera izango genuke. Baina etorkizunari aurrea hartzeko gaitasunik ez dugu eta historiari erreparatuz gero, asmatzea zaila dela ikusiko dugu. Seguruenik matematikariek zeresana izango lukete kontu honetan eta probabilitateak zeintzuk diren esango ligukete. Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian teknologiaren historia errepasatu du. XIX. eta XX. mendeetako ingeniari, enpresa gizon eta astronomoek botatako aurreikuspenak egi bihurtu ote diren aztertu du Teknologiaren etorkizuna ezin asmatu artikuluan. Ordenagailuen, fotokopiagailuen, CD-ROMen, lineako zerbitzuen etorkizuna asmatu ote zuten iraganean?