Doministikuak ere loratzen dira udaberrian

Amaia Portugal

Hedabideetako gai kuttunetako bat dira alergiak garai honetan. Berez urte osoan legoke asaldura mota horri buruz hitz egiteko aitzakia; galde diezaietela, bestela, hautsarekin edo akaroekin doministikuka aritzen diren horiei. Baina polenari alergia izatea ere arrunta da oso, eta hori bai, udaberriarekin batera loratzen da nagusiki.

Polenak urte osoan dabiltza atmosferan berez, baina hasi berri den urtaroan gertatzen da benetako eztanda. Jorge Martinez Quesada Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko ikertzaileak azaldu bezala, erreakzioa ez du polenak berak eragiten, haren osagai diren proteina zehatz batzuek baizik; substantzia alergenoek, hain zuzen. “Gramineoak, horma-belarrak, salsolak, olibondoaren moduko zuhaitzak… Horiek dituzte polen alergogenikoenak, eta udaberrian dute espresio handiena. Orain polinizatzen dira, orain dago kontzentrazio handiena atmosferan, eta horrenbestez, jendeak orain arnasten ditu gehien. Askotariko sintomak eragin ditzakete; arnas-aparatuari loturikoak dira ohikoenak, sudurrarekin edo bronkioekin zerikusia dutenak”, azaldu du.

Zerk egiten du, baina, pertsona bat alergiko? Zerk bereizten du polena sumatu ere egiten ez duen beste batengandik?

Gramineoen polinizazioak alergeno ugari askatzen du bidean (Arg.: Udo Schmidt / CC BY-SA 2.0)

Gramineoen polinizazioak alergeno ugari askatzen du bidean (Arg.: Udo Schmidt / CC BY-SA 2.0)

Bere gorputzak okerreko mezua hartzen du, nolabait esatearren. Izan ere, Martinez Quesadak adierazi bezala, immunologia sisteman dago gakoa: “Polenak dituen substantzia batzuk sudurretik edo bronkioetatik sartzen direnean, interakzioa dute immunologia sistemarekin. Honek substantziok identifikatzen ditu, eta itxuraz pertsona babestea helburu duen erreakzio bat eragiten du, baina ez da zuzena. Immunologia sistemak zerbait identifikatu du, baina oker dago. Akats horren ondorioz zenbait substantzia ekoizten ditu organismoan. Beste kasu batzuetan substantzia horiek baliagarriak izango lirateke organismoa babesteko, baina hemen ez dago zer babestu. Horren ordez, substantziok azkura eragiten dute sudurrean, odol-hodiak uzkurrarazten dituzte…”.

Udaberri batzuk besteak baino hobeak dira alergikoentzat, urte batetik bestera airean egokitzen den polen kontzentrazioa ere aldakorra baita. Aurten, esaterako, euri dezente egin du neguaren hondarrean, eta airea garbitu du horrek, polena desagerrarazi. Kontrastea ez da ona alergikoentzat: euriteek garbitutako airea izan eta, bat-batean, giro epel eta eguzkitsuak polinizazioa bizkortu du. Halakoa zen egoera martxoaren 20an, udaberria hasi eta elkarrizketa hau egin zen egunean: “Euria egiteari utzi eta tenperatura epelak ditugu, eta orduan zuhaitzak loratu dira dagoeneko, bai eta landareak hazi ere. Kolpean etorri da, eta inolako estimulurik ez izatetik denak aldi berean izatera pasa da jendea. Zaila da”, dio Martinez Quesadak. Dena dela, udaberrian ere maiz botatzen du euria gurean, eta hori gertatzen den aldiro, atsedena dakarkio polenarekin sufritzen duen edonori.

Horren harira, hedabideetan egiten diren eguraldi iragarpenetan, gaur egun ohikoa da polen kontzentrazioari aipamena egitea. Izan ere, Martinez Quesadak adierazi bezala, hori neurtzen duten gailuak oso hedatuta daude. EHUn bertan ere badute esperientziarik horretan: “Katalunian oso sare ona dute, eta gu geu ari gara haiekin lanean. Jordina Belmonte aerobiologoak zuzentzen du, eta oso sare aktiboa da. Une honetan, esaterako, kaptadore bat daukagu jarrita Farmazia fakultatean. Polen motak aztertu ez ezik, bertan zer alergeno dauden argitzen saiatu nahi dugu haren bidez”.

Begiak gorritzea da alergiaren sintoma arruntenetako bat (Arg.: Parrchristy / CC BY 2.0)

Begiak gorritzea da alergiaren sintoma arruntenetako bat (Arg.: Parrchristy / CC BY 2.0)

Garatutako herrialdeetan, pertsonen % 25-30ek dute edo izan dezakete alergiaren bat, polenari edo beste eragileren bati. Zifra etengabe ari da gora egiten, gainera. “Duela urte batzuk ez genuen halako prebalentziarik, eta batzuek uste dute 30 urte barru % 50era iritsiko garela”, dio Martinez Quesadak. Ez dago igoera hori arrazoitzen duen faktore bat eta bakarra; baina badirudi kutsadurak, genetikak eta immunitate sistemari iraganean baino lan gutxiago emateak (gureak oso gizarte garbiak baitira) izan dezaketela zerikusirik horretan.

Horri guztiari aurre egiteko, egongo al da inoiz alergientzako sendabide perfekturik? Erantzunaren immunomodulazioa ahalbidetzea helburu duten ikerketak aipatu ditu Martinez Quesadak, baita lehendik ere muturreko kasuetan aplikatzen diren txertoak ere. Hala ere, gogorarazi du sintomak tratatzeko erabiltzen diren botika arruntek asko errazten dietela bizimodua alergikoei: “Alergiaren eraginez histamina askatzen da, eta horren ondorioz izaten da azkura sudurrean, edo asma, edo arnasteko zailtasuna… Botika asko daude gauza horiek murrizteko eta egunerokoan normal ibiltzeko. Txertoei dagokienez, hori da alergiaren aurkako tratamendu espezifiko bakarra gaur egun. Uste dut asko hobetzen ari dela, baina arazoa ez da bihar bertan konponduko. Immunomodulatzaileek, berriz, luze joko dutela iruditzen zait”.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek #KulturaZientifikoa 1. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkin

Eman iritzia

Mikel AlonsoMikel Alonso

“: Doministikuak ere loratzen dira udaberrian – t.co/M2sNnjNEBchttp://t.co/uZK40IpnN8” @Mikel_ITyS

#KZJaia: 6. Laburpena | #KZJaia | Zientzia Kaiera

[…] Mt (Z=109): ”Doministikuak ere loratzen dira udaberrian“. Amaia Portugal zientzia kazetariak alergien inguruko ekarpena egin zigun Zientzia […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>