Amaia Portugal
Peter J. Bowler zientziaren historialaria da, eta Erresuma Batuko XX. mendearen hasieran dibulgazioa nola egiten zen jorratzen duen lan baten egilea: Science for All: The Popularization of Science in Early Twentieth-Century Britain. Bertako azalpenetan oinarrituta, hitzaldi bat eman zuen apirilaren 8an Donostian, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak gonbidatuta. The Uses of Popular Science (zientzia herrikoiaren erabilerak) izenburupean, XX. mendeko lehen hamarkada horietan zientzia herritarrengana gerturarazteko egin ziren askotariko saiakerak xehatu zituen.
Garai hartako testuinguruak ez zuen dibulgazioaren potentzialtasunaz baikor izateko motiborik ematen. Bowlerrek azaldu bezala, Bigarren Mundu Gerraren aurretik Erresuma Batuan egindako inkestek erakusten dutenez, herritarrek oso interes txikia zuten zientzian. Unibertsitatera joateko aukerarik izan ez zuten eta ezagutzaz gose ziren langile talde batzuek besterik ez zuten jakinmina agertzen, baina gutxi ziren biztanleria guztiarekin alderatuta. Hala ere, zientzia herri xehearen esku jartzeko proiektu ugari zeuden martxan XX. mendeko lehen hamarkada horietan.
“Elite akademikoak”, esaterako, publiko orokorra jomugan zuten zenbait hedabide abiarazi zituen. Ez zuten herritarrak erakartzen asmatzen, ordea. Bowlerrek adierazi bezala, proiektuon sustatzaileek jendeari pulpitutik hitz egiteko joera zuten, eta gainera, ziurtzat jotzen zuten audientziak jakinmin itzela zuela, zientzian gertatzen ari zenaren berri izan nahi zuela. Baina herriak entretenimendua nahi zuen, eta halako proiektuek ez zuten horretarako borondaterik. Horren erakusle da 1920ko hamarkadan argitaratu zen Discovery aldizkaria: “Akademikoek idazten zuten dena. Artikuluak oso serioak ziren, interes handia izan behar zen horiek jarraitzeko. Irakurleak irakasten zitzaiona ikastea, hori zen asmoa”.
Bere kabuz ikasi nahi zutenentzat
Discovery eta tankerako aldizkariak irabazi asmorik gabeak ziren, baina bazeuden helburu komertziala zutenak ere. Bere kabuz gauza berriak ikasi eta hala heziketa maila hobetzeko prest zeuden irakurleei zeuden zuzenduta. The Home University Library aldizkaria, adibidez. “Sinestarazi nahi zuten hau irakurtzea Cambridgeko Unibertsitatera joatearen parekoa zela”, azaldu zuen Bowlerrek.
Multzo honetan kokatzen ziren hedabideen sustatzaileak ere zientzialariak ziren nagusiki, baina ez mundu akademikoari hain hertsiki lotuak, eta saiakera egiten zuten zientzia entretenimenduarekin apaintzeko. Conquest aldizkaria zen horren beste adibide bat, edo Harmsworth Popular Science izeneko argitalpena. Azken hori Lehen Mundu Gerraren aurretik plazaratu zen, eta aldizkari itxura zuen arren, ale bakoitza faszikulu bat zen, guztiak batuta entziklopedia moduko bat osatzeko.
Helburu komertziala zuten baina zientzia nahiko serioa jorratzen zuten argitalpenen artean, ekarpen handia egin zuen H. G. Wellsek, Munduen Gerra zientzia fikziozko liburu ospetsuaren egileak. Hain zuzen ere, idazle gisa zuen sona handia oso lagungarri izan zitzaion halakoekin ere irakurleak erakartzeko. Hala, 1919an faszikulutan idatzi zuen dibulgazio liburu batek, The Outline of History izenekoak, bi milioi ale baino gehiago saldu zituen munduan. Bowlerren arabera, “Wellsek dirutza egin zuen harekin”.
Arrakasta hark bultzatuta, hamar urte geroago, The Science of Life lan mardula egitea erabaki zuen. Julian Huxley bere biologia irakasle izandakoarekin batera idatzi zuen. Huxley Londresko King’s College unibertsitateko ikertzailea zen orduan, baina postua utzi zuen, Wellsek aurrerapen moduan dirutza eman eta gero. Bowlerrek hitzaldian azaldu zuenez, Huxley eta Wellsen arteko elkarlana gaizki ikusia zegoen komunitate akademikoan. Izan ere, garai hartan egokitzat jotzen zen unibertsitate irakasleek testu-liburu “serioak” idaztea, baina ez hainbeste egunkarietan edo ingurune herrikoiagoetan aritzea. Eta are gutxiago, horietan idazteagatik ikertzeari uztea.
Zientzia are herrikoiagoa
Dibulgazioaren beste muturrean, zientziaren aplikazioez ziharduten hedabide erabat herrikoiak zeuden. Oinarrizko zientzia baino gehiago, hari esker egin zitezkeen gailuak maite zituen publiko bat bazegoela ikusi zuten zenbaitek, eta haiengana zuzendu ziren. Bowlerrek adierazi bezala, 1920ko hamarkadan bazeuden irratiak, adibidez, baina horiek erosteko dirurik ez: “Garai hartan gauzak zuk zeuk egin behar zenituen”. Halakoetarako trikimailuak ematen zituzten dibulgazio argitalpenek arrakasta izan zuten, ondorioz.
Horren adibide zen 1929an argitaratzen hasi zen aldizkari arrakastatsu bat: Armchair Science. A. M. Low izan zen haren editoreetako bat. Asmatzailea zen bera, soinuaren kontrolean aditua, eta argitalpen mordoa idatzi zuen. Bowlerrek dioenez, garai hartako akademikoek gorroto zuten, eta itxuraz, berak ere ez zituen haiek asko maite: “Bere idatzietan, publikoki kritikatu zuen zientzia akademikoa. Bere ustez jende arruntak asmatzeko ahalmena izan behar zuen. ‘Zu zeu asmatzaile izan zaitezke’, hori zen bere mezua”.
Lowek etorkizunean zer gertatuko zen aurresateko izan zuen gaitasuna azpimarratu zuen Bowlerrek hitzaldian. Izan ere, sakelako telefonoak egin ahal izango zirela iradoki zuen, bai eta emakumeek, gizonek bezala, etxetik kanpo lan egingo zutela, etorkizunean etxeko lanak egiteko gailuak egongo zirela argudiatuta: “Begirunea zor diogu, teknologiaren garapenak gure gizarteari nola eragingo zion konturatu zelako”.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] hasieran herritarrengana zientzia hurbiltzeko dibulgazioa nola egiten hasi ziren kontatzen digu Kultura zientifikoa sustatzen lehenak […]