Kixote Pillinger

Colin Pillinger

Jo dezagun behin irrikatan egon zinela izarretara bidaiatzeko, edota gutxienez planetetara joateko. Jo dezagun bazenekiela zure bizitza tartearen barruan ez zinela iritsiko eta nahi izan zenuela gutxienez ez zuk baina bai zure herrialdeak amets hori betetzea. Jo dezagun, inguruko administratzaile eta hiritar sineskor eta zirikatzaile guztien aurka, azkenean eraiki zenuela Martitzera iristeko moduko espazio-ontzi bat. Jo dezagun zure misioak huts egin zuela eta zer esanik ez, zuri egotzi zitzaizula errua. Ezaguna ote duzu hau guztia? Hau izan da eta Collin Pillinger, Carl Sagan eta beste hainbat lagunek duela egun batzuk egin dutena: Barsoomeko ilargietara eta urrunago ere joan ziren.

Colin Pillinger Bristoletik (Erresuma Batua) hurbil jaio zen 1943ko maiatzaren 9an, Munduko Bigarren Guda betean. Bere aita lepo urdineko langile bat zen, eta bere ama, etxekoandrea. Bere hitzen arabera, oso zientzia-ikasle txarra izan zen, baina azkenean, Kimikako doktore gradua lortu zuen, eta Planeta Zientzietan ikertzen hasi zen. Esku hartu zuen Estatu Batuetako Apolo espazio-ontziak ilargitik ekarritako harrien ikerketan. Batzuen ustetan han egon ez ziren ontziek ekarritako harriak aztertu zituen, eta amets egin zuen: Beagle izenekoaren antzerako itsasontzi bat irudikatu zuen, Darwinek bezala baina oraingo honetan Martitzeko lautada gorrixketan zientzia egiten jarraitzeko. Hori dela eta, Beagle 2 izena jarri zion alegiazko ontzi horri.

Ez gobernu britainiarrak, ez eta Espazio Agentzia Europarrak ez zuen berarengandik ezer espero. Hasteko, Erresuma Batua ez zuen espazio agentzia propiorik, horrelako egitasmo bati babesa emateko. Ohi bezala, bi mende lehenago Darwini gertatu bezala, irribarrez ari ziren batzuk Pillingerrekin. Beste batzuek, baieztatu zuten horrelako ideia batek iruzur bat izan behar izan zuela. Horrela, esan izan zuten diru gehiago kenduko zitzaiela zergapeko zintzoei. Pillingerrek baina, aurrera egin zuen. Partzuergo bat eratu zuen, erakunde horren buruan Erresuma Batuko Unibertsitate Irekia jarri zuela. Izan ere, bera bertan zegoen irakasle, eta bertan diseinatu zuen ilargiratzeko modulu bat, Mars zunda europarraz baliatu eta espaziotik bidaiatzeko. Horixe izango zen bere Beagle 2, Erresuma Batuko lehen planeta arteko espazio-ontzia.

Beagle 2 ontziak, eskumuturreko erlojuaren itxura zeukan, eta Isisen azalean hartuko zuen lur, errobot-beso batez eta laginak hartzeko zulatzaile bat bere baitan eramango zituela. Geroago, automatikoki aztertuko zituen laginak, eta Lurrera bidaliko zuen harrien ezaugarri geologiko, mineralogiko eta geokimikoen berri. Era berean, bertako meteorologia eta klimatologiaren inguruko zehaztapenak hartuko zituen, eta bizi zantzuen bila jarriko zen. Bere buruan, zunda nahiko ona zen, onegia kontuan hartuta zeinen zaila izan zen dirua lortzea. Azkenean, laguntza ematera etorri zitzaizkion Blur rock taldekoak eta Damien Hirst bezalako artegileak. Hauen harreman publiko lana egin zuten diru pribatua lortzeko. 44 milioi libra bildu zituen, esparru publikotik eta pribatutik erdi bana. Diru horri esker gauzatu zuen bere ametsa.

Beagle 2 ontziak Baikonurreko Kosmodromotik airera egin zuen Mars Express delakoarekin batera 2003ko ekainaren 2an. Soyuz FG/Fregat espazio-ontzi errusiarraren barruan zihoan. Aireratzea ezin hobea izan zen, eta hala izan zen Martitzera sei hilabetean egindako bidaia ere. Abenduaren 9an, Beagle 2 ontziak Mars Express ontzi amarenetik kanpora egin zuen, eta aurreikusi bezala, jaisten hasi zen Isiseko lautadarantz.

Bere berri gehiagorik ez zaigu inoiz iritsi.

Ziurrenik, galdu egingo zen Martitzeko atmosferan sartzerakoan. Dirua lortzeko ekimenak direla eta, Beagle 2 espazio-ontzia oso ezaguna zen, eta hala izan zen era berean bere galera, berehala jendarteratu zena. Zirikatzaileen barre-algarak ozen entzun ziren, eta zerga asko ordaintzen omen dituztenen oihuak ere bai. Erraz irudika ditzakegu proiektua sustatu zuten diru-inbertsiogile pribatuak ere garrasika. Ohi bezala, denek leporatu nahi izan zioten porrota Pilinger irakasleari.

Hala ere, batzuek ondo ulertu zuten kontua. Jendartean, zientzialari bitxiaren itxura lortu zuen, kixote bat, baina atsegina, borrokalaria, asmo onekoa eta zientziaren ikuspegitik ondo bideratua. Pillingerrek berak, denbora osoan aldarrikatu zuen bere kudeaketa eta bere talde-lanaren ona. Misio berri bat proposatzera ere iritsi zen: Beagle 3. Ez zen ordea inoiz gauzatu misio hura. Bere bizitzaren azken urteetan, gizartearen nolabaiteko esker ona lortu zuen hizlari eta dibulgatzaile gisa.

Aspaldi zebilen osasunean makal, eta joan den maiatzaren 7an hil zen, burmuin-odoljario baten ondorioz. Bi egun beranduago beteko zituen 71 urte.

Zientziak aurrera doa arrakasta gutxi batzuei esker, baina baita porrot askori esker ere. Arrakasta handiak baizik ez ditugu gogoan, baina porrotak ere gertatu behar izan dira aurrera joate horretan. Izatez, ez dago zientzia-porrotik. Horretan datza hain zuzen ere zientziak duen ahalmen izugarria: etengabe ari da ikasten eta okerrak zuzentzen, giza historiaren garai bakoitzean ahalik eta gehien hurbiltzeko egiarantz. Horixe da zientzia-metodoa. Definizioz, dogmek ez dute inoiz horrelakorik erdietsiko.

Ez dugu behar barrez hain erraz hasten den ergelik. Ez dugu behar aldarte lehorreko hainbeste fanatikorik. Tankera honetako porrot gehiago behar ditugu. Tankera honetako porrota jasan duten zientzialari gehiago behar ditugu. Kixote Pillinger gehiago behar ditugu. Agur eta ohore, doktorea. Eskerrik asko zuri.

——————————————–

Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Beagle 2 ontzia galdutzat jotzen zen. 2003ko abendutik aurrera ez zen izan bere berri, Antonio Cantók artikuluan azaltzen duen bezala. Baina, 2015eko urtarrilaren 16an Beagle 2 ontziaren arrastoak aurkitu ditu NASAren zunda batek Marten.

.- Beagle 2 Marten aurkitua.

.- NASAk galdutako Beagle 2a aurkitu du Marten.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>