Hamabost urtez, astronauten aterpetxe

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2000. urteko azaroaren 2tik, Nazioarteko Espazio Agentziak apopiloak izan ditu uneoro. 45 espedizio, 220 bisitari baino gehiago, ia 1.800 ikerketa… Abiarazi zutenetik, Lurraren orbitan dabilen plataforma erraldoi honek zifra politak eman ditu.

Artikulu hau argitaratu den egunean irakurlea NASAren webgunean sartzen bada, hor jarrita dagoen kontagailuan ikusiko du Nazioarteko Espazio Estazioak (NEE) 6.200 egun daramatzala, zehazki, orbitan. Gizakiak, baina, egun gutxiago egin ditu han bizitzen. Izan ere, oraintxe hamabost urte bete dira NEEra lehenengo astronautak iritsi zirenetik. Ordutik hona, beti egon da norbait bertan, etenik gabe.

2000ko azaroaren 2an heldu zen lehen espedizioa NEEra, eta NASAko William Shepherdek eta Roscosmoseko (Errusiako Espazio Agentzia) Sergei Krikalevek eta Yuri Gidzenkok osatzen zuten taldea. Soyuz espazio-ontzi batek eraman zituen bertara, eta estazioa Kazahkstan gainetik igarotzen ari zen unean egin zuten bat harekin. NEEren Zevzda modulutik sartu ziren, eta hura izan zen gizakiek aparteko eraikin hau zapaldu zuten lehen aldia. Ordura arte, espazio-ontzien bitartez eta urrunetik kontrolatuta eraiki zituzten estazioaren oinarriak eta aurreneko moduluak. Lehen espedizio hark tokian bertan eman zien segida ordura arte bestela egindako lanei.

1. irudia: Nazioarteko Espazio Estazioak itxura hau zuen, lehen espedizioa iritsi zenean. (Argazkia: NASA)
1. irudia: Nazioarteko Espazio Estazioak itxura hau zuen, lehen espedizioa iritsi zenean.
(Argazkia: NASA)

Hala, NEEk hazten eta ikertzen jarraitu du hamabost urteotan, eta gizakiak egindako ingeniaritza lanik garrantzitsuenetakoa da, garrantzitsuena ez bada. Gaur egun, futbol amerikarreko zelai baten antzeko tamaina du: 72,8 metro luze da; 108,5 metro zabal; eta hogei bat metroko garaiera dauka. Sei logelako etxe batean baino toki gehiago dago hor. Bertan lanean dabiltzanak ahalik eta ondoen bizitzeko moduan dago eraikia, baina noski, bizi baldintzak ez dira etxebizitza arruntetakoen modukoak: Lurretik 400 kilometrora dagoen eta planetaren bueltan 27.000 kilometro orduko abiaduran dabilen plataforma bati buruz ari gara.

Duela hamabost urte hiru astronauta horiek bidea urratzen hasi zirenetik, 17 herrialdetako 220 lagun baino gehiago egon dira Nazioarteko Espazio Estazioan. 1.760 ikerketa lan egin dituzte bertan guztira, eta 1.200 artikulu zientifikok osatzen dute emandako uzta. Gainera, bertan bizi izan diren astronautek 180 ibilaldi baino gehiago egin dituzte NEEtik aterata; mantentze lanak egiteko eta esperimentuak abiarazi eta jasotzeko, besteak beste.

Baina zer egiten da, zehazki, Nazioarteko Espazio Estazioan? Biologia, bioteknologia, astrofisika, fisika… ikerketaren askotariko alorrak aztertzeko aukera ematen du Lurraren orbitan dabilen laborategi erraldoi honek.

2. irudia: Hamabost urteotan asko hazi da estazioa, eta ia 73 metroko luzera eta 109 metroko zabalera du orain. (Argazkia: NASA)
2. irudia: Hamabost urteotan asko hazi da estazioa, eta ia 73 metroko luzera eta 109 metroko zabalera du orain. (Argazkia: NASA)

Une honetan estazioan lanean ari diren ingeniariak dira horren erakusle. NASAko Scott Kelly da 45. espedizio honen burua, eta AEBtako, Ukrainako, Errusiako, Taiwango, Turkmenistango eta Japoniako astronauta banak osatzen du sei laguneko lan-taldea. Bada, bertan egiten ari diren esperimentuak baliagarriak izan daitezke, esaterako, materia ilunaren eta izpi kosmikoen alorreko ikerketetan aurrera pausoak egiteko, edo espaziora bidaiatzeak gizakien genetikan duen inpaktuaz informazio gehiago biltzeko.

NASAk 2030eko hamarkadarako aurreikusi ditu Marterako lehen bidaiak, eta misio hori prestatzeko, garrantzitsuak dira NEEri esker bildu daitezkeen datu horiek guztiak. Charles Bolden NASAko administratzaileak adierazi bezala, “estazioan egindako lana funtsezko osagaia da NASAk Martera egingo duen bidaiarako”.

Horrenbestez, Nazioarteko Espazio Estazioak 45 espedizio eta beste hamarnaka zifra interesgarri pilatu ditu jada, eta badirudi halaxe jarraituko duela beste pixka batean ere. Izan ere, lehenengo aurreikuspenen arabera NEEren zereginak 2020rako bukatzekoak ziren arren, plataformaren parte diren herrialdeek (Errusia, AEB eta Europako Espazio Agentziako kideak) haren funtzionamendua luzatzea erabaki dute. Okerrik ezean, gutxienez 2024ra arte egongo da martxan.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.