Etxerako moduko robotak

#KZJaia · Dibulgazioa · Kolaborazioak

Xabier Díaz Silvestre

Nire irakasle batek orain dela 30 urte, robotek bizimodua erraztuko zigutela esaten zigun. Lan fisiko, errepikakor eta monotonoak euren “esku” geldituko zirela eta guretzako, pentsatzea, gauzak asmatu, diseinatu eta kudeatzea eta horrelakoak geldituko zirela. Bere ustez, lan orduak murriztu eta hobeto biziko ginen, bai lanean, bai lanetik at, aisialdirako denbora gehiago edukiko baikenuen.

Ez. Ez zuen asmatu. Egia da robotak gero eta abilagoak direla aipatutako lanetan baina, ezin dugu esan gure lan orduak roboten lanari esker murriztu direnik.

Dena den, bagabiltza gure bizimodua robotak erabiliz hobetzeko ikerketa eta garapenetan, eta hau dugu horietako bat.

Lea eta Robin

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=9pTPrA9nH6E[/youtube]

Lea amona eta Robin Jauna izeneko robota

EAEko biztanleriaren %20,2a 65 urte edo gehiago ditu. Gainera familiaren egitura eta ohituren aldaketa dela eta, geroz eta gehiago dira adinak aurrera egin ahala euren autonomia mantendu nahi duten Lea moduko pertsonak, eta hauei laguntzera dator Robin Jauna.

Robotaz gain, etxea ere sentsoreez josita dago. Sistemak Learen jarduera eta osasun egoera jaso eta honen araberako estatistikak eta, behar izan ezkero, alarmak bidaltzen ditu. Era honetan benetako helburua lortzen da, zeren benetako helburua ez baita robot bat etxean edukitzea, Lea bere autonomian lagunduta eta seguru sentiaraztea baizik.

Sentsoreak, kokapena, … Elkarrekintza!

Tecnaliak parte hartu zuen Dustbot egitasmoaren helburua, sentsore eta roboten sare bat diseinatzea izan zen. Sare honek hiri higienearen kudeaketa erraztuko zuen eta, bide batez, robot-gizaki komunikazio, informazio eta elkarrekintza sistemak garatuko ziren. Azpiegituraren garapena oso garrantzitsua izan bazen ere, azkeneko puntu hau azpimarratuko nuke.

Azpiegituraren konplexutasuna handia izanik ere, diseinu eta garapen arazo bat “besterik” ez da. Bestea mamitsuagoa da: Zelan bideratu behar dugu gizaki eta robot baten arteko komunikazioa arrakastatsua izan dadin? Zelako interfazeak behar dira? Robotaren itxura fisikoa inportantea da? Ze mota eta erakoa erabili behar den hizkuntza?

[youtube]http://youtu.be/NDTG7yBGN3M[/youtube]

Argi dago zein den gizaki-robota elkarrekintzarako pentsatuta dagoena, ezta?

Kismet

Learen bideoan garbi ikusten denez, Robin Jaunarekin elkarrekintzan aritzea ez da berarentzat arazo bat. Ohituta dago ordenagailuekin aritzera, bideo-konferentziak egitera, … Baina, horrelakoa al da era honetako robot laguntzaileen bezero potentzial arrunta? Robot batekin elkarrekintza egiteko nahikoa izango du ukimen-pantaila? Edo nahiago izango du robot-humanoide bat? Agian aurpegi bat nahikoa izango du? Edo benetan segurtasun eta konfiantza hori lortzeko berba eta keinuak egiten dituen bat?

Galdera hauei erantzuna topatzeko asmoz, ikertzaileak robot emozionaletan pentsatzen hasi ziren.

Gizakien arteko komunikazioaz ari garenean, mintzamena eta hizkuntza dira protagonista nagusiak. Baina horrez gain keinuak, buru zein eskuen mugimendua, begirada, … oso garrantzitsuak dira komunikazio benetan eraginkorra izan dadin. Hori dela eta MITeko Sociable Machines Project taldekoak, emozioak adierazteko gai zen robot burua garatu zuten, Kismet robota hain zuzen ere.

Umeen garapen soziala, psikologia, etologia eta eboluzioa oinarritzat hartuta, egitasmo honek robot-gizaki elkarrekintza natural eta intuitiboa bilatzen du. Horretarako, Kismetek soinu eta ikusmen sentsoreak erabiltzen ditu komunikazioaren izaera antzemateko, eta egokia den erantzun bat emateko gai da begirada, eta aurpegi zein gorputz keinuekin lagunduta.

Kixmi, BTEKen daukagun Kismet robotaren lehengusua
Kixmi, BTEKen daukagun Kismet robotaren lehengusua

Leari mesede egiten dio Robinek, autonomia eta segurtasuna ematen baitio, eta solasaldirako Robinen edo ordenagailuaren bideokonferentzia eta beste aplikazio batzuk erabiltzen ditu.

Badira hizkuntza irakasleen lana egiten duten robotak edo erizainen lana egiten dutenak ere (kasu hau hain arrakastatsua izan ez den arren). Baina, agian komiki, liburu eta pelikulen “kutsaduragatik”, nik neuk denetan zeozer faltan botatzen dut…

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=_JjJzMBGUwo[/youtube]

“I’ve… seen things you people wouldn’t believe… Attack ships on fire off the shoulder of Orion. I watched c-beams glitter in the dark near the Tannhäuser Gate. All those… moments… will be lost in time, like tears… in… rain. Time… to die…”

Roy Batty

Iturriak

Lea amona eta Robin Jauna izeneko robota, bideoa

EAEko biztanleen udal estatistika 2013

Dustbost FP6

Dustbost egitasmoa

Dustclean eta Dustcart robotak, bideoa

Wikipedia: hitzik gabeko komunikazioa

Non verbal communication

Sociable Machines Project

Kixmi, BTEK

Ingeleseko irakasle robotak

No, robot: Japan’s elderly fail to welcome their robot overlords

Blade Runner, Tears in the rain

Tears in the rain soliloquy


Egileaz: Xabier Díaz Silvestre, Teknologiaren Interpretazio Zentroko, btek-eko zuzendaria da; www.btek.org @BTEK_bt

btekhorizontalabeltzaberdes680x297


KZJaia2Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.