Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Egungo gizateriak dituen arazoen zerrenda egitea lan amaigabea da: politika eta ekonomia arazoak, gerra, gosea, kutsadura, hezkuntza gabezia, indarkeria, eta abar luze bat. Gizateriaren egoera benetan larria da eta, nekez esan daiteke hobera egingo dugunik. Nola liteke espezie batek bere burua suntsitzen duten ekintzak aurrera eramatea? Azal al daiteke hori zentzuzko argudioren batekin? Zalantzarik gabe, bai.

Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat

Aipatutako arazoen iturrira jotzen badugu, kasu gehienetan giza-portaera komuna ikusi ahal izango dugu: ergelkeria. Ergelkeria nonahi hedatuta dago eta izurria baino azkarrago zabaltzen da gizartearen maila guztietan. Ergelak gizartearen gainbeheraren indar eragile garrantzitsuena izan ohi dira, eta lobby suntsitzaile horrek, tximeleta-efektuari esker, kalte izugarriak eragiten ditu.

Kontu horren harira, Carlo Maria Cipolla -italieraz ahoskatu, mesedez: /chipol∙la/- ekonomia-historialariak 1988an argitaratu zuen lan bikaina ekarriko dut plazara: ergelkeriaren oinarrizko legeak. Allegro ma non troppo liburuan le leggi fondamentali della stupidità umana kapituluan jorratu zuen gaia Cipolla jaunak eta, era ezin hobean 5 lege proposatu zituen ergelkeriaren teoria azaltzeko. Jarraian lege horiek azalduko dizkizut, ene irakurle, eta bere analisiari zenbat deskribapen estatistiko gehituko dizkiot gaia argitze aldera.

Ergelkeriaren 1. Legea: “Munduan dagoen ergel kopurua beti gutxietsi egiten dugu, eta hori saihestezina da”.

Lehen legeak garrantzirik gabekoa badirudi ere, oinarri-oinarrizkoa da ergelkeria ulertzeko. Esperimentalki edonork froga ditzakeen bi premisa hauetan oinarritzen da: 1) adimentsutzat hartzen ditugun pertsonak, bat-batean, portaera ergelak izaten hasteko duten gaitasuna eta 2) edonon eta edonoiz ergelek espontaneoki agertzeko duten gaitasuna. Ikuspuntu matematikotik, Ψb gizartean dagoen pertsona ergelen benetako frakzioa bada eta Ψz ikerketa baten ondoren zenbatetsitako ergel-frakzioa bada, beti beteko da Ψb > Ψz izatea.

Lege horren hiru korolario proposatu zituen beranduago G. Livraghi idazleak, eta horien frogapena ere bat-batekoa da ikuspuntu esperimentaletik.

1. Korolarioa: “Guztiok dugu ergelkeriaren faktorea eta uste duguna baino handiagoa da”.

2. Korolarioa: “Portaera ergelak konbinatzen direnean, eragina geometrikoki handitzen da, hau da, efektua biderkatu egiten da batu beharrean”.

3. Korolarioa: “Portaera adimentsuen konbinaketak efektu txikiagoa du portaera ergelen konbinaketak baino”.

Korolario horiekin erabateko adostasuna adierazi behar dut, izan ere, erraza da frogatzea ergel talde baten ahalmen suntsitzailea ergel horiek era isolatuan dutena baino askoz ere handiagoa dela, baina, ez dela gauza bera gertatzen pertsona azkarren kasuan.

Ergelkeriaren 2. Legea: “Ergela izateko probabilitatea pertsona horren beste edozein ezaugarrirekiko independentea da”.

Oso zabaldua dago, zoritxarrez, ergelak gizartearen maila baxuetan metatzen direla pentsatzeko uste okerra. Huts barkaezina. Pertsona jakin baten ergeltasuna ezin da bere beste edozein ezaugarrirekin korrelazionatu. Hortaz, hezkuntza maila altua duten pertsonen lagina aztertu ezkero ergelen frakzio, Ψ, esanguratsua lortuko genuke, espero litekeena baino askoz ere handiagoa -bide batez, 1. legea betetzen delako-. Hori frogatzeko, Cipollak unibertsitate bateko bedelak, langileak, ikasleak eta irakasleak aztertu zituen eta ondorio latzetara iritsi: talde guztietan, unibertsitateko katedradun, lehen mailako ikasle, idazkari edo atezain izan arren, Ψ ergel-frakzioa agertu zen.

Ergelkeriaren analisi estatistikoa: zenbait kontzeptu

Pertsona edo ekintza jakin bat ergela den edo ez erabakitzeko, Cipollak eta Livraghik jarraian azaltzen den ereduaren alde egin zuten (1. Irudia). Eredu horren arabera, X ardatzean aztertzen ari garen pertsonaren edo ekintzaren irabazia/galera adierazi behar da eta Y ardatzean ekintza edo pertsona horren ondorioz gizarteak jasaten duen irabazia/galera -kontuak errazte aldera, –100/+100 eskala arbitrarioa erabiliko dut, baina ohar zaitez, irakurle, praktikan ergelkeriaren ondorioak infinituak izan daitezke-.

1. irudia: Ergelkeria identifikatzeko erabili beharreko grafikoa.
1. Irudia: Ergelkeria identifikatzeko erabili beharreko grafikoa.

Proposatutako ereduan, lau ekintza mota daude (2. Irudia). 1. Koadrantean kokatutako ekintzek pertsonarentzat zein gizartearentzat onuragarriak dira, bi efektuak positiboak direlako -adimentsuen koadrantea, A-. 2. Koadranteko ekintzak, akzioa egin duenarentzat kaltegarriak dira baina gizarteak, edo beste norbaitek, irabazia lortu du -inuzenteen koadrantea, I-. 4. Koadranteak kokatutakoak, pertsona maltzurrak dira, M, izan ere, irabazia lortzeko gizarteari kalte egiten diote. Arriskutsuena azkenerako, alegia, 3. koadrantea: euren burua kaltetuz besteei kalte egiten diotenak -ergelen paradigma, E, zalantzarik gabe-.

2. Irudia azaltzearren, demagun lapur batek 30 unitateko irabazia lortzeko denda bateko atea puskatu behar izan duela, dendariari 20 unitateko galera sorraraziz (30, –20). Ekintza hori M motakoa da, maltzurra, zalantzarik gabe. Aldiz, demagun norbaiti 50 euro eskatu dizkiodala eta, kudeaketa on baten ondorioz 75 euro lortu ditudala. Dirurik itzultzen ez badiot, bere portaera 2. koadrantean kokatzen da, hau da, inuzentea izan da. Analisi horrek ergelkeriaren urrezko legea definitzea ahalbidetzen du.

2. Irudia. Adibide gisa, lau ekintzen kokapena adierazi da grafikoan. (90,40) ekintza adimentsua da, (–50,75) ekintza inuzentea da, (30, –20) ekintza maltzurra da eta (–60, –40) ekintza ergela da.
2. Irudia: Adibide gisa, lau ekintzen kokapena adierazi da grafikoan. (90,40) ekintza adimentsua da, (–50,75) ekintza inuzentea da, (30, –20) ekintza maltzurra da eta (–60, –40) ekintza ergela da.

Ergelkeriaren 3. Legea (Urrezko legea): “Ergelak beren burua kaltetuz gizarteari edo beste pertsona talde bati galerak sortzeko gai diren pertsonak dira”.

Ergelkeria portaera irrazionala izanik, pertsona adimentsuei ziria sartzea nahiko ohikoa da, izan ere, pentsamendu arrazionalarentzat ulertezina da ergelkeriaren mekanismoa. Bestalde, irakurle, ohar zaitez grafikoa bitan ebakitzen duen diagonala defini daitekeela: POM lerroa deritzona (3. Irudia). Diagonal horren eskuinera dauden akzioek, era batera edo bestera, onura globala dakarte. Adibidez, lapur batek 1.000 euro lapurtzeko 200 euroko kaltea egiten badu, maltzur-adimentsua da (Ma), baina, 1.000 euro lapurtzeko 10.000 euroko kaltea egiten badu, maltzur-ergela da (Me). Beraz, adimentsuek (A), inuzente-adimentsuek (Ia) eta maltzur-adimentsuek (Ma) onura globala bultzatzen dute. Aldiz, ergelek (E), inuzente-ergelek (Ie) eta maltzur-ergelek (Me) gizartearen kaltea areagotzen dute. Beraz, irakurle, horrek ergelen azpitalde bat definitzea ere ahalbidetzen duela, alegia, besteei egindako kaltea baino kalte handiagoa jasaten dutenak -horiek ergel gorenak dira, edo ergel-ergelak-.

3. Irudia. POM lerroaren irudikapena. A: adimentsuak, I: inuzenteak, E: ergelak, M: maltzurrak. Azpitaldeak: Ia: inuzente-adimentsuak, Ie: inuzente-ergelak, Ma: maltzur-adimentsuak, Me: maltzur-ergelak.
3. Irudia: POM lerroaren irudikapena. A: adimentsuak, I: inuzenteak, E: ergelak, M: maltzurrak. Azpitaldeak: Ia: inuzente-adimentsuak, Ie: inuzente-ergelak, Ma: maltzur-adimentsuak, Me: maltzur-ergelak.

Bestalde, bada ergelak oso arriskutsuak egiten dituen efektu garrantzitsua. Ergelen erasoak guztiz irrazionalak izan ohi direnez, ezinezkoa da horien aurkako babes-mekanismo arrazionalik prestatzea. Gainera, zenbaitetan adimentsuek, maltzurrek eta inuzenteek ergelen lankidetza behar izaten dute beren ekintzak aurrera eramateko. Hainbat ondorio larri dakartza horrek, baina guztiak hondamendian amaitzen dira.

Ergelkeriaren 4. Legea: “Ez-ergelek ergelen indar kaltegarria gutxiesten dute. Ez-ergelei sarritan ahaztu egiten zaie edonon eta edonoiz, egoera edozein izanik ere, ergelekin elkartzea akats larria dela”.

Lege hori kontuan ez hartzeak gizateriaren historiako hondamendirik handienak ekarri ditu eta gizarte askoren gainbeheraren arrazoia izan da. Horregatik, 5. legea psikologian aski ezaguna den Dunning-Kruger efektuan ikus daiteke. Teorikoki, ezagutzak eta adimenak erlazio lineala izan behar dute -zenbat eta gehiago jakin, orduan eta portaera adimentsuagoa izen beharko genuke-, baina, Dunning-Kruger efektuaren kausaz, ergelek adimentsuek baino jakintza gehiago dutela uste dute (4. Irudia). Horrek, aldi berean, 5. legea baieztatzen du.

Ergelkeriaren balizko azalpen zientifikoa 4 irudia
4. Irudia: Dunning-Kruger efektua dela-eta, esperientzia/ezagutza minimoa duten pertsonek beren buruarekiko konfiantza maximoa izaten dute. Irudia: artandtechnology.com.au

Ergelkeriaren 5. Legea: “Ergelak pertsonarik arriskutsuenak dira”.

Ergelen efektu suntsitzaileak ergelkeriaren 5. legea baieztatzen du, gainera, gogoratu ergelek beti gizartearen ongizatea murrizten dutela. Azkenik, Cipolla jaunak 5. legearen korolarioa proposatu zuen:

5. Legearen korolarioa: “Ergelak maltzurrak baino arriskutsuagoak dira”.

Ergelkeriaren analisiari amaiera emateko, 6. legea proposatu behar dut Cipollaren lana eguneratzeko asmoz. Kontuan hartzen badugu POM diagonalaren ezkerrera dagoen populazioak gizartea txirotzen duela, eta diagonalaren eskuinera dagoenak gizartea aberasten duela (3. Irudia), ez legoke arazorik populazioaren erdia diagonalaren alde banatan balego. Gizarte idealean, pertsonak lau koadranteetan uniformeki banaturik leudeke (5. Irudia), baina, efektu suntsitzaile bat gehitzea falta izan zitzaion Cipollaren analisiari.

5. Irudia. Populazioaren banaketa ideala.
5. Irudia: Populazioaren banaketa ideala.

Gogoratu, irakurle, 1. legearen azalpenean adierazi dudala adimentsutzat hartzen ditugun pertsonak, bat-batean, portaera ergelak izaten hasteko duten gaitasuna. Jakina, hori ez da inoiz alderantziz gertatzen. Ondorioz, historian aurrera joan ahala, populazioaren frakzio adimentsua ergeltzen doa pixkanaka-pixkanaka (6. Irudia). Prozesu horren abiadurak finkatzen du gizarte antolatuen gainbehera eta, gogoratu, ez direla gutxi mapatik desagertu diren inperioak eta herrialdeak.

6. Irudia: Ergeltze-prozesuaren fluxuak.
6. Irudia: Ergeltze-prozesuaren fluxuak.

Populazio-transferentzien edo ergeltze-prozesuen ondorioz, populazioaren benetako banaketa eliptikoa izan ohi da, non ergel-frakzioa beste hiru koadranteetan kokatutako populazioa baino askoz handiagoa den (7. Irudia).

7. Irudia: Populazioaren banaketa erreala. Koadrante ergela populatuena izaten da.
7. Irudia: Populazioaren banaketa erreala. Koadrante ergela populatuena izaten da.

Gizartearen eliptizazioaren analisiak lege berri bat proposatzera narama, termodinamikaren bigarren legean inspiratzen dena.

Ergelkeriaren 6. Legea: “Gizarte isolatu baten ergelkeria beti handiagotu egiten da balio maximo bat lortu arte”.

Amaitzeko, bada, ene irakurle, gogora itzazu ergelkeriaren 6. legeak hemendik aurrera izan ere, eta Edmund Burke-ren esaldi ezaguna parafraseatuz, honatx ergelkeriaren analisi sistematikotik azpimarra dezakedan azken ondorioa:

The only thing necessary for the triumph of stupidity is for non-stupid people to do nothing”.

Bibliografia

C.M. Cipolla: Allegro ma non troppo, Il Mulino, 1988.

G. Livraghi: Il potere della stupidità, Monti & Ambrosini Editori, 2004.

J. Kruger, D. Dunning: Unskilled and unaware of it: how difficulties in recognizing one’s own incompetence lead to inflated self-assessments, Journal of Personality and Social Psychology, 77, 1121-1134, 1999.


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea da eta EHUko Kimika Aplikatua saileko ikertzailea da.

3 iruzkinak

  • Albert Einstein “Bi gauza infinito bakarrik ezagutzen ditut, unibertxoa eta gizadiaren ergelkeria eta lenengoaz ez nago seguru..”
    Nere ustez bere ergelkeria onartzen duen norberak badu ergela dela jakiteko behar den jakinduria.
    Bere ergelkeria onartzen ez duenak, ordea bi aukera ditu;
    A) 100% jakintsua da eta ez du berez ergelkeriarik;
    B) 100% ergela da eta ez du bere ergelkeriaz jabetzeko behar adiña jakinduriarik.
    Nik zalantzaren aurrean B) aukera dela egokiena emango nuke.

  • Interesgarria diozuna, Iñaki. Edozein kasutan, Cipollaren arabera inor ez da izatez ergela edo jakintsua: momentuak ditugu bi posizioetan.

    Hala ere, nik ere “B” aukeraren alde egingo nuke normalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude